Araban dago balio erantsi handiko etiketak egiteko makinen fabrikatzaile bakarra

0

Balio erantsi handiko etiketak egiteko makinak garatzen eta mihiztatzen dituen Espainiako enpresa bakarra da. Horrelako etiketak, besteak beste, erabiltzen dira ikusizko marketinaren eragina estrategikoa den sektoreetan, esaterako edari destilatu, elikagai eta produktu kosmetikoenean.  Jundizen du egoitza, 20 langile ditu plantillan eta paper eta kartoi industriarako makineria egiten duen Lemu Group (Ibarra, Gipuzkoa) taldeko parte da iaztik, Josu Álvarez Ruiz zuzendari nagusiak azaldu digunez.

 Zergatik zarete Estatuan jarduera hau garatzen duen enpresa bakarra?

Etiketa itsaskorrak egiteko makinen fabrikazioari dagokionez, merkatua bi multzotan banatzen da: batetik, fabrikazio handiak –oro har balio erantsi txikikoak- egiten dituzten bezeroak eta, bestetik, fabrikazio bolumen txikiagoak eta produktu espezializatuagoak –etiketa ederragoak eta balio erantsi handiagokoak- egiten dituztenak. Guk bigarren multzo horretarako ekipoak fabrikatzen ditugu, horrexek bereizten gaituelako bai zehaztasunean, bai kalitatean eta baita ere produktibitatean.

Nolako oztopoak gainditu behar dira hain sektore espezializatu batean sartzeko? 

Esperientzia handia dugu kalitatezko makinen fabrikazioan, eta horri esker gai gara mundu osoko multinazional handiekin lehiatzeko, nahiz eta ETE bat garen. Estatuko beste fabrikatzaile batzuek merkatu honetan sartzeko  duten oztopo nagusia da I+G-n egin beharreko hasierako inbertsioa, garapen horiek etengabe egin behar direlako eta garestiak direlako. Know-how-a ere oztopo handia da, baina Mida enpresako profesionalok eta gure kolaboratzaileek eskarmentu handia dugu horrelako inprimaketa ekipoetan, eta horrek laguntzen digu garapen berriak egiten.

Egun hauetan 30 urte beteko dira Gasteizen enpresa sortu zenutenetik. Zein testuingurutan gertatu zen hori?

Gure aita Jesús eta bere bazkide Fernando Calzadak merkatu-azterketa bat egin zuten, eta ondorioztatu zuten etiketa itsaskorren merkatua hazten hasia zela, eta oso perspektiba interesgarriak izan zitzakeela epe luzera. Nola bazuten nahikoa eskarmentu bai ingeniaritzan eta baita ere garapen mekanikoan, ordurako oso polibalentea zen ekipo bat diseinatu eta garatu zuten, eta oso interesgarria suertatu zen sektorean hasten ari ziren enpresentzat. Sekulako arrakasta lortu zuten, eta produktu berriak garatzeari ekin diote gaurdaino. Aitak oraindik ere Berrikuntza sailean jarraitzen du, bere esperientzia eskainiz.

 Zuen makinetan inprimatzen diren etiketez ari garenean, nolako produktuez ari gara?

 Hauek dira gure sektore nagusiak: edari destilatuak (ardoa, kaba, rona, ginebra, mezkala…), gama altuko lurringintza eta kosmetika. Kalitateagatik bereizi nahi duten produktuak dira, lehen erosketatik bezeroari bermeak eskaintzeko bezain irudi indartsua behar duten produktuak, alegia.

 Sektore honetan esaten da etiketa saltzaile isila dela. Zerk egiten du etiketa bat Balio Erantsi Handiko etiketa?

Paper esklusiboek, diseinu onek… Baina gure makinak beste arlo batzuetan dira benetan lehiakorrak, hots, beroko estanpazioan (etiketetan efektu metalizatua lortzeko), erliebe serigrafikoetan (etiketak erliebe distiratsu moduko bat hartzen du zenbait gunetan), formen erauzketan (diseinuaren araberako zuloak egiten ditugu), geruza anitzeko etiketetan (material bat baino gehiagorekin eginak), erregistro berezietan… RFID edo NFC motako txipak ere sar ditzakegu etiketetan. Funtsean, saltokietako apaletan dauden gainerako produktuetatik bereizteko balio duen ia edozer egin dezakegu.

Badago ezinezko etiketarik?

Jakina! Beti ez da posible ordenagailu batean sortutakoa produktu ukigarri bihurtzea.

Baina  ahalegina egiten dugu  merkatu desberdinetako diseinatzaileen joerak identifikatzeko eta formulak bilatzen ditugu etiketa horiek garatzeko. Multinazional handiekin lehiatzen duen ETE bat gara eta, gure bezeroak bezalaxe, saiatzen gara marka handiengandik bereiziko gaituzten garapen bereziak egiten. Horregatik da hain garrantzitsua bezeroari entzutea, zeren haiek daukate etorkizuneko makinen giltza. Gure ustez,  daukazuna inposatzen saiatu beharrean hobe da bezeroek benetan behar dutena garatzen ahalegintzea.

 Non daude zuen lehiakideak?

Italian, Ingalaterran, Danimarkan, Japonian, eta gero eta produktu gehiago iristen dira Txinatik. Lehiakide horiek gehienak multinazionalak dira, negozio-ildo asko eta I+G-rako finantza-gihar handia dutenak, eta horiekin lehiatu behar dugu. Horregatik, duela gutxi erabaki dugu egoitza Tolosan duen Lemu Group taldean sartzea. Lemu Group espezialista da gure merkatu-nitxoarekin erlazionatutako zazpi merkatutan, eta horri esker berme handiagoarekin lehiatu gaitezke.

Nortzuk dira zuen bezeroak?

Etiketa itsaskorrak fabrikatzen dituzten enpresak, edo inprentaren sektore tradizionalean lan egiten dutenak eta etiketen fabrikazioa bezalako ildo berriak sartzen ari direnak. Gure erreferentziazko merkatuak dira Espainia, Frantzia, Italia eta Portugal, baina negozio-ildo berriak irekitzen ari gara beste herrialde batzuetan ere. Adibidez, ahalegin handia egiten ari gara gure lehen ekipoak ezartzeko Txilen, Estatu Batuetan eta Mexikon.

Plastikoaren kontrako “gerrak” zenbaterainoko eragina du zuen sektorean?

Gaur egun, Industria Ministerioak argitaratu duenaren arabera, etiketa itsaskorrek ez dute tasa gehigarririk. Baina argi dago biztanleria gero eta sentsibilizatuago dagoela gai hauekin, eta material fabrikatzaileek gero eta produktu berri gehiago sortzen dituzte, birziklapen-portzentaje handiagoak dituztenak eta ingurumenean inpaktu txikiagoa dutenak. Argi dago datozen urteetan materialak asko aldatuko direla, nahiz eta oraindik badauden egunero plastikoarekin fabrikatzen diren milioika etiketa, eta ez dago horiek ordezkatuko dituen produkturik. Gogoan izan behar da legez ontzi batek identifikazio bat behar duela, eta horregatik, etiketa izaten da produktuaren NANa.

  Ikusita nola joan den 2022a, nolako itxura hartzen diozu 2023ari?

2022aren hasiera ez zen ona izan, batez ere Ukrainiako gerrak eragindako ziurgabetasunagatik eta inflazioagatik. Baina, nola gure bezeroek ez duten eten euren fabrikazioa, eta nola merkatuan segurtasun handiagoa antzeman den, bezeroak urtearen erdialdetik aurrera hasi dira pandemia aurretik geldirik zeuzkaten inbertsioak egiten. 2023a aurreko urtearen bigarren erdiak hartua zeukan norabide berean hasi da, beraz, bide berari eutsiz gero baliteke pandemia aurreko urteak  baino are emaitza hobeak lortzea.