Osakidetzak bere ibilbidearen 40 urteak gogora ekartzen ditu argazki erakusketa batekin osasun-zentroetan eta ospitaleetan

0

Urteurrenerako aurten planifikatutako ekintzetako bat da eta ospakizunari azkena emateko kongresu bat egingo da Gasteizen

 

2023an Osakidetzak 40 urte betetzen ditu eta Osasun Sailak eta Zuzendaritza Nagusiak entzute-prozesu bat egin dute osasun-erakunde guztietako profesionalekin, aurtengorako Ekintza Plan bat lantzeko, Osakidetza zer izan zen, gaur egun zer den balioan jartzeko eta Euskal Osasun Zerbitzuaren etorkizuneko proiektuak ezagutarazteko.

  1. URTEURRENERAKO EKINTZAK

Osakidetzako erakunde guztietako 60 profesional baino gehiago bildu dira, partaidetzazko lankidetzaren metodoari jarraituz, 2023an zehar, 40. urteurrenari lotuta, ekintzak antolatzeko ideiak jasotzea helburu. Ekintza puntualak eta tokiko eragina dutenak izango dira, bai kanpokoak, bai barrukoak, helburu nagusia euskal herritarren osasunari arreta onena eskaintzea baita. Izan ere, eta pandemiaren ondoren herritarrek, profesionalek eta Eusko Jaurlaritzak indartutako helburu nagusi horrekin jarraituz, “Osasuna, inoiz baino gehiago” leloa aukeratu da urteurreneko ekimenei laguntzeko, hau da, osasuna lehentasuntzat hartzeko.

2023an egingo diren ekintzen artean egutegia lantzea izan zen abiapuntua, eta martxotik aurrera Osakidetzako osasun-zentroetan eta ospitaleetan ikusgai egongo diren 20 argazkiren erakusketa dago. Atzera begirako honek erakusleiho bat izan nahi du, herritarrek ikus dezaten Osakidetzak bizitzako 40 urte hauetan izan duen bilakaera.

Gainera, azpimarratzekoa da azaroan biltzar bat egingo dela Gasteizen, profesionalen arteko topagune izan nahi duena, egindako bidea balioan jartzeko eta etorkizuneko Osakidetzari begirada bat emateko.

Gainera, Tabakoaren aurkako Munduko Egunarekin batera, maiatzaren 31n, informazio-mahaiak jarriko dira EAEko hainbat udalerritan, osasuna sustatzeko Osakidetzak herritarren eskura dituen jardueren berri emateko, ez bakarrik erretzeari uzteko, baita beste ohitura osasungarri batzuk bultzatzeko ere.

Informazio gehiagorako: https://www.osakidetza.euskadi.eus/40-aniversario/

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 9a