Araba Ekinean ekimenak 20. urteurrena ospatuko du eta gizarteak behar dituen aldaketak eta eraldaketak zuzentzeko ekintzailetzari balioa emango dio

0

Araba Ekinean ekimenak 20. urteurrena beteko du aurten. Bi hamarkadako ibilbidea egin du dagoeneko eta Arabako ekintzailetzarekin eta berrikuntzarekin lotutako erreferentziazko ekimen eta egitasmo bihurtu da.

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, SPRI taldearen eta BIC Arabaren bitartez, eta Vital Fundazioak gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan ekimenaren edizio berezia, ‘Eraldaketaren liderrak’ izenburupean. Ideia nagusi horrekin, 2023ko edizioak Araba Ekinean ekimenak eta Arabako ekintzailetzaren gainerako ekosistemak urteotan egindako ibilbidean jarri nahi du azpimarra, bai eta berezko izena duten eta gure lurraldearen aberastasunari eta garapenari ekarpena egiten dioten pertsonetan eta proiektuetan ere. Egindako ibilbideari erreferentzia egiten dion mezua da, baina etorkizunari ere begiratzen dio; hau da, lider izaten jarraitzeko eta garai berrietako aldaketen eta bilakaeren aitzindari bihurtzeko helburuari.

Igor Salazar Gasteizko Udaleko Enplegu eta Prestakuntza zinegotziak, Pilar García de Salazar Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiordeak, Aitor Cobanera SPRIko Enpresa Sustapeneko zuzendariak eta Axier Urresti Vital Fundazioen zuzendari exekutiboak gaur aletu dituzte aurtengo edizioko xehetasun guztiak, urtarrilaren 30ean hasi bazen ere Eskola Enpresen Azokarekin.

Araba Ekinean egitasmoko 2023ko ekintza nagusiak apirilaren eta maiatzaren artean izango dira aurten. Apirilaren 25ean, ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren 19. edizioko ideia finalistak aurkeztuko dituzte Europa Jauregian. Ekitaldi horretan, ekintzaileek 5 minutu izango dituzte haien ideiak publikoari eta epaimahaiari azaltzeko, eta proiektuek saria merezi dutela erakusteko. Ekitaldia zabalik dago herritar guztientzat, baina izena eman behar da aldez aurretik alavaemprende.com webgunean.

Handik egun batzuetara, maiatzaren 4an, Jauregi bereko Francisco de Vitoria aretoan Ekin Day jardunaldiaren edizioa egingo da. Ekimeneko jardunaldi nagusia da eta bertan jakinaraziko dira ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketako saridunak, baita 2023ko Araba Ekinean Sarien irabazleak ere. Sari horiek ekintzailetza-ekimen gazte bati eta ekintzailetzaren arloko ibilbide profesional osoari ematen dizkiete. Urteroko gisan, Ekin Day izango da Araba Ekinean ekimeneko jardunaldi nagusia, eta ekintzailetzarako topalekua eta inspiraziorako eta networkignerako lekua izango da. Hitzaldi motibatzaileak izango dira; sektore, egiteko modu eta teknologia berriak dituzten Arabako enpresen arteko elkarrizketak, ekintzailetza gure gizarteak behar dituen eraldaketak sustatzeko funtsezko elementua dela erakusteko helburua dutenak; eta espazio berezi bat egongo da azken 20 urteotan Araba Ekinean ekimenak osatu duen ibilbidea eta etorkizuna tandema ikusarazteko, Arabako enpresa-ehunduraren adibide esanguratsuen bidez.

Sarrera doakoa izango da, baina Araba Ekinean webgunean eman behar da izena aldez aurretik. Datozen asteetan emango dute jardunaldi horretako egitarau osoaren berri.


Ideien lehiaketa

Aurkezpenak balio izan du baita ere gogorarazteko martxoaren 24tik zabalik dagoela ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren 19. edizioan parte hartzeko epea. Lehiaketa horretan lurraldeko ideiarik eta proiektu ekintzailerik onenak saritzen dira. Guztira, 7.000 euro baino gehiagoko zortzi sari banatuko dira irabazleentzat babesa ematen duten erakunde ugarien laguntzari esker: Vital Fundazioa, Aclima (Ingurumeneko Euskal Clusterra), Gasteiz ON, Eroski, Michelin Fundazioa, i+Med eta RPK.

Aurten, sariak kategoria berri bat izango du osasunaren arloan, eta i+Med bioteknologiako enpresak babestuko du.

Hauek dira sariak:

  • Vital Fundazioa saria, ideia onenarentzat: 1.000 euroko zenbatekoa duena.
  • Aclima saria, ideiarik jasangarrienarentzat: 1.000 euroko zenbatekoa duena.
  • Merkataritzako eta turismoko Gasteiz ON saria. 1.000 euroko zenbatekoa duena.
  • Eroski saria, nekazaritzako elikagaien arloko egitasmorik onenarentzat:1.000 euroko zenbatekoa duena.
  • Michelin saria, industria arloko egitasmorik onenarentzat: 1.000 euroko zenbatekoa duena.
  • i+Med saria, osasun arloko ekimen onenarentzat: 1.000 euroko zenbatekoa duena.

Kategoria nagusi horiez gain, beste bi sari berezi eta metagarri banatuko dituzte eta proiektuek horiek eskuratzeko aukera izango dute aurrekoetakoren bat jasota ere:

  • RPK sari berezia, enpresa arloko eraldaketa sozialarentzat: 1.000 euroko zenbatekoa duena.
  • Publikoaren sari berezia: Ideia finalisten azken aurkezpenera joaten den publikoak aukeratuko du sariduna. 300 euroko balioa du.

Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko eta martxoaren 30eko 14:00ak arte egongo da irekita. Oinarriak alavaemprende.com webgunean kontsulta daitezke. Epaimahaia lurraldeko hainbat eragile ekintzailek osatzen dute, eta apirilaren hasieran erabakiko dituzte finalistak. Aurten onlineko ekitaldi baten bitartez iragarriko dira finalistak, apirilaren 17an eta, gainera, aurreko edizioetan saritutako proiektu ekintzaileen garapena erakutsiko dute. Ekimen horretatik 800 ekimen ekintzaile baino gehiago igaro dira, eta Arabako herritarrek duten indar sortzailearen eta berrikuntzarako gaitasunaren adibide dira. Gainera, azken urteotan, oso gazteek egindako proposamenak nabarmen igo dira. horrek esan nahi du ikuspegi ekintzailea geroz eta gehiago ari dela barneratzen belaunaldi berrietan, gizarteko hainbat eragilek filosofia hori sustatzeko egindako lanari esker, hala nola administrazioek, ikastetxeek, unibertsitateak, enpresa-erakundeek eta ekosistema hori osatzen duten beste erakunde batzuek.

Iaz izandako harrera onaren ondoren, lehiaketak, gainera, prestakuntza espezifikoa eskainiko die lehiaketako finalistei. Prestakuntza hori Cristina Juesasek, aurkezpen publikoetan adituak eta TEDxVitoria-Gasteizen sustatzaileak, eskainiko du beren proiektuen aurkezpenak prestatzen laguntzeko asmoz.

Finalistek ikusleentzat zabalik egongo den ekitaldian erakutsi beharko dituzte beren proposamenak. Apirilaren 25ean izango da Europa Jauregian eta irabazleak maiatzaren 4 egingo den Ekin Day egitasmoaren baitan ezagutaraziko dituzte. Lehiaketako antolatzaileek proiektu edo ideia ekintzaile bat duten pertsona guztiak animatu nahi dituzte edizioan parte hartzera. ’Zure ideiak balio du’ lehiaketa “aukera handia da negozio-ideiak probatzeko eta ikusarazteko, eta abian jartzeko edo garatzeko sustapen handia izan daiteke”, nabarmendu dute.

Enpresen azoka eta proiektuak eraginkortasunez aurkezteko prestakuntza

Urtarrilaren 30ean, Araba Ekinean 2023ko lehen ekimena egin zen, Eskola Enpresen Azoka Santa Barbara plazako pergolan. Ekimen hori Ikasenpresaren amaierako ekitaldia da, eta ekimen horren bitartez Arabako hainbat Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako ikasleek kontaktua izan dezakete enpresen munduarekin ikasgelatik abiatuta eta, hala, haien gaitasun ekintzailea landu.

Edizio honetan, 59 negozio-proiektu edo -ideia aurkeztu zituzten Arabako Lanbide Heziketako 5 zentrotako ikasleek: Mendizabala, Ciudad Jardín, Eraiken, Jesús Obrero eta Arriaga. Azoka herritar guztientzako dago zabalik, eta produktuen eta zerbitzuen askotariko katalogoa eskaintzen du. Nabarmenen artean hondakinak balio bihurtzeko proposamenak daude, materialak berrerabiltzen eta birziklatzen jarduten duten negozioekin. Enpresa-proposamen gehienek jorratu zituzten beste arloetako batzuk pertsonen bizitzak hobetzeko eta errazteko gailuekin eta aplikazioekin lotutakoak izan dira.

Bestalde, azken urtean espazio berri bat jarri dute martxan webgunean proiektu ekintzaile berri bat sortzeko garaian dagoen zailtasun handienetako bat arintzeko: komunikatzeko eta inbertitzaileei, erakundeei edo publikoari saltzeko gaitasuna. ‘Bideo-pilulak’ atala da, eta eduki erabilgarriak eskaintzen ditu ikus-entzunezko formatuan pertsona ekintzaileentzat, proiektuak komunikatzeko, aurkezpen eraginkorrak egiteko eta ideiak ‘defendatzen’ ikasteko. Kontsultarako bideo-bilduma txikia da, komunikazio eraginkorrak egin, zirrara sortu eta hainbat publikoren aurrean proiektuak aurkezteko garaian jendea harritu nahi dutenentzat.

Ildo beretik, Araba Ekinean programak Ikasi zure negozio-proiektua edo ideia ondo saltzen izeneko doako topaketa bat ere egingo du apirilean, Araian (Menagarai). Topaketa horrekin, baliabideak eskaini nahi ditu Aiarako haraneko enpresei aurkezpen eraginkorrak egiteko baliabideak eskaintzeko, Cristina Juesas profesionalak eskainiko duen aurrez aurreko prestakuntzaren bitartez. Izena eman daiteke dagoeneko Araba Ekinean webgunearen bidez.

Ekintzailetzari buruzko onlineko topaketa-programa

Araba Ekinean ekimenak Ekin Breakfast programa berria garatuko du aurten, eta doako topaketa tematiko txikiak izango dira lurraldeko ekintzailetzaren hainbat sektore eta alderdiren gainean. Iaz, onlineko 7 topaketa egin zituzten, 20 ekimen ekintzaile baino gehiagorekin eta 250 parte-hartzaile baino gehiagorekin. Gainera, hogei enpresa baino gehiagok ikusarazi eta partekatu ahal izan zituzten beraien ekintzailetzarako esperientziak eta, gainera, enpresa sortzeko ibilbidean hastear zeuden beste pertsona batzuk laguntzeko eta inspiratzeko balio izan zuten. Barneko ekintzailetza, kulturaren arloko ekintzailetza edo ekintzailetzarako modu juridiko desberdinak bezalako gaiak izan ziren 2022ko zikloan protagonistak.

Programa horrek egin du dagoeneko topaketa bat 2023an, gure lurraldeko ekintzaileentzako dirulaguntzei buruz, eta berrogeita parte-hartzaile inguru izan zituen.

Hain zuzen ere, bihar, martxoaren 14an, egingo da aurtengo bigarren Ekin Breakfast topaketa. Formatu hibridoa izango du eta osasunaren arloko ekintzailetza eta ongizatea izango ditu ardatz. Bertan, Arabako lau start-upek azkar hazten den eta ikerketari, berrikuntzari eta teknologia disruptiboen erabilerari oso lotuta dagoen sektore honetan izan duten esperientzia kontatuko dute. Topaketa Vital Fundazioa Kulturunean, Dendaraban, izango da arratsaldeko 18:30etik aurrera eta streaming bidez ere ikusi ahal izango da. Informazio guztia eta izen-emateak Araba Ekinean ekimenaren webgunetik egin daitezke.

Euskadiko ekintzailetzaren erreferentziazko espazio birtuala

Azken urteotan, alavaemprende.com webgunea ekintzailetzari buruzko erreferentziazko espazioa bihurtu da, ez Araban bakarrik, baita Euskadin ere. 2022an zehar, webguneak 18.000 bisita izan zituen ia eta ekintzailetzaren inguruan izandako berrikuntza guztien gaineko informazioa eskaini zuen puntualki. Izatez, orrialdeak atal espezifikoak ditu une bakoitzean indarrean dauden proiektu ekintzaileentzako dirulaguntzak kontsultatu ahal izateko, eta jarduera ekintzaileak egin daitezke Arabako espazioak ezagutzeko edo aholkularitza espezifikoa eskaintzen duten eragileak ere aurki daitezke. Halaber, orrialdeak talentu ekintzailea bilatzeko atal espezifikoa du, eta Arabako enpresek beraien lan-eskaintzak jar ditzakete bertan.

Gainera, Araba Ekinean ekimenak sare sozialen plan aktiboa du lurraldeko jarduera ekintzaile guztiak zabaltzeko, eta urtean zehar bere edukiak sortzen ditu. Alde horretatik, Twitterreko profilak 2.300 jarraitzaile baino gehiagoditu dagoeneko eta iaz 9.194 interakzio baino gehiago egin zituzten, Facebooken 725 jarraitzaile ditu eta 540 interakzio izan zituen, eta Linkedineko orria ere badu, 797 jarraitzailerekin egun. Aurtengo berrikuntza da ekimenak profila sortu duela Instagramen, gazteenen artean ekintzailetza sustatzeko edukiak eta mezuak zabaltzeko.

Erakundeak ekintzailetzan ari diren edo ekintzailetzan aritu nahi duten Arabako pertsona guztiak animatu nahi ditu urtez urte hazten doan komunitate honekin bat egitera. Bestalde, 612 harpideduni newsletter bat bidaltzen diete hilero sektoreko azken berriekin.