BIND 4.0k izena emateko epea ireki du etorkizuna lideratu nahi duten eta industria eraldatu nahi duten enpresentzat

0
  • BIND 4.0 partner berriak izateko industria adimendunaren, energia garbi eta jasangarriaren, elikaduraren eta osasunaren sektoreetako enpresek izena emateko epea martxoaren 31ra arte egongo da zabalik.

BIND 4.O industria adimenduneko berrikuntza irekiko plataformak deialdia ireki du, Euskadiko enpresek startupen azken soluzioekin abian jarri diren proiektuei esker berrikuntza eta eraldaketa digitala jada lideratzen duten konpainia handiekin bat egin ahal izateko. BIND 4.0ren helburua euskal enpresen digitalizazioa, lehiakortasuna eta lidergoa bultzatzea da, teknologia berriak ezartzearen bidez, besteak beste, adimen artifiziala, Big Data, IoT, errealitate birtuala, ikuspen artifiziala edo robotika.  

Zehazki, BIND 4.0k industria adimendunaren, energia garbi eta jasangarriaren, elikaduraren eta osasunaren sektoreetako enpresei zabaldu die atea, teknologia eta soluzio berritzaileenak arin txerta ditzaten. Ekoizpen-prozesuak optimizatzeko, efizientzia areagotzeko eta behar-beharrezkoa den eraldaketa digitalari erantzuna emateko helburuarekin, enpresek proiektuak garatuko dituzte industria adimendunago, efizienteago eta jasangarriago baterantz jotzeko beharrezko dinamismoa, arintasuna eta teknologia dituzten startupekin elkarlanean. Era horretara, BIND 4.0ko partner enpresek 4.0 Industriaren abangoardian kokatzea lortzen dute, bai eta, aldi berean, berrikuntza irekiaren bitartez nazioartean lehiakortasuna hobetzea ere.

BIND 4.0 programa 4.0 Industriako ekimen publiko-pribatua da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak SPRI Taldearen bidez sortua, eta nazioarteko erreferentziako programa bihurtu da zazpi edizioren ondoren. Programa 2016an abian jarri zenetik 190 startup baino gehiago azeleratu dira eta 290 proiektu baino gehiago garatu dira, eta 7,5 milioi eurotik gorako fakturazioa gainditu da programaren 7 edizioetan. Gainera, plataformak bi ekimen berri ditu: ETE-ei zuzendutako BIND 4.0 Connection eta BIND 4.0 GovTech ekimen pilotu berria, eta ekimen honetan Euskadiko sozietate publikoek parte hartzen dute.

Zergatik izan BIND 4.0ko partner enpresa? 

Partner enpresentzat, BIND 4.0ren parte izateak berrikuntza teknologiaren buruan kokatzea eta trantsizio digitala lehiarako abantaila bihurtzea dakar. Hori dela eta, plataformak sektorean erreferentzia diren 69 konpainia ditu gaur egun: Mercedes Benz, Petronor-Repsol, Iberdrola, ITP Aero, Sidenor, Angulas Aguinaga, Gureak, Mondragon BDC, CIE Automotive eta Quirónsalud, besteak beste.

BIND 4.0ren eta honen berrikuntza irekiko ekosistemaren parte izateak onura ugari dakartza hainbat eta hainbat esparrutan. Hauek dira onura nagusiak:

  1. Eraldaketa digitalak planteatzen dituen erronka teknologiko berriei erantzutea, enpresa eta sektore bakoitzaren premietara egokitutako soluzioen bitartez.
  2. Nazioartean lidergoa eta lehiakortasuna areagotzea teknologia berritzaileenak txertatzearen bitartez.
  3. Behatoki teknologikoa trakzio-enpresen intereseko negozio-arloetan potentzial handiena duten tokiko, estatuko eta nazioarteko startupak ezagutzeko, berrikuntza-lerro disruptibo berriak aztertu eta sortzeko helburuarekin.
  4. Startup azeleratu, prestatu eta trebatuekin lan egitea, haien irtenbidea industrian modu arin, lehiakor eta profesionalean ezar dadin.
  5. Erreferentziako berrikuntza irekiaren eta industria adimendunaren plataformako kide izatea, eta plataformako kideekin jardunbide egokiak eta arrakasta-kasuak partekatzea, berrikuntza-proiektuak inplementa daitezen eta lortu nahi diren helburuak lor daitezen.
  6. Prestakuntza espezifikoa enpresek Venture Client gaitasunak gara ditzaten eta startupekin elkarlanean aritzearen inpaktua maximizatuko duten metodologiak eta tresnak txerta ditzaten, berrikuntza-iturri gisa negozio-eragiketak optimizatzeko eta hobetzeko, eta erakundeen barruan produktu eta zerbitzu berriak garatzen laguntzeko.
  7. Berrikuntza Irekiko Hub handienarekin bat egitea, Euskadiko industriako liderrekin, berrikuntzan eta ekintzailetzan aholkulari diren adituekin, 20 inbertitzaile baino gehiago dituen Venture Club batekin eta aldaketa nola gidatu ikasteko 290 bat proiektu arrakastatsurekin batera.

BIND 4.0ren azelerazio eta berrikuntza irekiko programako enpresa partner gisa parte hartu ahal izateko, baldintza batzuk bete behar dira. Enpresek 250 langile baino gehiagoko jarduera-zentro bat, gutxienez, izan behar dute Euskadin, eta berrikuntzarako eta startupekin lan egiteko interes eta konpromiso handia izan behar dute.

Trakzio-enpresa berriek izena emateko epea martxoaren 31ra arte egongo da zabalik bind40.com webgunearen bidez, eta bertan dago programari buruzko informazio gehiago.