Euskal partaidetza duen proiektu europar batek arraroen familiako metalak berreskuratu nahi ditu

0

‘Lur arraroak’ deitzen zaio taula periodikoko 17 elementuz osatutako talde bati. Propietate magnetiko, luminiszente eta elektrokimiko bakarrak dituztenak dira, eta horrek berebiziko garrantzia ematen die egungo teknologia garatzeko. Munduko industriak bizi duen trantsizio energetikoaren aurrean, mota horretako lehengaien eskaria egunetik egunera handitzen ari da, energia berriztagarriak, mugikortasuna edo robotika bezalako sektoreetan erabiltzen baitira.  

Europak elementu horietako gehienak inportatzen ditu, eta, bere autonomia handitzeko eta kontinentea lur arraroen ekonomia zirkularrean munduko liderra izateko, REEPRODUCE proiektua sortu da, non Tecnalia eta Ceit euskal zentro teknologikoek parte hartzen duten, biak BRTAko kideak. Europar Batasunaren Horizon Europe programak finantzatuta, industria-mailan hondakin elektriko eta elektronikoak birziklatzeko lehen balio-kate europar iraunkor, lehiakor eta osoa ezarri nahi du, eta horrek Europako trantsizio ekologikorako balio-kate estrategikoa bermatuko du.  

Proiektuaren buru SINTEF Norvegiako ikerketa-erakundea da, eta, euskal zentroez gain, partzuergoko kide dira Indumetal Recycling, Revac AS, Euregio Recycling Belgium BV, Jean Goldschmidt International S.A. & Hydrometal S.A., Magneti Ljubljana d.d., Elkem, Bronneberg BV, Diskus Polska, PNO Innovation Belgium, Sense2sort, Inovertis-A3i eta Friedrich-Alexander-Universität (FAU) Erlangen-Nürnberg -eko FAPS Institutua. Guztira, zortzi herrialdetakoak dira.  

“Europako klima-neutraltasunaren helburuak lortzea, energia eta mugikortasun garbiko irtenbideak modu jasangarriagoan garatzeko dugun gaitasunaren araberakoa izango da”, adierazi dute Tecnaliatik. Zentro horren ikerketa-ildo nagusia da iman iraunkorrak birziklatzea lur arraroetako metalak berreskuratzeko, eta purutasun handiko (gutxienez % 95) lur arraroen oxidoak ekoizteko prozesu hidrometalurgiko aurreratua optimizatzera bideratuko da, iman erabilietatik abiatuta: “Hondakin-fluxu desberdinetatik datozen iman iraunkorrak tratatuko ditu, haien garapenak teknologia-heldutasun handira eramateko”, azaldu dutenez.  

Bestalde, Ceitek desegite-prozesuak garatuko ditu Neodimioan oinarritutako iman iraunkorrekin ahalik eta osagai gehien ateratzeko. Zehazki, robotika, ikusmen artifiziala, ‘deep learning’ eta indargarri bidezko ikaskuntza bezalako teknologiak erabiliko ditu disko gogorrak automatikoki desmuntatzeko pilotu bat garatzeko (TRL7), era horretako osagaiak ateratzeko (adibidez, idazteko buruaren besoa eta torlojuaren errotorea). Gainera, beste pilotu bat garatuko du tresna elektriko eta elektronikoen hondakin berrietarako motor elektrikoak ateratzeko, hala nola, mugikortasun elektrikoa, xurgagailu robotizatuak eta abar. 

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.