IVAP euskal gizartearen talentua Administrazio Publikora «erakartzeko» gai izan behar dela esan du Lehendakariak

0
PRUEBA
  • Urkullu harro agertu da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak 40 urteko ibilbidean egin duen bideagatik
  • Garamendi Sailburuak IVAPen aldeko apustua berretsi du, “itsasargia” izaten jarrai dezan, Administrazio Publiko euskaldun, berdintasunezko, digital eta herritarrengandik hurbil berri baterantz

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) 40. urteurrena ospatzeko, euskal administrazioen, funtzio publikoaren eta euskararen arloko dozenaka pertsona ezagun bildu dira gaur Bilbon. Zorrozaurreko La Terminal eraikinean egin da gaur eguerdian urteurrena ospatzeko ekitaldia, eta Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da buru, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuarekin batera. Honako hauek ere bertaratu dira: Josu Erkoreka Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburua, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko Sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntzako Sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko Presidentea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentea, Manuel Lezertua Arartekoa eta Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko Errektorea.

Maite Barruetabeña IVAPeko egungo Zuzendariaren hitzaurrearen ondoren, Lehendakariak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako erakunde autonomoaren zeregin erabakigarria goraipatu du, eta “harro” agertu da IVAPek egindako bidearekin. Honen ildotik, eskertu egin du denbora honetan guztian lan egin duten ehunka profesional eta arduradunen konpromisoa.

Urkulluk gogora ekarri du IVAPen hasiera, 1983an, “ez zela batere erraza izan”, baliabide mugatuak zituen testuinguru batean, eta erakunde horren hastapenean parte hartu zuten langileen ilusioak eta konpromisoak gainditu ahal izan zituela. “Batzuek beren lanerako materiala ere ekarri zuten etxetik”, gogoratu du. “Aitzindariak izan ziren, baina denbora gutxian lortu zuten helburua”, Lehendakariak nabarmendu duenez.

IVAPen bilakaeran, EAEko autogobernua berreskuratzeko zereginean eta euskal administrazio berriaren sorreran izandako beste mugarri batzuk gogoratu ondoren, langileak hautatzeko eta prestatzeko beharrei erantzunez, eta euskara zerbitzu hizkuntza gisa ezartzeari dagokionez, Urkullu ziur agertu da IVAPek erantzun egingo diela administrazioak izango dituen premia berriei. Areago, adierazi du ziur dagoela IVAP “gai izan behar dela euskal gizarteak sortutako talentua Administrazio Publikora erakartzeko” eta, integratu ondoren, hura etengabe hobetzeko beharrezko tresnak eskaintzeko.

Garamendi

Bestalde, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak berretsi egin du IVAPen aldeko apustua, administrazio digital, euskaldun eta berdintasunezko berri baterako norabidea adierazten duen “itsasargia” izaten jarrai dezan, herritarrei edozein unetan arreta ematen diena, edozein gailu eta tokitatik, baita aurrez aurre ere.

IVAPek langile publikoak hautatzeko eta prestatzeko beharrei erantzun diela nabarmendu ondoren, Garamendik nabarmendu du organo hori funtsezko tresna dela “euskal administrazioaren eta bertako langile publikoen etorkizuneko erronkei aurre egiteko”. Bere lan arduratsu eta profesionala azpimarratu du, askotan ikusezina eta isila, ikuspegi orokor batekin, foru eta toki administrazioak bidelagun dituela.

“Erreferente gara eremu publikoan, eta berritzaileak, uste sendoz eta beharrez”, azpimarratu du Sailburuak, eta IVAPek Administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko egiten duen funtsezko ekarpena ere aipatu du. Euskara zerbitzu hizkuntza bihurtzeaz gain, langile askorentzat lan hizkuntza izatea ere bultzatu du. Zentzu horretan, euskarazko itzulpen ofiziala eta terminologia juridiko-administratiboa bultzatzeko egindako lan garrantzitsua gogorarazi du. Era berean, IVAPek Euskadiren autogobernuaren eta berezitasun juridiko eta ekonomikoaren esparruan ikerketa zientifikoa bultzatzeko egindako lana azpimarratu du, eta IVAP euskal autogobernuaren “zutabeetako” bat dela adierazi du.

IVAPen eginkizunen artean daude, besteak beste, euskal administrazio publikoen zerbitzura dauden langileak hautatzea eta prestatzea, administrazioan euskararen erabilera normalizatzea eta itzulpen ofiziala bultzatzea, eta euskarazko terminologia juridiko-administratiboa finkatzea eta zabaltzea. Halaber, hizkuntzaren, lege eta administrazioaren, euskal autonomiaren eta kudeaketaren hobekuntzaren arloko ikerketa bultzatzeaz arduratzen da, baita Administrazioaren digitalizazioa sustatzeaz ere.