Handitu da Zientzia eta Teknologian graduatutako gazteen kopurua Euskadin

0

Horietako heren bat soilik dira emakumeak

2015etik 2021era, handitu egin da Euskadiko unibertsitateetan Zientzia, Ingeniaritza edota Arkitekturako graduko ikasketak amaitu dituzten 35 urtetik beherako pertsonen kopurua. 2.153 pertsona izan ziren 2015ean eta 2.580 pertsona 2021ean.

Euskadiko unibertsitateetan, Zientzia, Ingeniaritza edota Arkitekturako graduren bat amaitu duten 35 urtetik beherako pertsonen kopurua urte bakoitzean (absolutuak)

Zientzietan, Ingeniaritzetan eta/edo Arkitekturan graduatutako gizonen eta emakumeen kopurua handitu da baina proportzio berean mantentzen da; beraz, seriean zehar, mota horretako unibertsitate-graduetan graduatutako pertsona guztien herena inguru dira emakumeak.

Euskadiko unibertsitateetan, Zientzia, Ingeniaritza edota Arkitekturako graduren bat amaitu duten 35 urtetik beherako pertsona guztietatik emakumeen portzentajea urte bakoitzean (%)

Nolanahi ere, emakumeen proportzio txikiago hori ingeniaritzetan duten presentzia txikiagoari lotuta dago; izan ere, zientzia-graduak soilik kontuan hartuz gero, emakumeen zifrak handixeagoak dira (zientzietan, graduatutako emakumeak graduatutako 35 urtetik beherako pertsona guztien % 57,6 ziren 2021ean).

Zientzia-gradu horien artean daude Biologia, Biokimika eta Biologia molekularra, Bioteknologia, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Ingurumen-zientziak, Fisika, Kimika, Geologia eta Matematika. Ez dira kontuan hartzen osasun-zientzietako graduak.

2021ean Zientzietan graduatutako 35 urtetik beherako pertsonen banaketa sexuka (%) 2021ean eta Ingeniaritzetan edota Arkitekturan graduatutako 35 urtetik beherako pertsonen banaketa sexuka (%)

Aurkeztutako datuek ez dute esan nahi, datu absolutuetan, emakumeek zientzien alde egiten dutenik Ingeniaritza edo Arkitekturaren alde baino; izan ere, 2021ean, Zientzia eta Teknologian graduatutako 858 emakumeetatik 557 (hau da, % 64,9) ingeniaritzaren batean edo arkitekturan graduatu ziren. Gizonen artean, berriz, ehuneko hori % 87,1era igotzen da. Baina zehaztu behar da Euskadiko unibertsitateetan ingeniaritzetan eta arkitekturan eskainitako plazak zientzia-graduetan eskainitakoak baino askoz gehiago direla.

Edonola ere, genero-rolak gainditu behar dira, eta emakume gehiago sartu behar dira ingeniaritza-ikasketetan, baita gizon gehiago ere giza zientzietan eta osasun-zientzietan. Hori dela eta, Nazio Batuen Erakundeak Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna Zientzian ezarri zuen, emakumeek jarduera eta ikerketa zientifiko eta teknologikoan gehiago parte-hartzeko eta aintzatespen handiagoa izateko.

Aurkeztutako datuak Eustatek argitaratzen duen Unibertsitatearen Estatistikatik datoz, eta Gazteen Euskal Behatokiaren webguneko online estatistiketan kontsulta daitezke, Hezkuntza atalean, hain zuzen ere.