- Obrak bisitatzean, Lehendakariak ziurtatu du ez dagoela beste aukerarik eraginkorrak izatea eta energia norberak sortzea baino. “Ez daukagu B planik” –esan du
- Maeztuko eguzki-parke fotovoltaikoan dagoeneko egituren % 25 eta eguzki-moduluen heren bat jarrita daude
- Etxebizitza kooperatibista bakoitzaren batez besteko inbertsioa 1.500 eurotik beherakoa izango da
Lehendakariak, Arantxa Tapia sailburuarekin batera, Ekiola Mendialdea (Araba) parkeko obrak bisitatu ditu gaur goizean. Parke hori Maeztu udalerrian dago eta Euskadiko lehena da. Bisitan egon dira, halaber, Ramiro González Arabako ahaldun nagusia, Anartz Gorrotxategi Arraia-Maeztuko alkatea eta Iñigo Ucín Mondragón Korporazioko presidentea. Ekiola ekimenaren helburua da komunitate energetikoak sortzea, herritarrek beraiek sor dezaten beren beharrak asetzeko behar duten energia elektrikoaren %100.
Bisitaldiaren ondoren, lehendakariak “ezinbestekotzat” jo du energia kontsumitzeko ohiturak aldatzea eta energia-eraginkortasunaren aldeko “apustu argia” egitea, baita energia garbia eta berriztagarria sortzearen aldekoa ere, “beste aukerarik ez dagoelako. Ez dugu B planik” −ziurtatu du.
Ekiola ekimenari dagokionez, Iñigo Urkulluk adierazi du erronka horrek gizarte osoari eragiten diola. “Gure erantzunak –esan du– lankidetza eta indarrak batzea eskatzen du. Azken batean, inplikazioaz eta erantzukizunak nork bere gain hartzeaz ari gara”.
Parkea
Mendialdeko eguzki-parke fotovoltaikoak dagoeneko egituren % 25 eta eguzki-moduluen heren bat muntatuta ditu, eta maiatzean energia berriztagarria sortzea espero da.
Instalazioak Tellazar industrialdeko lurzati bat hartzen du. 1,5 MWp-ko potentzia izango du, eta 700 bazkide inguru onartu ahal izango ditu kooperatibista-jabe gisa.
969.193 euro jasoko ditu NEXT Generation Europako funtsetatik Ekiola Mendialdeak eguzki-energiako bere “fabrika” eraikitzeko. Horri esker, kooperatibista bihurtzen den etxebizitza bakoitzaren inbertsioa 1.500 euro baino gutxiago izango da, bere energia berriztagarri eta 0 kilometroko energia propioa sortu eta bere kontsumoaren % 100ari erantzuteko.
Arabako Mendialdeko Kuadrillako familiak barnean hartzeaz gain, etxeko kontsumo eta premia elektrikoen antzeko kontsumo eta premiak dituzten merkatari txiki, autonomo eta lehen sektoreko ustiategiei helarazi nahi die proiektua Arabako Foru Aldundiak.
Arabako Mendialdekoa izango da Araban martxan jarriko den lehenengo instalazioa, Arraia-Maeztun, Tellazarko industrialdeko lurzati batean. 1,5 MWp-ko potentzia izango du, eta 700 bazkide inguru onartu ahalko ditu kooperatibista jabekideen erregimenean. Kooperatibistek berek zuzendu eta kudeatuko dute kooperatiba, kudeaketa-eredu integratu baten aldeko apustua eginez: beren energia propioa sortzea, mantentzea eta ustiatzea.
Foru Aldundiak NEXT Generation Europako funtsetara aurkeztutako Ekiola proiektuek ia 3 milioi euro jaso dituzte eguzki-parke fotovoltaikoak martxan jartzeko.
Ekiolari buruz
Energia-komunitateak sortzea da ekimenaren helburua, herritarrek berek sortu dezaten beren premiei erantzuteko behar duten energia elektrikoaren % 100. Gainera, kooperatiba berak lege-tresna gisa funtzionatzen du etorkizun energetikoari bere planteamendu propioen arabera aurre egiteko, eta kooperatibako kideek ez dute etxeko beren instalazio elektrikoaren ezer ere aldatu behar.
25 urterako funtzionamendu- eta errendimendu-bermea du eguzki-parkearen instalazioak, eta, hori horrela, 50 €/MWh-tik beherako prezio finkoa izango du energiak denbora-epe horretan.
Gaur egun eratuta dauden Ekiolak Ekiola Aiara, Añana, Arabako Errioxa, Arabako Lautada, Gorbeialdea, Mendialdea eta Landa-eremuko Gasteiz dira Araban, Ekiola Lea-Artibai eta Usansolo-Galdakao Bizkaian, eta Ekiola Donostia, Leintz Bailara, Urretxu, Azpeitia (Ekindar), Zumaia (Egutera) eta Ekiola Elgoibar-Mendaro Gipuzkoan.