Argi berdea Euskal Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Dimentsionatzeko Erakunde arteko Batzordea arautzen duen Dekretuari

0
  • Gobernu Kontseiluak euskal sektore publikoa aztertu eta lankidetza eta koordinazio formulak proposatzea helburua duen araudia onartu du

Gobernu Kontseiluak Euskal Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Dimentsionatzeko Erakunde arteko Batzordea arautzen duen Dekretua onartu du gaur. Organo hori Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legean ezarritakoa betez arautzen da, eta tresna garrantzitsua izango da gainjartzeak eta bikoiztasunak saihesteko.

Euskal Sektore Publikoaren Legeak sektore publikoaren dimentsionamendua eta eraldaketa bilatzen du, betiere euskal administrazioen tamaina beren helburu eta eginkizunetara egokitua izan dadin. Bide horretan, Erakunde arteko Batzordea trakzio-eragile izateko pentsatuta dago, eta bere eginkizunek gobernuei eragiten dizkie, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden erakunde maila guztietan.

Sektore publikoen arteko balizko eraginkortasunik ezei, gainjartzei eta bikoiztasunei aurre egiteko proposamenak aztertzea eta formulatzea da Batzordearen eginkizunetako bat; bereziki, euskal sektore publiko osoari eta Estatuko sektore publikoari dagokienez. Halaber, Batzordea administrazioen arteko lankidetzari eta koordinazioari lotutako proposamenak aztertzeaz eta formulatzeaz arduratuko da, bai eta administrazio publikoen eta sektore publikoen antolaketaz eta funtzionamenduaz ere.

Dekretuaren arabera, herri-administrazioaren arloan eskumena duen sailburua izango da batzordeburua, gaur egun Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Olatz Garamendi. Batzorde horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak izendatutako lau adituk, Foru Aldundiek izendatutako hiruk eta Eudelek izendatutako beste hiruk osatuko dute Batzordea.

Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu ondoren, datozen asteetan maila instituzional bakoitzeko ordezkariak izendatuko dira, eta Batzordeko presidenteak izendatuko ditu.