Eusko Jaurlaritzak konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jarriko du Euskadiren eskumenak urratzen dituen Estatuaren xedapen baten aurka

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, besteak beste, gaurko bileran onatu den Kultura 2028 Plan Estrategikoa azaltzeko. Plan hau XII. Legealdian zehar onartzea aurreikusita dauden Gobernu mailako 16 Plan Estrategikoetako bat da.

Kultura sailburuak nabarmendu duenez, Kultura 2028 Plan Estrategikoaren abiapuntuan dago kultura gizartearen eta erakundeen politika publikoen erdigunean kokatu nahia. Halaber, Zupiriak adierazi duenez, kultura politiken erdigunean jartzen ditu herritarrak, hauen beharrei eta gizarte osoaren ongizateari erantzunak eman nahi dizkielarik. “Izan ere, Plan honek aldarrikatzen du alde batetik, Herri batek, gizarte batek, kultura behar duela bere eraketarako eta kohesiorako eta kulturak egiten gaituela gizaki, egiten gaituela Herri. Kulturak, halaber, gure komunitate kultural eta politikoaren sendotasuna eta gure hizkuntzaren bizitasuna indartzen ditu. Eta kultura, herri erronka bezala kontzebitzen du, gizarte berdinzaleago, anitzago eta kohesionatuagoa eraikitzeko tresna eta bidea delako”, azpimarratu du.

Hurrengo sei urteetako kultura politikei begira, Kultura 2028 Plan Estrategikoan, alde batetik, hiru ardatz finkatzen dira: sorkuntza, eskaintza eta transmisioa; eta, bestetik, zeharkako bi konpromiso ezartzen dira: euskararen normalizazioa eta sustapena eta emakume eta gizonen berdintasuna. Eta azkenik, egiteko modu batean oinarritzen da Plana: auzolanean. 

Plan honek 2022-2028 aldian Euskadi osoko kultura politiken bide-orri partekatua izan nahi du, hau da, herri erakunde guztientzako erreferentzia eta markoa. Horregatik, Kultura 2028 Plan Estrategikoaren indarraldia Foru Aldundi eta Udalen legealdi berrira, eta Eusko Jaurlaritzaren hurrengo legealdi osora luzatuko da.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak gaur hiru enpresen kanpoko larrialdi planak onartu ditu: SOFIAM IBERICA (Iruña Oka/Araba), GASES OXINORTE (Barakaldo/Bizkaia) eta BAKELITE IBERICA (Lantaron/Araba) enpresenak hain zuzen ere. Zupiriak azaldu duenez, kanpoko larrialdietako plan horiek babes zibileko plan bereziak dira eta instalazio horietan gerta litezkeen eta enpresaren kanpoaldean eragina izan dezaketen istripuen aurrean kanpotik erantzuna antolatzea dute helburu.

Bestalde, bozeramaileak jakinarazi du Kontseiluak argi berdea eman diola Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen aldaketa aintzat hartzeari, haren idazketa hobetzeko eta okerreko interpretazioak saihesteko. Beraz, EAJ/PNV eta PSE-EE legebiltzar taldeek testuaren estraktuak argitzeko eta aldatzeko egindako lege proposamena aintzat hartzearen aldeko irizpidea adierazi da gaurkoan. Besteak beste, Legearen 85. artikuluan araututako lizentziak, onespenak eta hirigintza baimenak eteteko epeen zenbaketa argitu nahi du onartua izan den lege proposamenak artikuluaren egungo idazketak interpretazio oker bat egiteko bidea eman dezakelako.

Halaber, Gaurko Kontseiluak baimena eman du Konstituzio Auzitegian konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jartzeko 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen xedapen gehigarri baten aurka. Bingen Zupiriak adierazi duenez, Gobernuak uste du Lege hau Eusko Jaurlaritzaren betearazpen-lanetan sartzen dela eta autogobernua urratzen duela bertan Estatuak bere tresna informatikoak ezartzen bait ditu Gobernu honek dirulaguntzen eta kontratuen prozeduretan betearazte-lanak egin ditzan. 2023rako Aurrekontuei buruzko Estatuko Legeak, aldez aurretik galdetu gabe, Euskal Autonomia Erkidegoari ezartzen dio Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren aplikazio bat erabil dezala euskal organoek Europako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko funtsak gauzatzeko ematen dituzten dirulaguntza eta kontratu guztiak izapidetzeko eta kudeatzeko. “Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek ohartarazten dute gure prozeduretan Estatuko tresnak ezartzeak arriskua dakarrela, eta horrek legez kanpoko esku-sartzea ekarriko lukeela gure ardurapeko zeregin publikoetan, Estatuak jarduera exekutiboak egingo bait lituzke gure prozeduretan, Gernikako Estatutuak aitortzen duenaren aurka”, esan du.

Gobernu-kontseiluak gizartean bizikidetza, giza eskubideen errespetua, enpatia eta elkartasuna sustatzea helburu duen dirulaguntzen deialdia ere baimendu du gaurko bileran. 250.000 eurorekin diruztatuko dira 2023ko udalen eta gainerako tokiko erakundeen bizikidetzari eta giza eskubideei buruzko proiektuak. Bizikidetzaren eta giza eskubideen esparruan, deialdiak bare-hartzen dituen programen eta ekintzen helburuen artean daude konpromisoa bultzatzea giza duintasunarekin, giza eskubideekin eta batasunezko bizikidetzarekin; baita gizartean indarkeria, terrorismo edo giza eskubideen urraketa orori zilegitasuna kentzen dion kontzientzia kritikoa bultzatzea ere. Dibertsitateari eta elkartasunari dagokionez, barne hartzen dituzte dibertsitatearen kudeaketa egokia, arrazakeriaren, xenofobiaren eta beste gorroto-delitu batzuen prebentzioa bultzatzen dituzten ekintzak.