Lehendakariordeak adierazi du ez dagoela erabateko demokraziarik «gizonek eta emakumeek eskubide eta aukera berberak izan gabe»

0
  • Mendiak euskal kooperatibismoan emakumea aitortzeko KONFEKOOPek eta Kooperatiben Goren Kontseiluak antolatutako ekitaldian parte hartu du

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak gaur esan du ez dagoela erabateko demokraziarik erabateko berdintasunik gabe, “emakumeok eta gizonek eskubide eta aukera berberak izan gabe”, eta eskatu du zainketen sektorea “emakumeen ardura izateari utz diezaiola” eta profesionalizatu eta duindu dadila.

Mendiak parte hartu du gaur, Gasteizen, KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak eta CSCE-EKGK Kooperatiben Goren Kontseiluak 8-M dela-eta antolatutako euskal kooperatibismoan emakumea ikusaraztearen aintzatespenean. Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredo eta Gizarte Ekonomiako zuzendari Jokin Díaz Arsuaga ere bertaratu dira.

Erakunde-irekieran izandako hitzaldian, Lehendakariordeak “jardunaldi honetako funtsezkoena” aipatu du: “ez dago erabateko demokraziarik erabateko berdintasunik gabe, emakumeok eta gizonek eskubide eta aukera berberak izan gabe”, eta gaineratu du ez dagoela lehiakortasunik “soldatetan, prestakuntzan, lan-osasunean eta berdintasunean inbertitzen ez dutenentzat”.

Ildo horretatik, Mendiak uste du “justizia sozialak eta aurrerabideak elkarrekin joan behar dutela”, eta kooperatibek “abantaila handia daramazuela” horretan, eta azpimarratu du “enpresa- eta sindikatu-kultura berri baterantz jo behar dela, non, soldata duinak eta lan-baldintza seguru eta egonkorrak bermatzeaz gain, enpresak erakargarriak izan behar baitira, prestakuntza, elkartasuna, demokrazia, langileen parte-hartzea eta berdintasuna aintzat hartuta. Hor jokatzen da talentuaren liga”.

Bere ustez, esparru horretan kooperatibak, sektore ekonomiko guztietan, “enpresa-eskema tradizionaletatik ateratzen dira eta bizi ditugun garai aldakorretara egokitzeko gaitasuna erakusten dute”.

Lehendakariordeak aipatu du, halaber, “aldarrikapen feministaren alde handi bat gaur egun zeri buruzkoa den, zaintzak emakumeen ardura izateari uztea”, eta alderdi horretan buru den saila kooperatibekin ari da lanean, hain zuzen ere. “Ez gara ari soilik adingabeei edo adinekoei ematen zaien arreta gizonekin partekatzeaz; sektorea profesionalizatzeaz, duintzeaz, zeregin horietan lan egiten dutenek aitorpen profesionala izateaz eta lan-baldintzak hobetzeaz hitz egin behar dugu”. Zainlab izeneko “ezkutuko iraultza” horren helburua, gainera, “adinekoei bizitza osoa izan dezaten zerbitzu egokiak eskaintzeko enplegu espezializatu berriak sortzea dela”, gaineratu du.

Mendiak, amaitzeko, gogorarazi du “berdintasunaren etsaia ez garela ñabardurak ditugunak, baina kausa demokratiko bera partekatzen dugula. Berdintasunaren etsai nagusia hura ukatzen duena da, eta desparekotasuna eta gaur egun saritzen den lidergoa ez ikusaraztea nahi ez duena”.