Etxebizitza Sailak Arrasaten alokairuko 51 BOE esleitzeko prozedura hasi du

0
  • Visesa amaitzen ari den eraikinean 7,85 milioi euroko inbertsioa egin da

 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak gaur argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) Visesa Arrasaten, Zerrajerako eremuan, amaitzen ari den alokairu-erregimeneko babes publikoko 51 etxebizitzako sustapena esleitzeko prozedurari hasiera emateko agindua. Adierazi behar da eremu hori nabarmen ari dela indartzen sozietate publikoaren jarduketei esker.

Alokabide sozietate publikoak kudeatuko dituen 51 etxebizitza horietatik 33k bi logela dituzte –hiru etxebizitza mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude– eta 18k hiru logela; eraikinean 7,85 milioi euroko inbertsioa egin da.

Prozeduran izena emateko epea martxoaren 23tik apirilaren 3ra artekoa izango da, eta interesa dutenek baldintza hauek bete behar dituzte: Etxebideren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko etxebizitza-eskatzaile gisa alta emanda egotea Arrasaten edo Debagoieneko eremu funtzionaleko udalerrietako batean; eskabidearen titularretako bat behintzat Arrasaten erroldatuta egotea esleipenei hasiera emateko agindua argitaratzen denean; jabetzan, azalera-eskubidean edo gozamenean etxebizitzarik ez izatea aurreko bi urteetan; eta bizikidetza-unitatea sei kidek baino gutxiagok osatzea.

Beste baldintzetako bat da 2021eko errenta-aitorpenean diru-sarrera haztatuak 9.000 euro eta 39.000 euro artekoak izatea –gutxieneko diru-sarreren baldintza ez da kontuan hartuko mugikortasun murriztua duten pertsonen, desgaitasun psikikoa dutenen eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen edo etxebizitza izateko eskubide subjektiboa onartuta dutenen kasuan–.

Hau ez da Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Arrasaten gauzatzekoa duen jarduketa bakarra. Etxebizitza babestuaren arloan, Visesak salmentako 63 BOE sortu ditu, eta une hauetan alokatzeko beste 70 eraikitzen ari da eremu berean –horiek esleitzeko prozedura aurreratuta dago, onartuen behin-behineko zerrenda osatuta baitago–.  Bestalde, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritza ere lanean ari da Garibai kalean, Sindikatuen Etxea izenez ezagutzen den eraikinean, alokairuko zuzkidura-bizitokiak egiteko, eta bertan batez ere gazteentzat izango diren hamabi apartamentu eraikiko dira. Bestalde, Arrasate ere sartu da auzoen hiri-berroneratze integraleko programan Santa Teresa auzoko eraikinak eta etxebizitzak birgaitzea sustatzeko eta hiri-ingurunean hobekuntzak egiteko, eta 7,37 milioi euroko inbertsioa egingo da bertan.

Zerrajerako babes ofizialeko 51 etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko informazio guztia: https://www.etxebide.euskadi.eus/x39-etxebide/es/