Munduko 300 unibertsitate onenen multzoan kokatzea eta graduondoko ikasleen % 100ek beren prestakuntzaldian nazioarteko esperientzia izatea, UPV/EHUk 2030erako bete nahi dituen helburu nagusien artean daude. Hori adierazi du gaur Eva Ferreira errektoreak Eusko Legebiltzarraren Hezkuntza Batzordean egin duen agerraldian.
Unibertsitateak berak eskatu duen agerraldi honen helburua izan da, alde batetik, egungo errektore taldeak bere agintaldiaren lehen erdian egin duen lanaren berri ematea eta, bestetik, etorkizunari begira dituen lehentasunak azaltzea.
Hitzaldia hastean, errektoreak hizpide izan ditu 2021eko urtarrilaz geroztik, errektore talde berria lanean hasi zenetik, izan diren lorpen nagusiak. Alde horretatik, nabarmendu du UPV/EHUk 100 milioi euro baino gehiago lortzen dituela urtean kanpoko funtsetatik, ikerketa eta transferentziarako. “Euskadiko bi patentetik bat gure unibertsitatetik sortzen da, eta hiru spin-off edo enpresa eratorritik bik gure enpresen mintegietan dute jatorria”, erantsi du. Errektoreak mintzagai izan ditu ere bi katedra berriren sorrera (Jose Miguel Barandiaran eta Maria Isabel Bilbao Bengoechea), eskaintza akademikoa zabaltzea (gradu bikoitz berriak eta ingelesezko tituluak) eta euskal unibertsitateak prestakuntza dualaren alde eginiko apustu sendoa. Une honetan, Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) lotutako diziplina anitzeko 300 proiektu baino gehiago daude abian UPV/EHUn; hala nola Formula Student, Ocean i3, Ikasle-Kulturala, etc.
Bestetik, errektoreak aipagai izan ditu ere datozen urteetarako helburuak. 2030. urteari begira (NBEk bere GJHetan ezarritako balio eta printzipioak biltzen dituen EHUagenda dokumentuan ezarritako muga), UPV/EHUren xedea da munduko 300 unibertsitate onenen artean egotea, Shanghaiko rankingaren arabera (orain 400 onenen artean dago), eta bere graduondoko ikasleen % 100ek nazioarteko esperientzia edukitzea. “Helburu oso anbiziotsuak dira -adierazi du-, baina bideragarriak, gure apustu akademikoari gehitzen badiogu euskal gizarte osoak norabide berean emandako babesa”. Beste helburu esanguratsu batzuk dira etengabeko prestakuntza bikoiztea (8.000 ikaslerengana iristea) eta emaitzen transferentzia jarduera osoa hobetzea (2030ean, 400 spin-off sortzea unibertsitatearen mintegietatik).
Euskal unibertsitateak sendotu egin nahi du ere bere prestakuntza, gradu bikoitzen aldeko apustuan sakonduz, gradu eta irakasgai gehiago ingelesez eskainiz, eta eredu dualean eskainitako titulu kopurua handituta, bai eta unibertsitate-enpresa gelen eredua zabalduz ere, ikaskuntza-zerbitzu gela gisa: horri esker, gutxienez ikasleen % 20k lankidetza mota horretan egingo lituzkete beren gradu edo master amaierako lanak.
Euskararen alorrean, helburua da UPV/EHUko ikastegi eta zerbitzu guztiek Bikain ziurtagiria lortzea (Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiria, eta euskararen normalizazio maila zerbitzu eta lan hizkuntza gisa egiaztatzen duena: gaur egun, 10 ikastegik eta zerbitzuk dute ziurtagiri hori). Langileei dagokienez, helburua izango da karrera profesionala egonkortzea 40 urte bete baino askoz lehenago, eta garapen profesional eta pertsonaleko proiekzio ilusionagarri bat eskaintzea irakasle berriei. Gobernantzaren eta baliabideen arloan, erdira murriztu nahi da zeregin burokratikoetan igarotako denbora.
Azkenik, azpiegituren alorrean, errektoreak aipatu du adjudikatzear daudela Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren lanak, eta horri erantsi dio 2030ean osasun arloan hiru campusetan instalazio hobeak izateko helburua, bai eta unibertsitatearen eraikin guztien egokitzapena ere jasangarritasun, energia aurrezpen eta gizartera zabaldutako guneen sorkuntza bezalako printzipioetara.