Berdela, Eusko Labeldun produktu berria

0
  • Eusko Labelarekin identifikatuko da Euskadiko arrantza-tresna tradizionalak dituzten eta kalitate oso ona duten itsasontziek harrapatu duten berdela.
  • Horrela, kontsumitzaileei erraztu egin nahi zaie Euskadiko eta kalitateko berdela bereizten.

Berdela da Eusko Labeldun produktuen familian sartu den produktu berria, eta, zehazki, Gure Arrantza produktuek azken urteotan egiten ari den ibilbide ona osatzen du hegaluzearekin, hegalaburrarekin eta antxoarekin batera. Horrela, Eusko Label bereizgarriak emandako kalitate-ziurtagiria Euskadin arrantzatu ohi den beste espezie batera zabaltzen da, eta horrek erregelamendu tekniko oso zorrotz batean ezarritakoa bete beharko du.

Eusko Labeldun berdelaren aurkezpena Hondarribian egin da, eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak nabarmendu du berdela Eusko Labelera gehituta, Euskadiko arrantza-sektoreari tresna berri bat ematen zaiola bere produktuak merkatura ahalik eta balorizatuen iristeko, aukera gehiagorekin eta merakataritza garapenerako tresna berriekin.

Tapiaz gain, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordea eta Euskadiko arrantza-sektoreko ordezkariak ere bertaratu dira aurkezpen-ekitaldira.

Ezaugarriak

Eusko Label kalitate-bereizgarriarekin identifikatutako arraina baxurako euskal artisau-flotaren ohiko eremuan harrapatutako Scomber scombrus espeziearen berdela izango da (FAO 27 EREMUKO VII. eremua). Berdela arrantzatzeko baimendutako arrantza-modalitateak amua eta inguraketa dira, eta Estra eta A kategoria piezak onartuko dira. Arraina sailkatzeko orduan, kalitate-kontuak hartuko dira kontuan, hala nola kanpoko itxura, azala edo trinkotasuna.

Espezie horren harrapaketa-aldia urte osoan zehar garatu ahal izango da, erregelamenduaren arabera, baina arrantza-sasoirik ohikoena otsailetik apirilera izaten da.

Lehenengo fasean, berdel freskoa bermatuko du bereizgarri horrek, baina produktu eraldatuetara edo prestatuetara ere irekita egongo da, hala nola Eusko Labeldun izendapenarekin egindako berdel hanburgesetara.

HAZIk ezarriko ditu produktuaren prozesu-katean, lortzeko, kontserbatzeko, biltegiratzeko, garraiatzeko, etiketatzeko, manipulatzeko, ontziratzeko eta merkaturatzeko beharrezkotzat jotzen diren kontrol- eta ziurtapen-sistemak, Eusko Label bereizgarriaren ikurrekin identifikatzen den produktuak araudian eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzeko.

Datuak berdela eta antxoa

2023ko arrantza kanpainari dagokionez Euskadiko arrantzaleek 2.080.969 kilo harrapatu dituzte eta bataz besteko prezioa 1,31 euro izan da kiloko. Aldiz, antxoaren kasuan 1.105.357,60 kilo arrantzatu dituzte eta bataz besteko prezioa 1,68 eurokoa izan da kilo bakoitzeko.