Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Regions4Climate europar proiektua abiatzeko bileran parte hartu du, Finlandian, otsailaren 6tik 8ra bitartean, eta bertan Euskadik gidatuko duen proiektu pilotua aurkeztu du, alegia, naturan oinarritutako esku-hartzeak, kostaldea egokitzera zuzenduak.
Euskadi puntako eskualdea da, Europa mailan, klima-aldaketa arintzearen eta berari egokitzearen alorrean. Horixe berresten dute ekimen garrantzitsu batzuek, hala nola LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak edo euskal kostaldeak klima-aldaketaren aurrean dituen kalteberatasun eta arriskua aztertzen dituen Kostegoki ekimenak, beste batzuen artean. Horiek guztiek frogatzen dute Eusko Jaurlaritzak Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bidez egindako lanaren izaera berritzaile eta aurrendaria. Orain, Euskadik alor horretan jokatzen duen rol garrantzitsua berriz ere materializatzen da, Regions4Climate europar proiektuan parte hartzearen bidez.
‘Komunitate erresilienteak sortuz’ lemapean, proiektu berri honen azken helburua da klima-erresilientzia hobetzea, 12 eskualderen parte-hartzearekin; izan ere, eskualde horietan proiektu pilotuak inplementatuko dira euren egokitzapen eraldatzaileko plan eta bide propioak garatzeko eta demostratzeko. Esparru horretan, datozen bost urteetan, Euskadik bere esperientziak konpartitu ahal izango ditu eta aukeratutako gainerako eskualdeek gauzatutako ekintzetatik ikasi.
Finlandian egindako abiatze-bileran Euskadik izan duen parte-hartzeak berriz ere nabarmendu du egokitzapenaren arloan egiten duen lana: parte hartzen duten 12 eskualdetako bakoitzak klima-inpaktuekiko kalteberatasuna eta berari lotutako arriskuak nola aztertzen dituen jorratzera zuzendutako ‘workshop’ batean, garbi geratu da euskal eskualdea dela hori modu osatuagoan egiten duena, klima-plangintza eta –egokitzapenerako kontuan hartzen diren mehatxuei dagokienez.
Regions4Climate ahaleginduko da erresilientzia-irtenbideak garatzen eta balioztatzen, teknologia berritzaileak, haien integrazioa eta aplikazioa barne sartuta, enpresa-eredu berriekin eta politika berritzaileekin uztartuta. Zehazki, euskal proiektu pilotua Txingudiko badian gauzatuko da, eta beraren ardatza naturan oinarritutako esku-hartzeak izango dira, kostaldearen egokitzapenerako. Horiek ahalbidetuko dute itsas mailaren igoerak eremu horretan izango duen inpaktua murriztea, eremua lehengoratzearen eta karbonoa xurgatzeko duen ahalmena handitzearen bidez.
Klima-erronken araberako parte-hartze kontinentala
Euskadi, klima-erresilientzia hobetzera zuzendutako berrikuntzan aurreratutako eskualdea den aldetik, euren egokitzapen eraldatzaileko plan eta bideak garatzeko eta probatzeko aukeratu diren 12 eskualdeetako bat da
Regions4Climaten parte hartuko duten 12 eskualde pilotuak honako hauek dira: Euskadi, Hegoaldeko Akitania (Frantzia), Toskana (Italia) Køgeko Badia (Danimarka), Burgas (Bulgaria), Helsinki-Uusimaa (Finlandia), Pärnumaa (Estonia), Ekialdeko Kreta (Grezia), Gaztela eta Leon (Espainia), Uhartedi Nordikoa (Finlandia, Äland eta Suedia) eta Troodos (Zipreko Errepublika). Horiek guztiek hiru klusterretan banatuta lan egingo dute, aurrez aurre duten klima-erronkaren eta euren egokitzapen mailaren arabera. Euskadi bere klusterraren ‘front runner’ eskualdea izango da. Kostaldeko arriskuetan zentratuta, beraren izena ‘Faster adaptation’ da, eta bertan Hegoaldeko Akitaniak, Toskanak eta Azoreek ere parte hartzen dute.
Euskadik Regions4Climate proiektuaren partzuergoan duen parte-hartzearen buruak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta beraren sozietate publiko Ihobe dira, AZTI, Tecnalia Research and Innovation eta Zabala Innovation Consulting zentro teknologikoekin batera. Horiek guztiek laguntza eskainiko diete Europako beste eskualde batzuei, euren esperientzia zabaletik, klima-arriskuen konplexutasuna hobetu ulertu ditzaten eta erreferentziazko beste eskualde batzuetatik ikasitako lezioak aplikatu ditzaten.
Regions4Climateri buruz
Finlandiako VTT Ikerketa Teknikoko Zentroak koordinatuta, Regions4Climate proiektuak Europako 13 herrialdetako 44 bazkide biltzen ditu, gizarteak klima-aldaketaren ondorioen aurrean duen erresilientzia hobetzen duten berrikuntzak demostratzeko, Parisko Akordioarekin eta Europako Itun Berdearekin bat etorriz. Pertsonek eta pertsonentzat sortutako sektore arteko estrategietan oinarrituta, proiektuko bazkideak lankidetzan arituko dira irtenbide berritzaileak garatu eta aplikatzeko, bai sozial, teknologiko eta digitalak eta bai enpresaren, gobernantzaren eta ingurumenaren arlokoak, egokitzapen-ahalmena indartzeko eta klima-inpaktuekiko kaltebertasuna minimizatzeko.
Bost urteko iraupenarekin, proiektua 2023ko urtarrilean hasiko da eta 24.522.103 euroko diru-laguntza jaso du Europako Batzordearen aldetik, Europa Horizontea izeneko ikerketa- eta berrikuntza-programaren baitan. Programa horrek ‘Klima-erresilientziara zuzendutako eskala handiko demostratzaileak, mugaz gaindiko balioa sortzeko’ deritzan gaiari heltzen dio, 101093873 HORIZON-MISS-201-CLIMA-02-04 Erabakiari jarraituz.