Azpitek programa 2021ean sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko Zentro Teknologiko Multifokalizatuei eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroei (IKZ) azpiegitura zientifiko-teknologikoak eskuratzen laguntzeko, Euskadik zientziaren eta teknologiaren ikuspegitik dituen erronka sozioekonomikoei erantzuten jarraitzeko. Programa horri esker, 51 azpiegitura zientifiko-teknologiko indartu dira dagoeneko.
Programa honen bidez 12,2 milioi euroko proiektuak diruz lagundu dira 2021ean, eta 13,8 milioi euro 2022an, hau da, 26 milioi euro RIS3 estrategietan, industria adimendunean, energia garbienetan edo osasun-proiektuetan banatuta. Aurten programak 5.625.000 euroko zuzkidura berria izango du.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak aurkeztu ditu emaitza horiek Azterlanen, eta bertan izan dira Basque Research & Technology Alliance, BRTA osatzen duten zentro teknologiko eta IKZ guztietako ordezkariak.
Tapiak gogorarazi duenez, gure herrialdeko hiru inpaktu-trantsizioei aurre egiteko (teknologia-digitala, energetiko-klimatikoa eta gizarte- eta osasun-arlokoa), beharrezkoa da azpiegitura zientifiko-teknologiko bikainak izatea.
Azpiegitura zientifiko-teknologikoak (erakusleak, saiakuntza-bankuak, esperimentazio-instalazioak, living-lab-ak eta abar barne) I+G+b-ko ekosistemen eta berrikuntzan oinarritzen diren balio-kateen bizkarrezurra dira. Hala, AZ-Tek teknologiaren baterako garapena eta sorkuntza bultzatzen dute, kontzeptu-probatik eta laborategietan baliozkotzetik hasi eta industria-ingurunean egindako prototipoen erakustaldiraino, teknologia eskuratzea ziurtatzeko helburuarekin; horrek Euskadin duen eragin sozioekonomikoa kontuan hartuz.
Ingurune fisiko eta/edo simulatu horiek funtsezkoak dira tamaina guztietako enpresentzat. AZ-Tek I+G+b arloko eragileekin lankidetzan aritzeko aukera ematen diete, balio erantsi handiko teknologia eta soluzioak garatzeko, fase guztietan laguntza eskainiz. Diseinutik hasi eta produktu, zerbitzu edo prozesu osoen azken probara arte, baldintza kontrolatutan, segurutan eta errealitatetik hurbil, bezeroen eta inbertitzaileen aurrean baliozkotzea barne hartuta.
Industria azpiegitura teknologikoen eskuragarritasunaren mende dago, teknologiak hobetzeko, garatzeko, baliozkotzeko eta prototipoak sortzeko, merkatuari irtenbide teknologiko berriak eskaini aurretik. Hala ere, AZ-Tek baliabide eta konpetentzia asko behar dituzte euren eraikuntzarako, kudeaketarako, funtzionamendurako eta mantentzea egiteko. Oso garestiak izaten dira, eta goi-mailako teknikariak behar izaten dituzte bertan aritzeko. Beraz, enpresa gehienek ezin dute beren AZ-T propioa izan.
Azpitek irudi berria aurkeztu da Azterlanen eginiko ekitaldian
Durangon kokatuta dagoen Azterlan Zentro Teknologikon aurkeztu dira gaur Azpiteken emaitzak eta irudi berria. Ekimen honen laguntzarekin erositako azpiegitura guztiek jasoko dute irudi berria.
Azterlan Zentro Teknologikoak azaldu duenez, Azpitek programa indartu egin da hauts metalikoen ikerketa-ildoa garatzeko, metala eraldatzeko industriara bideratutako aukera garrantzitsuak eskaintzen baititu. Bere erabilera oparoenen artean hauek nabarmentzen dira: osagaiei higadurarekiko, korrosioarekiko edo neke termikoarekiko erresistentzia handiagoa ematen dieten estaldura aurreratuak emateko gaitasuna; material anitzeko osagaien fabrikazioa; edo geometria konplexuak edo ezaugarri bereziak dituzten osagaiak fabrikatzeko malgutasuna lortzeko fabrikazio-teknologiak bateratzeko edo hibridatzeko aukera (pisua arintzea edo horma finagoekin eta tamaina txikiagoekin piezak fabrikatzeko aukera nabarmenduz). Horri esker, osagai metalikoen diseinuari eta aplikazioari lotutako aukera-eremu guztiak irekitzen ditu.
AZPITEKek diruz lagundutako azpiegitura eta ekipoak
- ATO Lab Plus Partikulen atomizatzailea
- Partikulen atomizazioarekin lotutako instalazio eta ekipo periferikoak:
– Bahetzaile ultrasonikoa
– Ultrasoinu bidezko garbiketa-ganbera
– ATEX xurgapen-ekipoa
– Hauts metalikoak karakterizatzeko instalazioak: lan-kanpaia, Hall-en inbutua (jariakortasun-saiakuntza eta itxurazko dentsitatearen saiakuntza), balantza, higrometroa
- Material metalikoen karakterizazio aurreratua
- EBSD teknologia – Electron Backscatter Diffraction
- Ekortze-mikroskopio elektronikoa Axia ChemiSEM
Azpitek, bi urteko programa arrakastatsua
Azpiteken helburu nagusia da Euskadiko azpiegitura zientifiko-teknologikoak indartzea, eta I+G+b jarduera eta emaitzak baliozkotzea eta erakustea bultzatzea. Horretarako, kalitatezko ikerketa gauzatzeko, emaitzak hobetzeko, eta horien eragin zientifikoa, ekonomikoa eta soziala hobetzeko, eta dauden ikerketa-azpiegituren funtzionamendurako beharrezkoa den ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratzeko, instalatzeko eta eguneratzeko laguntza ematen du.
Programa horren bidez, Eusko Jaurlaritzak aurrerapausoak eman nahi ditu honako esparru hauetan:
- Trantsizio teknologiko-digitala – Industria da Euskal Autonomia Erkidegoko garapen ekonomikoaren eta sozialaren motorra. Iraganean aldaketa teknologikoetara egokitzen jakin duen, eta gaur egun desafio berriak dituen trantsizio teknologiko-digitalaren erronkei aurre egiteko hobeto prestatuta dagoen industria. Teknologia eta digitalizazioa funtsezko tresnak bihurtzen dira balio erantsi handiagoa ekarriko duten eta euskal industriaren lehiakortasun-posizioa hobetuko duten produktu eta irtenbide berriak garatzeko.
- Trantsizio energetiko-klimatikoa – 2030erako Euskadiko Energia Estrategenergiaren esparruko ikerketa, garapen teknologiko eta industrialeko lehentasunezko 9 arlo ezartzen ditu, energiaren sektoreko euskal enpresen eta eragile zientifiko-teknologikoen sarearen lehiakortasuna bultzatzeko. Oinarrizko jarduketa-eremuek energia eolikoa, olatuen energia, eguzki-energia fotovoltaikoa, hidrogenoa, oil&gasa, energia-efizientzia, mugikortasun elektrikoa, energia-biltegiratzea, sare elektrikoak eta potentzia-elektronika hartzen dituzte kontuan.