Arkaiako termen balioa nabarmentzeko egindako lanetara bisita

0
PRUEBA

Gaur bisita instituzionala egin da Arkaiako termen aztarnategi arkeologikoaren balioa nabarmentzeko eta hura ezagutarazteko proiektura. Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak 133.100 eurorekin finantzatu dute proiektuaren azkeneko fasea.

Proiektuan inplikatutako beste pertsona batzuen artean, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak,  Iterbide S.L.ko Miguel Loza eta Javier Niso arkeologoek eta Óscar Reinares arkitektoak egin dute bisita.

Zupiria Sailburuak adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzan ahalegin berezia egiten dugu gure kultura ondarea zaindu, aberastu, babestu, hedatu eta sustatzeko eta Arkaian ere agerian da ahalegin horretan gabiltzala. Ondarea babesteko eta hedatzeko helburuan ezinbestekoa da erakundeen arteko lankidetza eta kasu honetan ere horrela da. Arkaiako Batzarrarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean gabiltza, indarrak batuta, erakunde arteko lankidetzaren eredu. Arkaia interes handiko aztarnategia da eta asko dira historian zehar izan duen okupazioaren aztarnak, berreskuratzeke dauden aztarnak. Ikerketa arkeologikoak aurkikuntza garrantzitsuak ekarriko dizkigu, zalantzarik gabe, eta hori guztia erakundeon artean dugun lankidetzak ahalbideratuko du”.

“Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailaren ustez – adierazi du Del Valek –, proiektu honek interes publikoa du zalantzarik gabe, eta hortik dator hasiera-hasieratik hartan lankidetzan jarduteko dugun borondatea. Legegintzaldiaren hasieran hartu genuen konpromisoetako bat izan zen Arabako ondare arkeologikoaren balioa nabarmentzeko eta hura induskatzeko, zaharberritzeko, hobetzeko eta kontserbatzeko zereginari lotzea, eta krisi gorrian inbertsioa geldiarazi ez bagenuen, ekonomia berpizteko fasean, are gehiago, ahal bada, jauzi kualitatibo bat egin behar zen, ondareaz maila kulturalean eta humanistan pentsatuz, baina orobat turismoa erakartzeko duen ahalmenaz. Horrengatik, toki administrazioen eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetasuna lortzen saiatu gara, hura finantzatu ahal izateko. Horrengatik, eskerrak eman behar dizkiogu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, azken fase honen guztiaren % 60 finantzatzeagatik, erakundeen arteko lankidetzaren beste adibide bat”.

Oraingo esku-hartzea

Azkeneko fase honetan egindako esku-hartzea ondoko lau puntu hauetan laburbil daiteke:

  • Orain dela hamarkada batzuk egindako ikerketa-lanak osatzea: termen iparraldean dagoen eremua induskatu da, eta sarrerako portiko baten aztarnak besterik ez da egiaztatu.
  • Lehendik zeuden egitura arkeologikoak eta orain induskatutakoak sendotzea: termetako hormak sendotu dira eta gela guztietan esku hartu da, zoruak babestuz.
  • Zabalkundea: panel berriak eta informazio baliabide osagarriak jarri dira aztarnen interpretazioa errazteko eta egokiro bisitatzea ahalbideratzeko.
  • Babesa: hesiak eta itxiturak hobetu dira, aztarnak babesteko eta ikustaldia errazago egiteko.

Kontserbazio egokia behar duen monumentu multzoa

Arkaiako terma erromatarrak Arkaiako zona arkeologikoan daude, zeina  monumentu multzo izendatu baitzen uztailaren 28ko 159/2000 Dekretuaren bidez (148. EHAA). Horren ondorioz, interes handiko multzo arkeologikoa eta kultura-baliabide aparta dira, kontserbazio egokia eta balioa nabarmentzea behar duena.

«Arkaiako termen aztarnategi arkeologikoaren balioa nabarmentzeko eta zabaltzeko proiektua»k 2020-2022 urteetarako jardunak planteatzen zituen, 133.100 euroko aurrekontu orokorrarekin, eta Eusko Jaurlaritzak 80.537 eurorekin lagundu du proiektua, guztiaren % 60,51. Arabako Foru Aldundiak, bere aldetik, gainerakoa jarri zuen, hau da, 52.563 euro.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak elkarrekin finantzatzen dute Arkaiako termen aztarnategi arkeologikoaren balioa nabarmentzeko eta ezagutarazteko azkeneko proiektua. Esku-hartze osoaren kostua, 2016tik 2022ra arte, 263.000 euro izan da, guztira. Kopuru horretatik, Arabako Foru Aldundiak % 70 jarri du eta Eusko Jaurlaritzak % 30.