Kontsumobidek eten digitalari buruz egindako azterketak erakusten du EAEko biztanleriaren erdia ingurune digitaletik kanpo sentitzen dela

0

Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak “Euskal kontsumitzaileen ohitura, erabilera eta gaitasun digitalei” buruzko azterketa bat argitaratu du gaur, martxoaren 15ean ospatuko den Kontsumitzaileen Nazioarteko Egunaren baitan. Azterketak Euskal Autonomia Erkidegoan “eten digitalaren” errealitatea analizatu nahi du. % 39k dio nahiko edo oso ondo moldatzen dela ezagutza teknologiko eta informatikoei dagokienez, eta % 24k gutxi edo nahiko gaizki.

Premisa horrekin, ikerketak 5 taldetan sailkatu ditu galdeketari erantzun dioten pertsonak, aldagai batzuen arabera: teknologia-adituak (% 13,3), online ohikoak (% 19), moderatu digitalak (% 30,6), urrutikoak (% 11,7) eta online ibiltzeko mesfidantza erakusten dutenak (% 25,4). Profil muturrekoenak hartuta genero- eta adin-eten bat ondoriozta daiteke; eten hori lausotu egiten da erdiko profiletan. Adibidez, teknologia-adituen profilean % 64 gizonezkoa da, % 36 emakumezkoa, eta % 52, berriz, 44 urtetik behera ditu. Gainerako profilen artean, ordea, ehunekoak antzekoak dira generoari dagokionez; hala ere, urrutikoen artean, emakumeen kopurua % 69ra iristen da eta, adinari dagokionez, ia guztiek 55 urtetik gora dituzte.

Azterlanaren beste ondorio batzuk Interneten erabilera-denborari lotuta daude: % 19k adierazi du egunean 6 ordu baino gehiago ematen dituela Interneten, eta % 22k 3 eta 6 ordu bitartean. Herritarren % 86k dio egunero erabiltzen duela Internet. Internet erabiltzeko zailtasunei dagokienez, EAEko biztanleen % 60k adierazi du eroso dagoela ingurune digitalean, eta % 15 nahiko edo erabat deseroso sentitzen dela.

Ildo horretan, euskal herritarren bazterketa digitalaren pertzepzioa analizatu da, ingurune digitaletik diskriminatuta edo baztertuta sentitzearekin lotuta. EAEko biztanleen erdia erabat edo zertxobait baztertuta sentitzen da ingurune digitalean. % 35ek uste du laguntza edo aholkularitza behar duela gailu digitalak erabiltzeko. Administrazioarekin lotutako izapideei dagokienez, % 39k uste du nahiko zaila edo oso zaila dela izapide digitalak egitea, eta % 25ek, berriz, oso edo nahiko erraza dela. % 46k izapideak online egiteko prest dagoela dio.

Erakunde pribatuekiko harremanei dagokienez, % 84k online banka erabiltzen du, baina batez beste % 27 —eta % 35, adineko pertsonen kasuan— zerbitzuetatik, sustapenetatik edo eskaintzetatik kanpo sentitzen da, baita aditu teknologikotzat jotako taldekoen artean ere. Telekomunikazioen kasuan, online harremana txikiagoa da; % 44k dio erabiltzen duela. Baztertuta sentitzen direnen batez bestekoa % 34koa da. Bazterketa-sentimendua erakusten dutenen batez besteko handiena energia-sektorean ematen da (% 38). Sektore horretan, % 40k dio bere enpresarekin online komunikatzen dela.

Ildo horretan, nabarmendu behar da bazterketa-sentimendu hori zeharkakoa dela, eta ez dela soilik pertsona helduenetara mugatzen. Galdetutako pertsonek digitalizazioan aurrera egiteko prest daudela adierazi dute, baina zalantzak edo arazoak izanez gero telefono bidezko edo aurrez aurreko arreta mantenduko duen sistema misto batekin batera.

Kontsumobidek ere antzeman du joera hori; izan ere, online izapidetutako erreklamazio eta kontsulten kopurua % 50etik gorakoa da dagoeneko, 2019an % 9koa baino ez zenean. Aldi berean, Kontsumobidek arreta pertsonal eta espezializatuari eusten dio hiru lurraldeetako zentroetan, baita telefono bidezko arretari ere, herritarrek adierazitako premiak izaten jarraitzen baitute.

Azkenik, azterketak herritarrek kontsumoaren arloan dituzten eskubideak ezagutzen ote dituzten aztertzen du. % 48k dio jakingo lukeela nora jo eskubide horiek urratzen badizkiote, eta % 55ek, berriz, bere eskubide digitalak ezagutzeko interesa duela dio.

Kontsumitzaileen Nazioarteko Eguna

Kontsumobidek informazio-karpak jarri ditu 3 hiriburuetan, kontsumitzaileen zalantzak argitzeko, haien eskubideen berri emateko, eta Kontsumobidek kontsumitzaileei eskaintzen dizkien zerbitzuak azaltzeko. Gainera, hainbat jarduera burutuko dira, hala nola bakarrizketari baten emanaldia, dinamizazioa merkatuan edo bizikleta informatibo bat.