Grupo Regui bere jardueraren dibertsifikazioari esker hazi egin da

0

1978an sortu zen Gasteizen Luminosos Regui gisa, eta 2021etik aurrera Grupo Regui izena du. Bere ibilbidean zehar, enpresa hazten joan da eta bere ekoizpenari hainbat arlo gehitu dizkio. Hori dela eta, arduradunek azaldu dutenez, “Luminosos izena merkatuan argi errotuluak saltzera mugatuta geratu zen, baina, egia esan, askoz gauza gehiago egin genituen”. Gaur egun taldeak bost enpresa ditu: Luminosos Regui, Servicort Systems, Puntual, Hiri eta Indek. 

Jatorrizko enpresak, Luminosos Reguik, errotulazioa eta argitsuak fabrikatzen eta banatzen ditu. Adibidez, errotulazio-biniloak egin ditu Gasteizko tokiko enpresentzat, merkataritza-guneentzat, udaletxeentzat edo aldundientzat. Bigarren enpresak, Servicortek, ur-zurrustaren bidez ebakitzen ditu piezak, eta prozesu osoa jorratzen du: “piezaren diseinua, material zuzenaren definizioa, ebaketa eta mekanizazioa eta ondorengo akabera”, enpresako arduradunek azaldu dutenez. Hainbat sektoretan ditu bezeroak, hala nola aeronautikan, trenbide-sektorean, errotulazioan edo makina-erreminta sektorean. 

Taldeko hirugarren enpresak, Puntualek, oso eremu espezifikoan jarduten du, seinaletika integrala, zehazki itsuentzako Braille hizkuntzara egokitua. Braillen seinaleak egiteko sistema patentatu bat du, seinaleak diseinatu eta fabrikatzen duena, eta udalekin, aldundiekin edo etxebizitza komunitateekin egiten du lan. 

Hiri hiri-altzariak diseinatzen, fabrikatzen eta banatzen dihardu, eta materialen berrikuntzaren eta kalitatearen aldeko apustu argia egiten du. Bankuak, hiri-eskulturak eta aparkalekuak egiten ditu udalentzat, administrazioentzat eta unibertsitateentzat, hala nola Mondragon Unibertsitatearentzat. 

Azkenik, Indek dago, taldeko bosgarren enpresa, dekorazio industrialean aritzen dena. “Marka hau barnerako zein kanporako dekorazio industrialeko elementuak eskaintzeko sortu genuen. Nazioartean presentzia handiena duen taldeko enpresa da, Portugalen eta Frantzia hegoaldean bezeroak baititu, tokikoak eta nazionalak ere kontuan hartuta”, enpresatik nabarmentzen dutenez. Herriko dendak eta ostalaritza dira Indeken bezero nagusiak. 

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.