Gobernu Kontseiluak Gure Artea Sarien 2023ko deialdia onartu du

0
PRUEBA

Arte plastikoa eta ikusizkoak sustatzeko helburuz ematen dira urtero Gure Artea sariak eta artistek euskal arte garaikideari eta euskal kulturari egiten dioten ekarpenaren aitorpena dira. Batetik sortzaileak saritzen dira, bai beren ibilbide profesionalagatik bai azken urteetan egindako jarduera sortzailearengatik, eta bestetik, beste agente batzuk ere saritzen dira arte plastiko eta ikusizkoen arloan izandako jarduera orokor edo zehatzarengatik. Gure Artea sariak hiru modalitatetan banatzen dira:

  • Ibilbide artistikoa aitortzeko saria: lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta, egindako lan sortzaileagatik eta kulturari eta arte garaikideei egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista aitortzen du eta saridunak 20.000 euro jasoko ditu.
  • Sorkuntza-lana aitortzeko saria: azken urteak aintzat hartuta, bere jarduera artistikoagatik eta sortzaileagatik eta sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea aitortzeko saria da eta aitorpena jasoko duen artistak 20.000 euro jasoko ditu, aurreko edizioetan baino 2.000 euro gehiago.
  • Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria: Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta ikusizkoen arloan egindako ekarpenagatik, alegia, kulturaren balio-katearen faseetan (ikerketa, prestakuntza, sorkuntza-ekoizpena, sustapena-hedapena eta banaketa) horiek sustatzeko jarduerak garatuz egindako lanagatik, nabarmendu diren pertsonak aitortzeko saria. Aintzakotzat hartu ahal izango da ibilbide osoa edo, bestela, azken urteotan egindako programa edo proiektu zehatzak. Saria jasotzen duen pertsonak 20.000 euro jasoko ditu, aurreko edizioetan baino 2.000 euro gehiago.

Sarien epaimahaiak aurkeztu beharko ditu modalitate bakoitzeko sariak jasotzeko hautagaiak. 2023ko Gure Artea Sarien epaimahaia Aimar Arriola Olabarriak, Iñaki Imaz Urruticoecheak, Miren Vadillo Eguinok, Nora Aurrekoetxea Etxebarriak eta Rakel Espaza Sanz-ek osotuko dute. Epaimahai horrek erabakiko du norentzat izango diren 2023ko Gure Artea sariak. Sari-emate ekitaldia udazkenean egingo da.