Donostiak lau patio inklusibo berri izango ditu

0
PRUEBA

Donostiako Udalak lau ikastetxetan patio inklusiboak ezartzeko proiektuak onartu ditu, bai eta horien zenbatekoak ere, Eusko Jaurlaritzari dagokion dirulaguntza eskatzeko.

Eneko Goia alkateak gogorarazi du proiektu horien espiritua jarduerak eta espazioen banaketa harreman berdinzaleagoak eta horien erabilera bidezkoagoa errazteko diseinatuta dauden jolaslekuak lortzea dela.

Lau eskola eraikinentzat diseinatu ahal izan dira patio inklusiboak ezartzeko proiektuak, eta eskola komunitateak partaidetza prozesu bat egin du irakasleekin eta familiekin hauek garatzeko.

Hauek dira proiektuak:

  • Ibai Ikastola HLHI (96.794 euro)
  • Aiete HLHI (96.791 euro)
  • Zuhaizti Ategorrieta HHI (96.790 euro)
  • Amara Berri Urbieta HHI (96.787 euro)

Obren zenbateko osoa 387.164 eurokoa da; horietatik % 90 Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du (348.448 euro), eta gainerako % 10 Udalak (38.716 euro).

Donostiak beste lau patio inklusibo ere baditu: Aitor Ikastola Konkorrenea, Amara Berri Morlans, Arantzazuko Ama eta Zuhaizti Eskola.

 

Illunbe

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Larrain, SL eta Loiola Gestión Inmobiliaria, SL enpresek atzera egindakotzat jotzea udalaren jabetzako Illunbeko bi lursailak (Zorroaga Pasealekua) besterentzeko kontratua, eremu horretarako sarbideak hobetzeko obrak gauzatuz eta aparkaleku erabileretarako jabari publikoko lursaila baten erabilera pribatiboaren emakidarekin.

Era berean, aurreikusitako 371.175 euroko bermea konfiskatzea eta lurzatiak besterentzeko kontratua esleitu gabe uztea onartu da.

 

Marrus baratzeak

Tokiko Gobernu Batzarrak Marruseko baratzeak berregokitzeko proiektuaren 2.0 fasea burutzeko obren kontratazio espedientea onartu du. Baratzeak funtzionamenduan modu seguruan jartzea lortzeko bi obra lote ditu.

• 1. lotea – Eremu kutsatua estaltzea eta eremua egokitzea: Eremu horretan sartzen dira kutsatutako eremuan zuzenean egin beharreko jarduketak eta eremu horrek baratzeetan izango duen eraginaren ondoriozko jarduketak.

• 2. lotea – Baratze garbien eremua egokitzea: Horren barruan sartzen dira baratze garbien gainean zuzenean egin beharreko jarduketak, urteetan erabili gabe egon ondoren martxan jarri ahal izateko, eta zurezko biltegi berri bat jartzea.

Proiektuaren emaitza izango da hesitutako espazio bat, eta horren barruan bereiztuko dira lurrez eta lorategiz estalitako lursailaren zati bat, non ezin izango den jardun; eta beste zati bat, baratzeen banaketa berria.

Bi loteetarako lizitazio aurrekontua 343.811 eurokoa da (200.730 €+ 143.081 €) eta burutzeko epea 3 hilabetekoa 1. loterako eta 2 hilabetekoa 2. loterako (jarraian).

 

Aieteko Topalekua

Tokiko Gobernu Batzarrak Aieteko Topalekua ekipamenduaren zerbitzuen emakida kontratatzeko espedientea onartu du. Bere lizitazio aurrekontua 372.551 eurokoa da eta burutzeko epea 3 urtekoa, beste 2 urtez luza daitekeena (2 luzapen, bakoitza gehienez urtebeteko iraupenekoa).

Kontratu honen xedea Aieteko Topalekua ekipamenduko zerbitzu hauek ematea da:

  • Taberna / jangela zerbitzua
  • Garbiketa zerbitzua
  • Atezaintza zerbitzua
  • Mantentze zerbitzua