Emakumeak gora! leloarekin erabaki eta lidergo postuetan emakume gehiago egotea aldarrikatzen du Martxoak 8ko kanpainak

0
PRUEBA
  • Berdintasun Sailak, Emakunderen eskutik, hiru foru aldundiek, EUDELek eta EAEko hiru hiriburuek bultzatu dute kanpaina
  • Gogorarazten digu gerentzien %6a bakarrik emakumeek betetzea ez dela prestakuntza faltagatik, rol sexistak mantentzen direlako baizik

 

Emakumeak gora! da Emakumeen Nazioarteko Egunaren aurtengo kanpainaren leloa. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatu du, Emakunderen eskutik; hiru foru-aldundien, EUDELen eta EAEko hiru hiriburuetako udalen elkarlanaren bitartez. Lelo horrek aldarrikatzen du gizarteak emakume gehiago behar dituela erabaki- eta lidergo-postuetan, eta, horretarako, emakumeek beren ahalmen guztia berdintasunean garatu ahal izateko baldintzak sortu behar direla.

Kanpainaren aurkezpenean izan dira Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Gasteizko alkate eta EUDELeko elkarteburua, Nerea Isasi, Ainhoa Campo eta Patricia Campelo, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Berdintasun zuzendariak, hurrenez hurren; eta Nekane Alonso eta Ane Oyarbide, Bilboko eta Donostiako Berdintasun zinegotziak.

Nerea Melgosaren hitzetan, “Gizarte honek emakume gehiago behar ditu erabaki eta eragin postuetan eta kanpaina honetan erakusten dugu zein diren emakumeei lidergo-postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak”. Hala, kanpainak mito faltsuak eraisten ditu, hala nola emakumeak ez daudela hain prestatuta postu horiek betetzeko. Izan ere, Euskadin goi-mailako ikasketak dituzten pertsona guztietatik, emakumeak ia %60a dira.

Kanpainaren protagonistak hainbat emakume dira, Berdintasun ezari buruzko zenbait datu gogorarazten dizkigutenak eta horiek eragiten dituzten arrazoietako batzuk erakusten dituztenak, hala nola:

  • Emakumeak gerentzia-postuen %6a baino ez izatea ez da prestakuntza edo lidergo faltagatik, erakundeetan pribilegio eta rol maskulinoak betikotzen direlako baizik.
  • Emakumeak titulazio teknikoetako matrikulen %23a baino ez izatea, ez da bokazio faltagatik. Baizik eta, besteak beste, gure erabakiak mugatzen dituzten estereotipoetan oinarritutako hezkuntzaren emaitza.
  • Zaintzeko eszedentzien %73a emakumeek hartzea ez da emakumeek bakarrik dakitelako zaintzen. Gizarteak rol hori ezartzen digu eta honek gure garapen profesionala mugatzen du.

Sailburuaren hitzetan, emakumeek erabakiak hartzen diren guneetara heltzeko dituzten oztopoetako batzuk dira hauek, batzuetan ikusezinak edo hautematen zailak diren hesiak, hala nola, kristalezko sabaiak, zoru itsaskorrak, zaintza-lanen gainkarga, konfiantza-arrakala, rolak eta estereotipoak…

Melgosak zailtasun horietako batzuk zerrendatu ditu, hala nola “boterea gizonen kontu gisa ikusten jarraitzen dugula; emakumeei perfekzioa eskatzen zaiela erantzukizun-postuetara iristeko (eta euren buruei eskatzen diete ere); haurrek oraindik ere jasotzen dituzten mezuetan mutilen lidergoa indartzen dela; edo anbizioa sozialki zigortuagoa dagoela emakumeen artean”.

Bestalde, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak kanpainaren datuetan eta kontzeptuetan sakontzeko sortu den webgunea aurkeztu du: www.emakumeakgora.eus. “Urrats bat eman nahi izan dugu eta kontzeptu batzuetan gehiago sakondu, laguntzen baitigute ulertzen zergatik emakumeei zailagoa egiten zaien iristea eta ardura-postuetan mantentzea”, esan du. Webgunean, kanpainako emakume hainbat kontzeptu azaltzen dituzte, hala nola kristalezko sabaiak, zoru itsaskorrak, iruzurgilearen sindromea, konfiantza-arrakala, soldata-arrakala, rolak edo esterotipoak edo meritokrazia faltsua. Elgarrestak azaldu duenez, kanpaina kalean ere islatuko da, zenbait puntutan jarriko diren eskailera moduan, eta berdintasun ezari eta emakumeak emakume izateagatik oztoporik gabe igotzeko beharrari buruzko datu batzuk gogoraraziko dizkigute.

Webguneaz gain, kanpainak kartelak, irrati-iragarkiak, bannerrak eta iragarkiak ditu, eta otsailaren 27tik martxoaren 14ra bitartean egingo da, kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan. Gainera, kartelak bidali dira erakundeetara, ikastetxeetara, osasun-zentroetara, elkarteetara, enpresetara, kultura-etxeetara eta liburutegietara, etab. Halaber, sare sozialetan #emakumeakgora traola erabiliko da.

Kanpainaren materialak