Eusko Jaurlaritzaren hazkunde- eta enplegu-aurreikuspen berriak zuhurrak dira

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen ekonomiko berriak jakinarazi ditu —EUSTATen azken datuak izan ondoren—. Aurreikuspen horien arabera, % 1,5eko hazkundea izango da 2023an, eta % 2,1ekoa 2024an. Bi ekitaldietan 10.000 enplegu sortuko dira, eta langabezia-tasa % 8,2koa izango da 2023rako, eta % 8,0koa 2024rako. Ziurgabetasun handia mantentzen delako egin da berrikuspen hori. Hala, Ukrainako gerrak eta inflazioaren iraunkortasunak arriskugune nagusi izaten jarraitzen dute.

Aurreikuspen berriak ikuspegi kontserbadore eta zuhur batetik egin dira, jakinda Europako Banku Zentralak tasak maximo historikoetara igotzen jarrai dezakeela azpiko inflazioaren iraunkortasunaren aurrean, eta horrek hazkundea oztopatuko lukeela, baina jakitun, halaber, aurten bertan hasiko direla ehun sozioekonomikora iristen Europako suspertze- eta erresilientzia-funtsak. Izan ere, horien eraginak urteko BPGd-aren % 1,6 eta % 2,3 artean gehitu diezaioke aurreikusitako hazkundeari 2021-2026 aldian, horrek ekar ditzakeen arraste-ondorioak kontuan hartu gabe.

Inflazioa da egungo baldintzatzaile nagusietako bat, aldagai makroekonomikoetan duen eraginagatik (kontsumo pribatua, inbertsioa, moneta-politika, etab.). Urtearen hasieran, KPIaren jaitsiera gelditu egin da, eta otsailean % 5,8koa izan zen, hura % 2an ezartzeko Europako Banku Zentralaren helburutik oso urrun. Espero izatekoa da martxoan berriro beheranzko bideari heltzea, 2022ko hilabete beraren aldean —energiaren garestitzeak eragin zion—.

 Informazio gehiago

REVIE