Ertzaintzak kamioien eta autobusen ikuskapena indartuko du istripuei aurrea hartzeko eta bide-segurtasuna sustatzeko

0

Kontrolak otsailaren 27tik martxoaren 5era bitartean indartuko dira Euskadiko errepide-sarea osoan

Ertzaintzak kamioien eta autobusen zaintza eta kontrola indartuko ditu otsailaren 27tik martxoaren 5era bitartean, eta arreta berezia eskainiko die ibilgailu horiek instalatuta dituzten takografoei. Behar bezala funtzionatzen duten eta erregistroak faltsutzeko eta polizia-kontrolak saihesteko manipulatu ote dituzten zainduko dute, manipulazio hori agiri ofiziala faltsutzearen delitutzat hartzen baita.

Beste helburuetako bat gidatzeko eta atseden hartzeko denborak kontrolatzea da, arau-hausteak egin diren jakiteko bai baimendutako gidatze-orduak gainditu direlako bai estipulatutako atsedenaldiak egin ez direlako.

Kamioien kasuan, baimendutakoa baino zama handiagoa daramaten eta zama ongi lotuta dagoen ere egiaztatuko dute. Autobusen kasuan bidaiariek segurtasun-uhala jantzita duten zainduko dute.

Kanpaina hauek Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2025 Plan Estrategikoaren helburuei erantzuten diete, planaren xedea izanik, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcueraren hitzetan, “arreta osoa istripuen tasa murriztean jartzea, bide-segurtasuna, trafikoaren arintasuna eta erakundeen eta herritarren erantzunkidetasunean oinarritutako mugikortasuna sustatzearen bidez”.

Kamioiak eta autobusak zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainak trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urte osorako programatutako 45 kanpainen egutegiaren barruan sartzen dira.