Iragaitzazko Migratzaileei Premiazko Arreta Emateko Erakundearteko Koordinazio Mahaiak urteroko bilera egin du gaur Irungo Gordailuan. Bilera horretan, Gurutze Gorriak Hilanderas I gunean igarotze-bidean dauden migratzaileei arreta emateko 2022ko jardueraren balantzea aurkeztu du.
Hilanderas I, bere garaian Eusko Jaurlaritzak birgaitutako eta Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren programa batean sartutako baliabide ofiziala da.
Eusko Jaurlaritzako sailburuak iragarri du Pirinioetako Lan Elkarteak, Urkullu lehendakaria buru duela, gutun bidez eskatuko duela zuzenean parte har dezala Espainiaren eta Frantziaren arteko Adiskidetze eta Lankidetza Itunean aurreikusitako Mugako Lankidetzarako Batzordean. Urkulluk gutun hori sinatuko du, baita Arku Atlantikoko Batzordeak bidalitakoa ere, parte hartzen duten autonomia-erkidegoek eskaera bera egitea erabaki ondoren.Melgosak jakinarazi du 2022an ez dela beharrezkoa izan Hilanderas II.aren baliabidea aktibatzea, baina, azaldu duenez, “salbuespenez” erabili da Ukrainatik datozen errefuxiatuak “Mediterraneoko autonomia-erkidegoetara joateko” igarotzeko.
Amaitzeko, Ibrahim Diallo eta Abderramán Bas izan ditu gogoan, iaz Bidasoa ibaia zeharkatu nahian bizia galdu zuten bi gazteak. “Tragediak Mediterraneoan eta tragediak Bidasoan… Europak migrazio-politika bateratua beharrezkoa dela ulertu behar du; giza politika. Horrela ere salbatuko ditugu bizitzak”, esan du sailburuak.
“Europak bere espiritu humanitarioa berreskuratzen ez duen bitartean, Hilanderas bezalako baliabideak beharko ditugu”