Lehendakariak azpimarratu du euskal unibertsitateak «lehen mailako ikerketa bat egiteko» konpromisoa duela

0
  • Iñigo Urkulluk NASA Mars 2020ren misioak bi urte bete dituela-eta antolatu den ekitaldian parte hartu du. EHUko bi taldek parte hartu zuten misio horretan
  • Funtsezkotzat jo du gizartea Euskadin egiten den ikerketa-lanaz jabetzea, “horrela bakarrik jabetuko baikara zientziak gure aurrerapenean eta ongizatean duen benetako garrantziaz”

Lehendakaria NASA Mars 2020ren misiotik bi urte igaro direnean antolatu den ekitaldira joan da gaur goizean. Ekitaldi horretan UPV/EHUk parte hartu zuen, eta Perserverance Rover ibilgailu autonomoa Martera iristea ekarri zuen. Ekitaldia Bilbon egin da, eta, ordezkaritza instituzional eta akademikoaz gain, misioan parte hartu zuten bi euskal taldeetako kideak ere izan dira: Bilboko Ingeniaritza Eskolako Planeta Zientzien Taldea eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko IBeA Ikerketa eta Berrikuntza Analitikoko Taldea. Horien aurrean, Lehendakariak gogora ekarri ditu ikusi zituen ilusioz eta pozez beteriko aurpegiak, duela bi urte, amartizajea ikusi zuenean, eta aitortu du hark une historiko haren garrantziaz eta euskal ekarpenak azken hamarkadetako misio garrantzitsuenetako batean duen garrantziaz jabetu zela. “Euskadin lehen mailako ikerketa bat egiten da, eta egiten jarraitu behar dugu”- adierazi du.

Eskerrak eman ditu UPV/EHUren izena munduan zehar harrotasunez eramateko konpromisoagatik, lehen 400en artean kokatu arte, 20.000 hezkuntza-erakunde baino gehiagotatik, gogorarazi duenez. “Lehen mailako ikertzaileak zuen karrerak munduko beste edozein lekutan egitea erabaki zenezaketenak, hemen ikertzea eta hemen bizitzea erabaki duzue”-esan du.

“Gure konpromisoa da – esan du – behar diren erraztasunak ematea zuen jarduera Euskadin garatzen jarrai dezazuen eta lurralde hau erakargarria izan dadin zuen lan profesionalerako eta zuen garapen pertsonalerako”

Azkenik, Iñigo Urkulluk ziurtatu du zientzian eta berrikuntzan inbertitzen jarraitzea herri-erronka eta -helburu bat direla, eta, aldi berean, funtsezkotzat jo du herritarrak Euskadin egiten den ikerketa-lanaz jabetzea.

“Ezinbestekoa da zuen aurrerapenen berri ematea gizarteari. Horrela bakarrik jabetuko gara zientziak gure aurrerapenean eta ongizatean duen benetako garrantziaz”- bukatu du.