Lehendakariak automobilgintzak euskal industrian funtsezko zeregina duela nabarmendu du

0
  • Iñigo Urkullu AIC- Automotive Intelligence Centerren eraikin berriaren inaugurazioan izan da. Gestamp eta CAF daude bertan

Idoia Mendia eta Arantxa Tapia sailburuekin batera, lehendakaria AIC-Automotive Intelligence Centerren eraikin berriaren inaugurazioan izan da, Amorebieta-Etxanon. Eraikinak 10.000 metro koadro ditu, eta digitalizazioarekin, konektibitatearekin eta elektrifikazioarekin lotutako jarduerak hartuko ditu, mugikortasunerako irtenbide berrien esparruan.

Bere hitzaldian, Iñigo Urkulluk ziurtatu du automobilgintzaren sektorea “funtsezkoa” dela Euskadirentzat, eta sektoreko enpresak animatu ditu “ekiten, inbertitzen, berritzen eta kalitatezko enplegu-aukerak sortzen” jarraitzera, Euskadik “bere toki pribilegiatuari” eutsi diezaion. Puntu horretan gogorarazi du automobil-industriak EAEko BPGaren % 25 hartzen duela, estatu-mailako osagaien industriaren erdia euskal enpresek osatzen dutela, eta hiru enpresa – Gestamp, CIE Automotive eta Grupo Mondragón – munduko lehen 100 enpresen artean daudela.

Etorkizunari begira, Lehendakariak adierazi du automobilgintzaren merkatua ibilgailu elektrikorantz doala eta Euskadi ere errealitate horretara egokitzen ari dela, nahiz –esan du− “astia beharko dugun” eta, Frantziak eta Alemaniak ikusi bezala, aldaketa hori “ez den batere erraza izango eta ahalegin handia eskatuko duen”.

Azkenik, Iñigo Urkulluk duela 14 urte AIC automobilgintza-zentroaren proiektuaren lehen fasea jarri zutenen ikuspegia eta lana eskertu ditu. “Horretarako –esan du− uste osoa dugu binomio honetan: lankidetza publiko-pribatuan”.

Ondoren, Lehendakariak eta gainerako parte-hartzaileek eraikin berrian dauden bi enpresen instalazioak bisitatu dituzte: Gestamp-enak −automobilgintzako osagaietarako fabrikazio-eredu malgu berri bat garatzen ari den ingeniaritza aurreratuko laborategia ezagutu dute han−, eta CAF-enak −tren baten mugimendu automatikoaren simulazio bat erakutsi dute bertan−.