Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Euskadi Bonu Jasangarriaren sinesgarritasuna nabarmendu du Europan, Japoniako enbaxadore ohiarekin eta haren ordezkaritzarekin egindako bileran

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak bilera instituzional bat izan du 2022ko azarora arte Japoniako enbaxadore izandako eta orain Japan Research Institute-ko Nazioarteko Estrategia Institutuko presidente den Kenji Hiramatsurekin. Bilera horretan, sailburuak pertsonalki eskerrak eman nahi izan dizkio Euskadirekin harremanak estutzeko eman dituen erraztasunengatik. Izan ere, horri esker, Euskadi-Japonia ekimenaren esparruan jarduera bateratuen katalogo zabal bat planteatu ahal izan da aurten.

Bestalde, Hiramatsuk oso positibotzat jo du Euskadi Bonu Jasangarriaren ekimena, eta euskal rating-a nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak Japoniako merkatuari begira duen sinesgarritasunaren berme gisa.

Bileraren ondoren, euskal ordezkaritzak Euskadi Bonu Jasangarria aurkeztu du Sumitomo Banking Corporationeko ordezkarien aurrean. Hain zuzen, talde horretako kide da Japoniako hiru banku garrantzitsuenetako bat, Mitsui Sumitomo Bank. Zehazki, honako hauen aurrean egin du aurkezpena: Yoko Chivers, senior presidenteordea; Takao Fujiki, zuzendari nagusia; eta Yoshihiko Hirose, Amerika eta Europarako zuzendaria.

Bileraren esparruan, Azpiazuk Euskadiren ezaugarri ekonomikoak zehaztu ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren kaudimen ekonomikoa zehatz-mehatz azaldu du. Era berean, Euskadi Bonu Jasangarriak Europan duen sinesgarritasuna eta inbertitzaileak dibertsifikatzea lortzeko helburua helarazi ditu. Hain zuzen ere, helburu horrek eman du bidea Japonian roadshow hau egiteko.

Bestalde, Japoniako erakunde horren ordezkariek oso positibotzat jo dute Eusko Jaurlaritzak giza garapen jasangarriaren alde egindako apustua, eta adierazi dute posizionamendu horrek hura erakargarri egiten duela Japoniako balizko inbertitzaileen aurrean. Gainera, beren enpresa batzuekin harremanetan jartzeko lankidetza eskaini dute, Euskadiko inbertitzaileen oinarria handitu ahal izateko.

«Euskadi Bonu Jasangarria»ren zazpigarren jaulkipena hilaren hasieran egin zen —700 M € hamar urtera—, eta eskaria eskaintza baino zazpi aldiz handiagoa izan zuen. Izan ere, guztira 5.021 M €-ko eskaerak jaso ziren. Euskadik rating-agentzia nagusiek emandako rating bikainaren pribilegioa duenez, merkaturatzea arrakastatsua izan daiteke.

Eusko Jaurlaritza 2018an hasi zen zor jasangarria jaulkitzearen aldeko apustuarekin, eta eskaria beti izan da eskaintza baino handiagoa egindako jaulkipen guztietan. Euskadi Bonu Jasangarriaren zazpi jaulkipenen zenbateko globala 4.400 M €-koa da.

Sailburuaz gain, honako hauez osatuta dago euskal ordezkaritza: Iñaki Barredo, Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordea; Arantza Larrauri, Finantza Politikako zuzendaria; Yurdana Burgoa, Kabineteko zuzendaria eta BTIko kontseilaria; eta Javier Arnaez, Finantzen Euskal Institutuko zuzendari nagusia.