Euskadiko okindegi eta gozotegi tradizionalek beren lanbideak eta kalitateko produktuak sustatzeko batu dira

0
PRUEBA

• Batez ere, gizartearen kontsumo-ohiturak aldatzeak eragin du okindegi eta gozotegi tradizionalen negozioa nabarmen murriztea.

• Okin eta gozogileen elkarteak eta Eusko Jaurlaritza lanean ari dira lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko, Ukrainako krisiaren ondoriozko egoera zailaren aurrean.

• Eusko Jaurlaritzak babestutako “Okintza eta gozogintza artisaua, bihotzez egina” kanpainaren bitartez, kontsumitzaileak berriro establezimenduetara hurbiltzea lortu nahi da.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako okindegi eta gozotegi tradizionalen elkarteek elkarrekin azaldu dute gaur Euskadin sektorea bizitzen ari den egoera, azken urteetan egiturazko arazoak jasaten ari baita salmentak eta fakturazioa murrizteagatik; hain zuzen, arrazoi horrengatik establezimendu tradizional batzuk itxi egin dira.

Sei elkarteekin batera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak elikaduraren euskal balio-kate osoarekin duen konpromisoa erakutsi nahi izan du, katearen lehiakortasuna bultzatzeko. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza “Okintza eta gozogintza artisaua, bihotzez egina” leloa duen kanpaina bultzatzen ari da, sektore hori balioan jartzeko asmoz. “Okin eta gozogile tradizionalek produktuak mimo handiz egiten dituzte eta kalitatezko produktuak ekoizten dituzten maisuak dira”, adierazi du Oroz sailburuordeak.

Azken hamarkadan, hainbat faktorek desegonkortu dute Euskadiko okintza eta gozogintza tradizionalaren sektorearen egoera. Batetik, produkzio-kostu altuak daude, bai energia-hornidurenak, bai lehengaienak. Gainera, enpresa askok zailtasunak izan dituzte aurrera jarraitzeko, belaunaldi-txandaketa falta izateagatik; izan ere, lanbide gogorra eta zorrotza da ordutegiei dagokienez. Alabaina, nagusiki, gizartearen kontsumo-ohiturak aldatzeak murriztu du nabarmen okindegi eta gozotegi tradizionalen negozioa; izan ere, joera da ogi eta gozotegietako produktuak gutxiago kontsumitzea, eta, gainera, kate handi edo frankizietako establezimenduetan erostea. Gaur-gaurkoz, ogiaren % 54 banaketa handian erosten da, eta % 30, berriz, okindegietan.

Egoera leheneratzeko, Euskadiko betiko okindegi eta gozotegi bat egin dute sektorearen profesionaltasunaren garrantzia nabarmentzeko; izan ere, sektoreak ibilbide oso luzea egin du, eta oso ondo ezagutzen ditu produktuak eta beren ekoizpen-prozesuak. Gainera, bezeroekin duten tratu-gertutasunari esker, kontsumoaren behar eta eskari berrira moldatzeko gai dira.

Sektorea eraldatzen ari da kontsumo-joera eta -estilo berrietara egokitzeko, eta okintza eta gozogintza tradizionalaren kalitatea eta maisutza lehenesten ditu. Sektoreko okindegi edo gozotegi bakoitzean produktu esklusibo eta bereziak aurki daitezke.

Azken urteetako joeraren datuak

Ogiaren eta gozoen ekoizpenari dagokionez, Euskadin, azken hamarkadan, fabrikazio tradizionalak establezimenduen % 18 galdu ditu eta salmentak % 27 jaitsi dira. Aitzitik, aldi berean, okintza eta gozogintza industrialeko produktuen salmenta % 22 igo da.

Azken hamarkadan ogiaren kontsumoa % 12 murriztu da. Duela hamar urte, batez beste, urtean 42 kg ogi per capita inguru kontsumitzen zen, eta gaur egun, kontsumo hori pertsonako eta urteko 37 kilogramotik beherakoa da, hau da, % 12 murriztu da azken 10 urteetan. Horretaz gain, kontsumo-ohituretan ere aldaketa batzuk ikusten dira, ogi industrialaren erosketa %21 hazi baita azken hamarkadan.

Opilen eta gozoen ataleko joera antzekoa da. Supermerkatuen merkatu-kuota ehuneko 7 puntu hazi da segmentu horretan, eta gaur egun Estatu-mailan saldutako opil eta gozoen % 73 saltzen da saltoki horietan (duela 10 urte, saldutako kopuruaren % 66 zen). Okindegiak kuotaren % 10 ziren (bolumenean) eta gaur egun % 8ra jaitsi dira. Segmentu horretan, ikusi da opil/gozo industrialak kontsumitzeko joera ere gero eta handiagoa dela.

Une honetan Euskadiko gozogintza eta okintza sektoreetan 5.600 langile daude, 900 enpresa eta 2.300 saltoki.

Bihotzez eginak

Azken asteotan, hedabideetan “Okintza eta gozogintza artisaua, bihotzez egina” kanpaina garatzen ari da, Euskadiko okintza eta gozogintzaren tradizioa, maisutasuna eta profesionaltasuna nabarmentzeko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako okinen eta gozogileen elkarteek sustatutako kanpaina da, sektorea bereizi, identifikatu eta hari prestigioa ematea helburu duena. Horretarako, beren produktuak egiteko erabiltzen dituzten prozesu tradizionalak, erabiltzen dituzten kalitatezko lehengaiak eta beren establezimenduen berezitasuna nabarmentzen dira, kate handien estandarizazioaren aurrean.

Kontsumitzaileei okindegi eta gozotegi benetan artisauak identifikatzen laguntzeko, establezimenduen sarreran jarriko den sustapen-bereizgarria sortu da.