Lehendakariordeak berriro esan du beharrezkoa dela enpresek berritzea, «etorkizunean gainezka» egin ez dezaten

0
PRUEBA

Mendiak Gobernu gisa duen erantzukizun publikoa eskaini du, tresnak eskaintzeko eta beharrezkoak diren politikei ekiteko

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak gaur berretsi du beharrezkoa dela enpresak berritzera ausartzea, “etorkizunean gainezka” egin ez dezaten, eta Jaurlaritza gisa duen erantzukizuna eskaini du tresnak eskaintzeko, Euskadiko produkzio-sarearen aniztasunaren kontzientziatik abiatuta, eta beharrezkoak diren politika publikoei ekiteko.

Mendiak Euskadi Inklusiboa jardunaldiaren irekieran parte hartu du gaur Gasteizen. Gizateak, Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkarteak, antolatu du hitzordu hori, eta bera buru duen Saila legegintzaldi osoan ari da lanean horrelako enpresen garapenean aurrera egiten jarraitzeko.

Bere hitzaldian, Lehendakariordeak eskerrak eman dizkio Gizateari egindako lanagatik, “Euskadiri aberastasuna sortzen eta gizarte-kohesioa ematen dioten ideiak emateari ez uzteagatik”. Bere ustez, “hori da une honetan gehien behar duguna, ez bakarrik larrialdiak kudeatzea, baita etorkizun hobe eta inklusiboago baterako prestatzea ere, non aukerak pertsona guztiengana iritsiko diren”.

Ildo horretan, Mendiak behin eta berriz errepikatu du “berritzera ausartzen ez dena etorkizunak berak gainezka egingo duela, eta, batez ere, gazteenek, lotura gutxiago sentitzen baitute eta ez baitute zailtasunik enpresatik, hiritik edo herritik mugitzeko”. Horregatik, adierazi du “Jaurlaritza gisa daukagun erantzukizun publikoa enpresei tresnak eskaintzea dela, Euskadiko produkzio-sarearen aniztasunaren kontzientziatik abiatuta, sektoreetan zein sektore bakoitzaren barruan”. “Froga tasatuak egin behar dira, eta, ebidentzia horretatik abiatuta, beharrezkoak diren politika publikoei heldu behar zaie”, ziurtatu du.

Lehendakariordeak Gizatearekin batera egindako prospekzio-lana ere aipatu du, laneratzeko enpresa berrien bidez enplegu inklusiboa sortzeko gai diren lankidetza publiko-pribatuko aukerak identifikatzeko. Lan hori 2023an zehaztuko da, proiektuak ezarriz. Gainera, bere Sailak “gizarte-ekonomiako formula guztien alde eta, zehazki, gizarteratzeko eta laneratzeko enpresen alde” egin duen apustua defendatu du, eta “indartu egin ditugu, aurrera aterako ez den aukera bakarra egon ez dadin”. Gaineratu duenez, “Gizateak ia 1.500 enplegu egonkor itzultzen dizkigu gizarte osora, enpresa eta aukera gehiagorekin”.

Lehendakariordeak azpimarratu duenez, “gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak dira, zalantzarik gabe, Euskadik krisi-garaiei nola aurre egin dien azaltzen duten adibideetako bat, enplegua nola babesten den eta enplegua berreskuratzeko gaitasuna azaltzen dutenak: lankidetza, babes publikoa eta zerbitzu hobea eskaintzeko berritzeko asmoa”. Horregatik, aurreratu duenez, “aberastasuna sortzeko modu errentagarri eta produktibo hori gainerako produkzio-sarera hedatzea nahi dugu. Aurrera egingo dugu soilik enpresak antolatzeko eta bertan lan egiten duten pertsonak kudeatzeko beste modu bat esploratzen badugu, erakargarriak izan daitezen, zeuretzat har ditzazun eta talentuak ihes egin ez dezan”.

Era berean, ziurtatu du gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak Lan eta Enplegu Saila legegintzaldi honetan lantzen ari den prozesu eraldatzaile garrantzitsuaren parte direla. Prozesu hori Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legean eta Legebiltzarrera bidaltzear dagoen Enplegu Legean oinarritzen da, bai eta Lanbide pixkanaka egokitzen ari dela ere, “errenta, gizarteratze eta enplegu duina lortzeko aukera-berdintasunaren bermearen ardatz gisa”.