Europako Kohesio-Politikak eskualdeetako gobernuei inbertsioak lehenesteko askatasun handiagoa ahalbidetzearen alde egin du Azpiazuk

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren ustez, “SEM – Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoren kudeaketarekin duela gutxi bizi izandakoaz bestela, eskualdeetako gobernuek askatasun handiagoa izan beharko lukete tokiko beharretara hobekien egokitzen diren inbertsio-lehentasunak aukeratzeko, ikuspegi bereiziagoaren eta lurraldera bideratuagoaren esparruan”.

Hori da Azpiazu sailburuak gaur Gasteizen egin den Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF 2021-2027 Programa abiarazteko ekitaldiaren amaieran azaldu duen premisetako bat. Ekitaldi horretan, aintzatetsi egin da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek Ekonomiako eta Europako Funtsetako Sailburuordetzarekin batera programa hau planifikatzen eta lantzen egindako lana.

Izan ere, programa hori Europako Batzordeko zerbitzuek onartutako Estatuko lehen hiruretako bat izan zen, eta, horri esker, Euskadin 400 milioi eurotik gorako inbertsioak egin ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien kontura, Europar Batasunak % 40an finantzatuta.

Azpiazuk, bere hitzaldian, hazkunde ekonomikoaren eta integrazioaren arloan aurrekaririk ez duten erronkei aurre egin behar dien Europa honetan kohesio-politikak duen zereginari heldu dio.

Zehazki, eskualdeetako berezitasunak hobeto aintzatesteko beharra planteatu du, eta aitortu du, orain arte, kohesio-politikaren helburuak zehazteko eta haren eragina ebaluatzeko oinarri hartzen dela, batez ere, haren eraginkortasun-potentziala, eskualdeen arteko epe laburreko per capita errenta-mailen konbergentziari dagokionez.

“Beraz, ez zaie behar besteko garrantzirik ematen kohesio-politikak dituen ondorioei epe luzerako lehiakortasunean, trantsizio berderako eta digitalerako ekarpenean eta duela gutxi bizi izan ditugun krisien aurreko susperraldian izan dezakeen zereginean”, nabarmendu du.

Ildo horretatik, Azpiazuk aldarrikatu du lurralde-estrategia koordinatuak garatzeko beharra, oinarri hartuta Europako kohesio-politikak bidea eman beharko lukeela “kudeaketan eskumena duten eskualdeetako gobernuak aintzat hartzeko eta horiei euren programa operatiboak prestatzen uzteko”.

Proiektua abiarazteko ekitaldian parte hartu dute Iñaki Barredo Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordeak eta Juan Alberdi Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendariak. Europako Batzordearen aldetik, Diego Villalbak eta Anatolio Alonsok hitz egin dute Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren izenean.