Eusko Jaurlaritzak PADI programaren prestazioa hobetu eta arindu du; horretarako, dekretu bidez arautu du programa

0

Gobernu Kontseiluak, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak proposatuta, gaur, Euskadiko 7 eta 15 urte bitarteko herritarrentzako aho-hortzen osasunaren arloko prestazio sanitarioari buruzko dekretua onetsi du.

Gaur arte, programan parte hartzen zuten profesionalek deialdi publikoen eta dagozkien administrazio-kontratuen bidez parte hartzen izan dute.

Dekretu horren helburua da asistentzia eta kudeaketa horren edukia eta irismena ezartzea, Euskadiko osasun-sistemaren kargura. Hura duela 33 urte Euskadin ezarritako Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren (PADI) bidez gauzatuko da, eta ekitatean oinarritutako aho-hortzen osasun-arreta bermatzen duten prebentzio-neurrien eta asistentzia-jarduketen multzoa definitzen du.

Aurrerantzean, zerbitzuaren prestazioa arindu egingo da, programan parte hartzen duten profesionalek Sailarekin administrazio-harreman errazagoa izateko aukera emango duen sistema baten bidez.

Dekretu horren bidez, PADIren osasun-asistentzia bermatzen zaie hura jasotzeko eskubidea duten herritarrei, 187.371 umeri, zehazki, 2023. urterako, Eustaten datuen arabera. 6.754.476 €-ko gastua aurreikusten da.

Ume onuradunek 7 urte betetzen dituzten urteko urtarrilaren 1ean izango dute prestaziorako sarbidea, eta 15 urte betetzen dituzten urteko abenduaren 31ra arte izango dira bertan.

Era berean, atzerritar adingabeen aldi baterako lekualdaketako programa humanitarioetan hartutako 7 eta 15 urte bitarteko pertsonak ere izan ahalko dira programaren onuradun.