14 udalerri eta eskualdek klimaren eta energiaren aldeko tokiko lehen estrategia bultzatu nahi dute Ihoberekin eta EEErekin batera

0
PRUEBA
  • Euskadin bidezko trantsizio klimatiko eta energetikorako erantzun bateratua sustatzeko asmoz elkartu dira
  • Estrategia indartzeko, gai horretan trebatutako 24 gazte sartuko dira toki erakundeetan
  • Bi jarduerak EEEk eta Ihobek toki administrazioari laguntzeko sustatutako Erreminta-Gida ekimenaren esparrukoak dira 

Guztira 14 udalerri eta eskualde elkartu dira Euskadin trantsizio klimatiko eta energetikorako tokiko ekintza sustatzeko estrategia bateratu bat lantzeko, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Ihobe Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoak bultzatuta, Udalerri Jasangarrien Euskal Sarearen (Udalsarea 2030) eta LIFE IP Urban Klima proiektuaren laguntzarekin. Parte hartzen duten udalerri eta eskualdeek klima eta energia ekintzan ibilbide aitortua dute, eta talde traktorea osatzen dute. Honako hauek dira, hain zuzen: Abanto, Amurrio, Balmaseda, Basauri, Bilbo, Donostia, Durango, Eibar, Errenteria, Irun, Legazpi, Gasteiz eta Gorbeialdeko Koadrilako eskualdeko erakundeak, Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea eta Oarsoaldea.

Klimaren eta energiaren aldeko Euskadiko lehen tokiko estrategiaren helburua da hainbat udalerriren profiletarako laguntza egokitzea eta klima eta energia araudia betetzen laguntzea. Emisioak arintzeaz gain, lurraldea klima aldaketaren inpaktuetara egokitzeko zereginean ere aurrera egiteko aukera emango du, baita herritarrak tokiko ekintzara txertatzean ere, eta, horretarako, erabakigarria da gizartera iristen diren mezuen koherentzia ziurtatzea eta, bereziki, klima urgentziarekin lotutakoena.

Lehen lan saioan, Euskadiko udalerriek klimaren eta energiaren arloan duten egoeraren diagnostikoaren emaitzak aurkeztu dira, Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan, hots, Ihobek gidatzen duen Euskadiko ekintza klimatikoko proiekturik handienaren esparruan. Diagnostiko honek jasotzen dituen ondorioen arabera, tokiko 50 klima eta energia plan inguru daude, indarrean edo lanketan, euskal biztanleen %50 baino gehiago ordezkatzen dituztenak, eta Udalsarea 2030 sarearen bidez arlo horretan ibilbide luzea duten udalerri eta eskualdeei dagozkienak. Gainera, 24 euskal udalerri daude gaur egun Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetza Itun Globalari atxikita; alegia, klima aldaketari aurre egiteko borondatez konprometitutako hirien eta tokiko gobernuen munduko aliantzari atxikita.

24 gazte, toki administrazioetan

Trantsizio energetiko eta klimatiko honetan udalei laguntzeko, EEE eta Ihobe entitate publikoek lankidetza hitzarmena egin dute Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin, klima aldaketan eta energian prestatutako 29 urtera arteko 24 gazte toki administrazioetan sartzeko, urtebeterako, hango talde teknikoak indartzeko asmoz.

800.000 euro inguruko inbertsioa ekarriko duen ekimen honekin, enplegu berdea, gaztea eta kalitatezkoa sustatzen da, eta, aldi berean, gabezia tekniko eta giza gabezia gehien dituzten udalerriak indartzen dira. Gazte taldeak dagoeneko hasi du bere prestakuntza, eta ekimenean interesa erakutsi duten 18 udaletan eta eskualdeko 6 erakundetan pixkanaka sartzen joatea espero da.

Datozen hilabeteetan proiektuarekin bat egingo duten toki entitate interesdun gehiago egotea aurreikusten da, Udalsarea 2030etik Urban Klima 2050 proiektuaren laguntzarekin kudeatuko diren ekintza klimatikoko lantaldeen bidez.

Erreminta-Gida, udalerriei laguntzeko ekimena

Nola klimaren eta energiaren aldeko tokiko estrategia, hala gazteak tokiko administrazioan sartzeko programa “Erreminta-Gida” ekimenaren adibide dira. Ekimen hori EEEk eta Ihobek sustatutako laguntza programa bat da, udalerriei etorkizuneko erronketan laguntzeko, energia, klima aldaketa, jasangarritasuna eta pareko arloetan.

Joan den azarotik, Iñigo Ansola eta Alexander Boto bi erakundeetako zuzendari nagusiek eta teknikariek hamar bat udalerri bisitatu dituzte, programa hori Euskadiko udal, mankomunitate eta landa garapenerako erakundeei aurkezteko. Ehun bat toki erakundetako 150 ordezkari tekniko eta politiko baino gehiago izan dira topaketa ziklo horretan, eta parte hartzaileek oso positibotzat jo dute.