Marian Elorzak Makroeskualde Atlantikoaren alde egin du Bruselan

0
  • Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak Arku Atlantikoko Batzordearen mintegi politikoan hartu du parte 
  • Eusko Jaurlaritzak uste du une erabakigarria iritsi dela Atlantikoko lurraldeak EBko lau makroeskualde-estrategien ondoan jartzeko

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Marian Elorzak, Arku Atlantikoaren Batzordeak egindako mintegi politiko batean hartu du parte Bruselan, makroeskualde atlantiko bat eratzeko adostasun politikoa lortzeko. Euskadi da orain batzorde horren burua. Mintegian Atlantikoko lurraldeetako kargu politikoek hartu dute parte, makroeskualde hori gauzatzeko behar den bultzada politikoa emateko proiektu horri, Espainiak 2023ko bigarren seihilekoan Europar Batasunaren presidentetza izango duela eta.

2018az geroztik egindako lan tekniko luze eta sakon baten ondoren, Eusko Jaurlaritzak uste du une erabakigarrian gaudela Makroeskualde Atlantikoa defendatzeko; izan ere, funtsezkoa da makroeskualde hori Europako mapan jartzea, Europar Batasuneko lau makroeskualde-estrategiekin batera. Bestela, lurralde atlantikoen izaera marjinala eta periferikoa areagotuko da. Euskadirentzat, argi dago makroeskualde bat eratzeak balio erantsia duela; 2023ko bigarren seihilekoan argia ikusi dezan, proiektuari behar den bultzada politikoa ematea baino ez da geratzen, eta helburu horrekin antolatu da Bruselako mintegia.

Marian Elorzak bere hitzaldian adierazi duenez, Makroeskualdeak Atlantikoaren indarra erakutsiko du Amerikara sartzeko ate gisa, eta EBko kide ez diren lurraldeekiko harremanak estutzeko aukera emango du, baita etorkizuneko erronka garrantzitsuei egoki eta batera erantzuteko ere, erronka horiei ezin baitzaie bereizita erantzun.

Mintegi politikoaren ondorioak Arku Atlantikoko Batzordearen Batzar Nagusiak maiatzean Cardiffen (Gales) egingo duen bilkuran aurkeztuko dira, hala badagokio, onartuko dira.