Etxebizitza Sailak hirukoiztu egin ditu etxegabetze-prozedurak eteteko araudiak eragindako jabeentzako laguntzak

0
PRUEBA
  • Iñaki Arriolaren Sailak 357.000 euroko inbertsioa egin du orain arte etxebizitzarik gabeko familia kalteberen prozedurak eten izanak eragindako errentatzaileei eta jabeei konpentsazioa emateko
  • Eusko Jaurlaritzak, 2019tik 2022ra bitartean, gizarte-alokairuko 162 etxebizitza esleitu dizkie hipoteka betearazteko prozesu batengatik edo alokairua ez ordaintzeagatik etxegabetutako pertsonei.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, martxoaren 1era arte, etxebizitza berreskuratzeko prozedura judiziala hasita zuten eta etxegabetze-prozeduraren eteteak eta etxebizitzarik gabeko familia kalteberentzako kaleratzeek eragin dieten 88 pertsonari eman dizkie laguntzak. Gobernu zentralak pandemiaren ondorioak arintzeko aktibatu zuen neurri hori, eta 2023. urtearen erdialdera arte mantenduko du egungo egoera ekonomiko konplexuaren aurrean.

Administrazioak ebatzitako 145 espedienteetatik 88 izan dira jabeen aldekoak, eta guztira 357.071,36 euro ordaindu dira. Etxebizitza Sailak igo egin du zenbateko hori, hasierako aurrekontua ia hirukoiztu arte, laguntzak arautzen dituen eta Eusko Jaurlaritzak 2021eko udazkenean onartu zuen aginduan 120.000 euroko aurrekontu-zuzkidura ezarri baitzuen, behar izanez gero zabaldu ahal izango zena.

Emandako laguntzek ezarritako errentaren % 100 ordaintzen dute, muga batera arte; muga hori higiezina dagoen inguruneko hileko batez besteko errenta da, Alokairuaren Merkatuaren Estatistikan (EMA), azkenekoan, zehazten dena. Konpentsazioak barne hartzen ditu bai ordaindu gabeko alokairuaren kostua bai eteteko autoa eman zenetik ordaindutako gastu arruntak.

Ebatzitako gainerako 57 eskabideetako gehienetan eskatzaileek atzera egin dute, 25 eskabide baztertu egin dira eta bat ez da onartu. Ezezko ebazpenen arrazoi nagusia izan da prozeduraren ezohiko eteterik ez izatea, etetea arautzen duen araudiak, 2020ko martxoaren 31ko 11/2020 Errege Dekretu Legeak, aurreikusitako baldintzei jarraituz.

Probintzien arabera, Araban 42 eskabide ebatzi dira, horietatik 26 onartu dira, eta aurrekontu osoa 114.775,29 eurokoa da; Bizkaian 83 ebatzi dira, horietatik 51k ebazpen positiboa izan dute, eta aurrekontua 197.595,05 eurokoa da; eta Gipuzkoan 20 ebatzi dira, horietako 11 positiboak izan dira jabeentzat, eta kasu honetan inbertsioa 44.701,02 eurokoa izan da.

Gobernu zentralak 2023ko uztailera arte luzatu duenez etxegabetzeko eta kaleratzeko prozedurak eteteko erabakia, administrazio autonomikoaren laguntzek indarrean jarraitzen dute, eta oraindik ere eska daitezke, beraz, honako agiri hauek aurkeztuta: errentamendu-kontratua, etxegabetzea etetea eragin duen kalteberatasun-txostena edo kaleratzea eteteko autoa bera. Laguntzak bateraezinak dira beste laguntza batzuekin, bai eta alokairua ez ordaintzeagatiko aseguru-kontratuetatik eratorritako kalte-ordainekin ere.

Babesa kaleratutako pertsona kalteberentzat

Jabeentzat 2021ean aktibatutako laguntza hauez gainera, Etxebizitza Sailak 2019tik du indarrean hitzarmen bat Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin, Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearekin, bizikidetza-unitate kalteberen etxegabetze judizialen aurrean batera jarduteko.

Hitzarmen hori oinarri hartuta, Etxebizitza Sailak, 2019tik 2022ra bitartean, bere etxebizitza-parkeko 162 etxebizitza esleitu ditu gizarte-alokairuan. Horietatik 18 kasutan etxegabetzea hipoteka betearazi izanaren ondorio izan da gainerako 144 kasutan alokairua ez ordaintzearen ondorio.

Etxegabetze-prozedura eten izanagatiko laguntza-eskaerak eta horri lotutako informazioa: https://www.euskadi.eus/servicios/1202701