Euskadik, Nafarroak, Galiziak, Asturiasek eta Kantabriak CORTEN film laburren zirkuitua sortu dute elkarlanean

0

CORTEN ekimenak Euskadi, Nafarroa, Galizia, Asturias eta Kantabriako katalogoetan hautatutako film laburretarako publiko berriak sustatu, zabaldu eta aurkitu nahi ditu. Sortu berri den zirkuitu honek tokiko talentua indartzea ere bilatzen du, trukerako espazioak sortuz eta zuzendarien artean sinergiak sortuz. 

Bilboko Azkuna Zentroan egin den CORTEN zirkuituaren aurkezpenean parte hartu dute Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak, Ignacio Apezteguía Nafarroako Kultura zuzendari nagusiak, Gema Agudo Kantabriako Gobernuko Kultura Ekintzako zuzendari nagusiak eta Pablo León Asturiasko Gobernuko Kultura eta Ondarearen zuzendari nagusiak.

Euskadi, Nafarroa, Asturias eta Kantabriako ordezkariek gaurko aurkezpenean adierazi duten bezala, “talentua partekatzeko, ezagutzeko, balioesteko eta erakusteko gune bat irekitzeko bokazioarekin jaio da CORTEN”. Urtero katalogo bakoitzaren azken edizioetan sartutako titulu berriak erakusteko zirkuitua da. Horretarako, hainbat pase programatu dira, modu koordinatuan, publiko orokorrarentzat, parte hartzen duen komunitate bakoitzeko hiriburu edo hiri garrantzitsuenetan. Horrela, urteroko Kimuak katalogoan sartzen diren euskal film laburrak, Shorts from Galiciako galiziarrak, Laboral Cinemateca katalogoko asturierazko film laburrak, Cantabria en corto programan jasotako kantabriarrak eta Nafarroako Shortzinema nafarrak beren komunitatetik haratago filmoteketan eta zinema-areto komertzialetan ikusteko aukera izango dute. Gainera, zuzendariek beren lana aurkeztu eta topaketa profesionaletan parte hartu ahal izango dute.

2023an, erkidego bakoitzak bi eguneko ekitaldi bat antolatuko du, proiekzioz eta topaketa profesionalez osatua, non koprodukzioa sustatuko den eta bost lurraldeetako errealizadore eta ekoizleen artean lotura berriak sortuko diren. Topaketak honela antolatuko dira: ostiral arratsaldeetan, lurralde anfitrioiko film laburrak proiektatuko dira; larunbat goizean, topaketa profesionalak antolatuko dira, mahai-inguruak, master class-ak, networkin-ak…; eta arratsaldean, gonbidatutako lurraldeen film laburrak proiektatuko dira, egileek aurkeztuta.

CORTEN zirkuituko lehen emanaldia asteburu honetan bertan izango da Kantabrian. Honako hauek dira gainontzeko datak:

  • Martxoak 3-4: KANTABRIA
  • Martxoak 24-25: ASTURIAS
  • Apirilak 14-15: GALIZIA
  • Apirilak 21-22: NAFARROA
  • Apirilak 28, 29, EUSKADI