Sestaoko Vista Alegre auzoak hiri-berroneratze integralaren proiektuari ekin dio

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren ataletik 4,39 milioi euro bideratu dituzte etxebizitza-eraikinetan eta eremu publikoetan hobekuntzak egiteko

Miguel de los Toyos Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak eta Ainhoa Basabe Sestaoko alkateak astearte honetan aurkeztu dituzte Sestaon Vista Alegre auzoko hiri-berroneratze integralerako proiektuaren xehetasunak. Eusko Jaurlaritzaren 4,39 milioi euroko dirulaguntza zuzenaren bidez aldi berean ekingo zaie energia-trantsizioari, eraikinen eta etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak hobetzeari eta laneratzea sustatzeari.

Jardueren artean jaso dira etxebizitza-eraikinen energia-efizientzia hobetzea, isolamendu aurreratuagoak izango dituzten inguratzaileekin; irisgarritasunaren arloan aurrerapausoak ematea ahalbidetuko duten soluzioak garatzea, uharte-patioetan igogailuak instalatuz; eta bizigarritasunarekin lotutako neurriak, etxebizitzetan terrazak sortuz eta, aldi berean, suteen kontrako sistema batekin segurtasuna indartuz. Proiektuak 110 etxebizitza barne jartzen ditu, eta beharrezko lanak egitera bultzatzeko dirulaguntzak izango dituzte.

Bestalde, esku-hartzeak barne hartzen du etxeetako airearen kalitatea, energia termikoa eta elektrikoa monitorizatzeko eta kudeatzeko sistema bat sortzea. Gainera, panel fotovoltaikoekin autokontsumorako tokiko energia komunitate bat prestatzen ere ari dira energia berriztagarria sortu eta auzoan bertan erabili ahal izateko, eskala handiko instalazio energetikoen bitartez.  Digitalizazioari dagokionez, bizilagunei prestakuntza emango zaie arrakala digitala saihesteko, eta wifi sare publikoa eta ADSL komunitarioa instalatuko dira.

Horrez gainera, proiektuak hirigintza hobetzeko neurriak ere barne hartzen ditu –Resurrección María de Azkue, Antonio Machado eta Los Baños kaleetan eta Amador Palma parkean–, eta, besteak beste, argiteria berrituko da, berdeguneak garatuko dira, oinezkoentzako eremu berriak gehituko dira eta drainatze-sistema jasangarria sortuko da.

Udalaren asmoa da martxoan bertan ematea kudeaketa-agindua Sestao Berri sozietate publikoari, erakunde horrek lideratu dezan Vista Alegre auzoaren eraldaketa. Ondoren, jabeen elkarteei eta auzokideei, banaka, aholku emateko auzoko bulegoa zabalduko da inguruko lokal batean.

Elkarteek maiatzaren 31ra arteko epea izango dute hiri-berroneratzeko proiektuan sartzeko, eta aurtengo azaroan prest izan beharko dira birgaitzeko proiektuak eta obra lizentziak; lanak datorren urtean, 2024an, gauzatuko lirateke 2025ean amaituta egon daitezen.

Aurtengo, 2023ko, udal-aurrekontuan 1.009.000 euroko kontu-saila dago aurreikusita lanean hasteko, eta horietatik 879.525 euro Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzatik datoz eta gainerako 129.475 euroak Udalak jarriko ditu.

Albiste bikaina da orain dela 15 urte baino gehiago Eusko Jaurlaritzak, Udalak eta Sestao Berri sozietateak Txabarri-El Sol auzoan hasitako lana orain Vista Alegre auzora hedatzea, erdialdeko auzo hori modernizatu eta bertako auzokideen bizi-kalitatea hobetzeko”, azpimarratu nahi izan du Ainhoa Basabe Sestaoko alkateak.

Sestao Euskadiko auzo zaurgarrien hiri-berroneratze integraleko programan sartu diren 21 udalerrietako bat da, bai eta Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek 2022an onartutako Inbertsio Estrategikoen Erakundearteko Planak (IEEP) aktibatutako funtsei esker programan sartu diren herrietako bat ere.

“Esku-hartzeen helburua da klima-aldaketaren aurkako borrokan egindako urratsak eta gizarte-erronka berrien aurreko prestakuntza Euskadiko herritar guztiengana iristea, non bizi diren eta zer baliabide duten kontuan hartu gabe”, nabarmendu du Miguel de los Toyos Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak.