Enpleguko sailburuordeak Gipuzkoan berrehun zaintzaile profesional prestatzeko proiektua aurkeztu du

0
PRUEBA

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, sortzen ari den sektore honek datozen urteetan izango dituen aukerak aprobetxatu nahi dira

Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeak zaintzaile profesionalen prestakuntza sustatzeko proiektu bat aurkeztu du gaur Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, berrehun pertsonak lor dezakete profesionaltasun-ziurtagiria arlo horretan.

Gurpegik agerraldia egin du gaur Gipuzkoako hiriburuan, Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatu eta Adinberriko presidentearekin batera, Idoia Mendiak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak Foru Aldundiarekin zaintzaile profesionalen prestakuntza sustatzeko sinatu duen akordioaren berri emateko. Aldundiak mendekotasuna duten pertsonei ematen dien laguntza pertsonaleko prestazio ekonomikoaren esparruan zaintzaileentzako profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntza-ekintza da. Joan den urtarrilean hasi zen eta datorren urtean ere garatuko da lurraldeko hainbat eskualdetan.

Bere esku-hartzean, Enpleguko eta Gizarteratzeko sailburuordeak adierazi duenez, “zaintzen sektorea hazten ari da, eta datozen urteetan 40.000 lanpostu sortuko ditu. Hori dela eta, beharrezkotzat jo du estrategia bat abian jartzea, gure gizartearen eraldaketak dakartzan aukerak aprobetxatuko dituena, eta gaikuntzari eta trebetasunei buruzko prestakuntza modu berriak eskainiko dizkiona, bereziki zainketen sektore honetan”.

Ildo horretan, gogorarazi du Zainlab programaren ildoetako bat, bere sailak bultzatzen duena eta zainketen sektorea profesionalizatzeko hainbat jarduera eremu barne hartzen dituena, zeregin horietan jada lanean ari diren baina prestakuntza espezifikorik ez duten pertsonez arduratzen dela, eta helburu nagusia duela “zainketen arreta duintzea, lanbideari balioa ematea eta zeregin horietan aritzen direnak -gehienak emakumeak dira- modu egokian prestatzea”.

“Lan eta Enplegu Saila Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan ari da silver economyko prestakuntza curriculuma diseinatzeko ere”, Gurpeguik adierazi duenez. Ekintza “guztiz berritzailea da, diziplina profesional desberdinei espezializazioa ematea ahalbidetuko duena, enplegagarritasun handiagoa emateko eta, aldi berean, erronka horrekin lotuta enpresa aukerak sortzeko”. “Kontua da gaitasun berriak sartu behar direla zainketa zerbitzuak ematearekin zuzenean lotutako lanbide profiletan, edo pertsona eta haren premiak kontuan hartzen dituen zaintza-eredu bat zeharka laguntzen duten jardueren eta zerbitzuen lanbide profiletan”.