Osakidetzak Sondikako kontsultategia handituko du herrian osasun arreta hobetzeko

0

Osasun sailburuak eta Bizkaiko udalerri horretako alkateak konpromiso hori jasotzen duen dokumentua sinatu dute gaur

Osasun Sailak eta Sondikako Udalak Bizkaiko herri hori edukiera handiagoko kontsultategi batez hornitzea adostu dute gaur. Gaur egungo zentroa handitzeko akordioa Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Xabier Zubiaur Sondikako alkateak sinatutako konpromisoaren bidez gauzatu da.

Bi erakundeek irizten dute ekipamendua handitu egin behar dela, gaur egungoa, Agirre Lehendakariaren kaleko 41. zenbakian dagoena, txiki geratu baita 4.500 biztanle ingururi erantzuteko. Hala, Osakidetzak handitu egingo du kontsultategia Udalak 1.100 metro koadro inguruko lursail erantsi bat lagatu izanari esker. Horrek aukera emango du etorkizunean osasun-zentroak zerbitzu gehiago hartzeko, gaur egun Osakidetzak udalerrian ematen dituenez gain.

Obra hau beste urrats bat da euskal erakundeek euskal herritarren osasunarekiko duten konpromisoan eta Lehen Mailako Arreta indartzeko helburuan, Euskadiko auzo, herri eta hiri bakoitzera osasun-laguntza gero eta gehiago hurbiltzen jarraitzeko. Gogoratu beharra dago Osakidetzak 117 milioi euroko zenbatekoa duela esleituta 2023rako aurrekontuan, bere instalazioak eta ekipamenduak modernizatzeko inbertsioetarako.