SPRIk “Industria Erronka” proiektua babesten du

0

Gero eta gutxiago geratzen da Industriaren egun handirako, “Industria Erronka” proiektuaren jardunaldi nagusirako, non Bizkaiko 800dik gora ikaslek lehen eskutik ezagutuko baitituzte lurraldeko industri arloko enpresak. Guztira, 33 ikastetxek puntako teknologiak darabiltzaten enpresa aurreratu eta nazioartekotuak ezagutuko dituzte. Langileek gidatuko dituzte bisitak, eta saiatuko dira ikasleen jakin-mina pizten, argi azalduz zein aukera eskaintzen dituen sektoreak ibilbide profesionalak garatzeko.

FVEMek (Metalaren arloko Enpresen Bizkaiko Federazioa) SPRIren (Eusko Jaurlaritza) babesarekin antolatutako proiektu honen helburua da ikasgeletara eramatea industriaren errealitatea ikasturte osoan, enpresetarako bisitak antolatuz eta topaketak eginez ikastetxeetan bertan. Gaurdaino, ekimen hau DBHko azken ikasturteetako, Batxilergoko eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako lehen ikasturteetako 7.000tik gora ikaslerengana iritsi da.

Martxoaren 15ean, Bizkaiko ikastetxeetako 33 ikasgelatako ikasleek aldi berean bisitatuko dituzte industri arloko beste hainbeste enpresa. Bisiten ostean, BEC!eko ekitaldi handira joango dira, non aukera izango baitute sektorearen abantailak ezagutzeko. Ekitaldi horretan parte hartuko dute ikasleek eta sektoreko langileek eta, horrezaz gain, proiektu berritzaileen aurkezpenak eta sorpresa ugari izango dira.

Nahiz eta agortuta dauden presentzialki parte hartzeko sarrerak, martxoaren 15ean egingo den ekitaldi nagusia online jarraitu ahal izango da, eguerdiko 12:30etik aurrera, industriaerronka.eus/live estekan.