Lehendakariak industria-sarea dibertsifikatzearen alde egin du, baldin eta «Euskadik etorkizun oparoa» izan nahi badu

0
  • Iñigo Urkullu P4Q enpresaren egoitza berriaren inaugurazioan izan da. Enpresa hori liderra da osagai elektronikoen fabrikazioan
  • Gaur, martxoaren 8an, gizonak animatu ditu kontuan har dezaten Gizonduz sentsibilizazio- eta prestakuntza-programa, Emakundek sustatua

Lehendakaria, Arantxa Tapia sailburuarekin batera, P4Q enpresaren egoitza berriaren inaugurazioan izan da. Enpresa hori liderra da osagai elektronikoen fabrikazioan. Han adierazi du industria-sarearen dibertsifikazioa eta espezializazioa dela arrakastaren gakoa, “Euskadik etorkizun oparoa” izan nahi badu, eta adibide gisa jarri du Alonsotegiko enpresa teknologiko hori, 24 urteko ibilbidea baitu eta 286 pertsonari ematen baitie lana.

“Funtsezkoa da gure industria-sarea eta zerbitzu aurreratuen sarea dibertsifikatzen laguntzen duten enpresa espezializatuak izatea. P4Q da horren adibidea, balio erantsia ematen baitio gure produkzio-sareari” –esan du.

Adierazi duenez, pandemiak, lehenik, eta Ukrainaren inbasioak, gero, hornidura-kateak hautsi zituzten eta argi utzi dute elementu batzuen tokiko ekoizpena edo hurbilagoa behar dela, eta “Euskadik baditu horretarako zumeak”. Ildo horretan, adierazi du zentro teknologikoek, unibertsitateek, klusterrek eta enpresek osatutako ekosistemari esker, Basque Microelectronics HUB eratzen ari dela. Horren helburua irizpidean erreferentea den espazio dinamizatzaile bat ezartzea da, Euskadin jarduera mikroelektronikoaren buru izateko gaitasuna duena.

Gainera, jakinarazi du aste honetan bertan Euskadi, Europako beste 12 eskualdeekin batera, “European Semiconductor Regions Alliance” delakoan sartu dela. Talde horrek Europako erdieroaleen industriaren hazkundea eta lehiakortasuna bultzatu nahi ditu, ezagutzen eta jardunbide egokien trukean eta eskualdeen arteko lankidetzan oinarrituta.

Iñigo Urkulluk eskerrak eman dizkio P4Qri garai berrietara egokitutako egoitza berri eta askoz ere eraginkorragoaren alde egindako apustuagatik, 6 milioi euroko inbertsioa egin baita horretarako. “Ez da erraza erabaki hori hartzea. Asko jarri duzue jokoan. Ziur gaude ahaleginak merezi izango duela” –esan du.

Amaitzeko, gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, Lehendakariak Gizonduz sentsibilizazio- eta prestakuntza-programa “aintzat hartzera” animatu ditu gizonak. Programa hori Emakundek sustatu du, eta, besteak beste, “eredu maskulino nagusien berrikuspen kritikoa” egitea bultzatzen du.