Lehendakariordeak enpresa-kultura berri bat defendatzen du, “gizarte-ekonomiaren balioez jabetuko dena”

0

Mendiak Donostia gizarte-ekonomiaren Espainiako hiriburu gisa aurkezteko ekitaldian parte hartu du gaur

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak gaur defendatu du “gizarte-ekonomiaren balioetan murgilduko den enpresa-kultura berri baterantz joatea”, eta ziurtatu du aurrerapenerako, produktibitaterako, enpresa-ondasunerako eta guztien onerako “hobeto banatu behar dira ahaleginak eta onurak.”.

Gaur, Donostian, hiriaren aurkezpenean parte hartu du Mendiak, gizarte-ekonomiaren Espainiako hiriburu gisa, Espainiaren Europar Batasuneko lehendakaritzarekin batera izango dena. Ekitaldi horretan, hiriko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Espainiako Gobernuaren eta gizarte-ekonomiaren familien ordezkariek parte hartu dute.

Bere hitzaldian, bere gobernuaren konpromisoa aipatu du Lehendakariordeak, gizarte-ekonomiaren forma guztietan, eta gogorarazi die “historiaren babes handiena” ematen ari dela. Ildo horretan, adierazi du “paradigma-aldaketa” gertatzen ari dela, eta horren ondorioz “lan-harremanetan egitura piramidalak eta zurrunak eta paradigma tradizionalak jada ez direla enpresen oparotasunaren berme, ezta beren lanaren bitartez aurrera ateratzen dituztenen eskubideen berme ere”.

Haren ustez, “elkartasuna, lankidetza, lurraldean errotzea mundura irekitzeari uko egin gabe eta langileek enpresen kudeaketan parte hartzea jarduera ekonomiko orotan txertatu beharreko balioak dira. Aukera bideragarria eta eraginkorra da datozen urteetan kontuan hartzeko, eta gizarte-ekonomiak abantaila du horretan”.

Horregatik, Lan eta Enplegu Sailak joan den astean Bilbon enpleguari buruz antolatu zuen goi-bileran parte hartu zutenek adierazi zuten bezala, “ekonomia sozialaren balioez blaituko den enpresa-kultura berri baterantz jo behar dugu. Teknologian inbertitzeaz gain, giza kapitalean eta bere ingurunean inbertituko duena, justizia sozialean sakontzeaz gain, bere lehiakortasunaren faktorea izango baita”. Lehendakariordearen ustez, aurrerapenak, produktibitateak, enpresa-ondasunak eta guztien ongia lortzeko, ahaleginak eta onurak hobeto banatu behar dira.

Era berean, Mendiak nabarmendu du hiriburutza-proiektu honetan erakundeek bat egiten dutela gizarte-ekonomiaren familien beraien eskutik.