Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak (Gobernu Bilera 2023-3-21)

0

Gobernu Kontseiluak Gazteen Emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia onartu du gaur. Gobernu Programaren 92. konpromisoari erantzuten dio. Emantzipatzeko batez besteko adina aurreratzea lotuta dago gazteen aukerekin, euskal gizartea gaztetzearekin eta belaunaldi arteko eta belaunaldi barruko kohesioarekin. Herri-helburua da, eta lehen mailako lehentasuna Eusko Jaurlaritzarentzat.

Abenduaren 7an, Gobernu Kontseiluak hasierako proposamenaren berri izan zuen, eta bi hilabeteko epea zabaltzea adostu zuen edukian parte hartzea errazteko. Epe honetan, honako erakunde hauen ekarpenak jaso dira: Zedarriak Foroa, Bizkaiko Foru Aldundia, ELKARTEAN (Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Euskadiko Elkarte Koordinatzailea), FEDEAFES (Gaixotasun mentala duten pertsonen eta haien senideen elkarteen Euskadiko Federazioa), EGK (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua), Astialdi Sarea eta EUDEL.

Eusko Jaurlaritzak agerraldia izan zuen, gainera, otsailaren 22an Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean bere edukia aurkezteko. Horrela, Estrategiaren azken dokumentuak ekarpen ugari txertatu ditu, edukia hobetu dutenak eta datuak eta aurreikuspenak eguneratu dituztenak.

Estrategiaren dokumentua bi liburukitan aurkezten da: I. Analisi Esparrua eta II. Esparru operatiboa. Lehenengoak analisirako oinarri gisa balio duten datuen eta erreferentzien multzoa eskaintzen du. Diagnostiko horren arabera, lehenik eta behin, emantzipazioaren atzerapenaren faktoreak ez dira materialak bakarrik, kulturalak ere badira.

Hala ere, materialen artean, denboran zehar elkarri lotutako eta metatutako hiru faktore nabarmentzen dira argi eta garbi: enplegua, etxebizitza eta errenta erabilgarria. Azken hamarkadetan, gazteen belaunaldiek ziurgabetasuna jasan dute enpleguan eta enpleguaren kalitatean; etxebizitzaren eskasia eta garestitasuna; eta, azkenik, errenta erabilgarri eskasak.

Bigarren gakoari esker, jarduera nagusiak 25-29 urteko adin-tartean ardaztu behar direla esan daiteke, eta, bereziki, emantzipatzen ez direnen edo emantzipazioa finkatzen ez dutenen artean; izan ere, enplegua izanda ere, ez dute horretarako errenta nahikorik.

Estrategiaren bigarren dokumentuak bost ardatzetan egituratzen den jarduketa-plana barne hartzen du: enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia. Ardatz horietako bakoitzari bi trakzio-proiektu lotzen zaizkio. Horrez gain, ardatz bakoitzaren barruan konektatutako beste ekimen batzuk edo ekimen osagarriak aipatzen dira, guztira 27 jarduera.

Estrategiaren helburua da 2030erako gazteen emantzipazio-tasa % 50era hurbiltzen laguntzea, eta maila horretan kokatzen da EB-27ko batez bestekoa (% 50,6). Emantzipatzeko batez besteko adinari dagokionez, helburua 28 urtetik beherakoa izatea da.

Estrategia horren irizpide nagusia da jada ezarritako politikak integratzea, trinkotzea eta optimizatzea, neurri eta jarduera berriekin batera, helburuen esparru berean. Azken batean, jarduteko sistema sinergiko bat konfiguratzea.

Estrategiaren berrikuntzetako bat Emantzipa programa bultzatzea da. 2024an, hilean 300 euroko laguntza artikulatzea ahalbidetuko du, bi urtez, 28.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat. Onuradunek etxebizitza libre bat alokatzeko edo erosteko kontratua izan beharko dute, eta aldez aurretik erroldatuta daudela egiaztatu beharko dute.

Ekimen garrantzitsua da, zalantzarik gabe, baina garrantzitsuena da ez dela ekimen isolatu bat. Belaunaldi gazteekin autonomia- eta bizitza- eta familia-proiektuak eraikitzeko prozesuetan lankidetzan aritzera bideratutako neurrien ekosistema baten parte da.

Bi urtetan, hilean 300 euroko laguntza emango zaie 25 eta 29 urte bitarteko gazteei, eta, horrez gain, honako laguntza hauek ere emango dira: hilean 200 euro seme-alaba bakoitzeko, hiru urtera arte; Gaztelagun programaren alokairurako laguntzak, hilean 300 eurora irits daitezkeenak; Haur Eskolen 0-2 urteko etapa doakoa; ondorengoengatiko zerga-kenkariak; edo bateragarritasunaren arloan indarrean dauden neurriak.

Eta horrekin batera, enplegua eta enplegurako prestakuntza sustatzeko neurrien multzoa, Gazte Enpleguaren Talka Planaren bidez, edo kohesioa sustatzeko eta bazterkeria prebenitzeko neurrien multzoa, DSBEa eskuratzeko adina aurreratuz edo Trapezistak Programaren bidez.

Azken batean, Estrategia honek erakundeen eta gizartearen arteko lankidetzarako gune bat bateratu nahi du. Horregatik, hain zuzen ere, Estrategia honek itun handi bat sustatu nahi du gazteriarekin eta gazteriaren alde. Hamar trakzio-proiektuetatik hamargarrena eta azkena, hain zuzen ere, helburu hori garatzera bideratuta dago. Herri-helburua da eta lehen mailako lehentasuna. Adostasunik zabalena bilatzea eskatzen du.

Gaur onartutako Estrategiak ikuspegi integral eta progresibo bat proiektatzen du, Gazteriaren Legearekin, Erronka Demografikoaren Estrategiarekin eta 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatuta dagoena. 

  1. eranskina. Aurrekariak

Estrategia hori egiteko lehen urratsak 2021eko uztailetik urrira bitartekoak dira. Horretarako, parte-hartze- eta kontsulta-prozesuak bultzatu ziren gazteekin, Focus Group metodologiaren bidez garatuta. Dinamika horiek, ondoren, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin (EGK) egindako kontraste-prozesuekin osatu ziren, bai eta nazioarteko emantzipazio-politikei buruzko azterlan konparatu batekin ere, Gazteen Euskal Behatokiaren webgunean eskuragarri dagoena.

2022ko martxoaren 10ean, 2/2022 Legea, Gazteriarena, onartu zen hiru, ardatz nagusirekin: gazteria-sistema eta -zerbitzuak sendotzea, gazteen parte-hartzea sustatzea eta emantzipazio-prozesuak sustatzea, batez ere adina aurreratzeko helburuan eraginez, 2030eko hamarkadaren horizontean 28 urte izan arte. Horrela, lege horrek estrategia horren edukiak kokatu behar diren esparru orokorra definitu zuen.

Bestalde, 2022ko maiatzaren 18an, Eusko Legebiltzarrak erronka demografikoari buruzko Osoko bilkura monografiko bat egin zuen. Onartutako 74 ebazpenak Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategiaren azken dokumentuan sartu ziren, zeina ekainaren 21ean onartu baitzuen behin betiko Gobernu Kontseiluak. Estrategia horrek lehentasunezko lau jarduera-ardatz eta 36 jarduera zehaztu zituen. Lehenengo ardatza gazteen emantzipazioa da. Emantzipazioari buruzko estrategia espezifiko eta monografiko berri hori harekin lerrokatzen da, eta bere jarduera-plana indartu eta zabaltzen du.

Modu osagarrian, 2022ko irailaren 22an, Lehendakariak Politika Orokorraren Osoko Bilkuran iragarri zuen Gazteria Zuzendaritza, ordura arte Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren barruan zegoena, Lehendakaritzaren egiturari atxikita geratuko zela, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren barruan. Berregituratze horren helburua da gazte-politiken, emantzipazioaren eta erronka demografikoaren sailen arteko eta erakundearteko koordinazioa sustatzea, zeharkako ikuspegi batetik.

Erronka demografikoaren estrategia sortzeko prozesuan gertatu zen bezala, kasu honetan ere sailen arteko koordinazio- eta lankidetza-lan handia egin behar izan da, eta, Lehendakaritzarekin batera, Lan eta Enplegu Sailak, Hezkuntza Sailak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak parte-hartze berezia izan dute proiektu traktoreen eta jarduera lotuen edo osagarrien eraketan.

Aurrekari horiekin, 2022ko abenduaren 7an, Gazte Emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia Gobernu Kontseiluari aurkeztu zitzaion, hasierako proposamen gisa. Une horretatik aurrera, bi hilabeteko epea ireki zen herritarren, erakundeen eta gazte-elkarteen sarearen ekarpenak jasotzeko.

Eusko Jaurlaritzak, gainera, agerraldia egin zuen 2023ko otsailaren 22an Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean, edukia aurkezteko. Horrez gain, Estrategiaren edukiak berrirakurtzeko eta hobetzeko prozesuan parte hartu dute aipatutako Sailek, eta, bereziki, Gazteen Euskal Behatokiak, datuak eta estatistikak eguneratzeari dagokionez.

Lehen aurkezpena egin zenetik (abenduaren 7a) 2023ko martxoaren 21ean Gobernu Kontseilura behin betiko onartzeko bidali den arte igaro diren hiru hilabete eta erdietan garatutako estrategiaren edukiak berrikusteko eta parte hartzeko prozesuari esker, ekarpen ugari egin ahal izan dira, edukiak hobetu edo datuak eta aurreikuspenak eguneratu dituztenak. 

  1. eranskina. Jarduketa-planaren aurkibidea

Hona hemen Gazteen Emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategiaren Jarduketa-planaren aurkibidea:

  • 1. ardatza. Enplegua (eta enplegurako prestakuntza)
  • I. trakzio-proiektua. Gazte Enplegurako Talka Plana (Berpiztu Programa): 13.500 lanpostu sortzea 2023-2024 aldian.
  • II. trakzio-proiektua. Gazteen enpleguaren aldeko akordioa bultzatzea Elkarrizketa Sozialaren Mahaian.
  • Jarduketa konektatuak eta/edo osagarriak enplegu arloan.
  • 2. ardatza. Etxebizitza
  • III. trakzio-proiektua. Emantzipazioa Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean sartzea, etxebizitza-sustapen publikoetan gazteentzako kupoa handitzea eta jarduera berritzaileak bultzatzea.
  • IV. trakzio-proiektua. Gaztelagun programa: laguntzaren zenbatekoa handitzea, Programa urtero eguneratzea eta sartzeko baldintzak hobetzea.
  • Jarduketa konektatuak eta/edo osagarriak etxebizi­tza arloan.
  • 3. ardatza. Errenta
  • V. trakzio-proiektua. 25 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipaziorako laguntza ekonomikoen Emantzipa Programa abian jartzea.
  • VI. trakzio-proiektua. Ekintzailetza-, prestakuntza- edo etxebizitza-proiektuetarako mailegu-programa garatzea.
  • Jarduketa konektatuak eta/edo osagarriak errenta arloan.
  • 4. ardatza. Kohesioa
  • VII. trakzio-proiektua. Trapezistak programa garatzea, 25 urtera arteko familia-laguntzako sarerik gabeko gazteei laguntzeko.
  • VIII. trakzio-proiektua. Zaurgarritasun-egoeran dauden gazteei (18 urtetik gorakoei) laguntzeko neurriak garatzea.
  • Jarduketa konektatuak eta/edo osagarriak kohesio arloan.
  • 5. ardatza. Erresilientzia
  • IX. trakzio-proiektua. Aholkulari­tza eta lagun­tza pertsonalizatuko zerbitzua, autonomia-ibilbideak eta emantzipazio-kultura berria bultzatzeko GAZ Zerbitzua sortzea; bai eta Ameslariak Programa garatzea ere.
  • X. trakzio-proiektua. Basque Deal for Youth (Herri-ituna gazteekin eta gazteen alde).
  • Jarduketa konektatuak eta/edo osagarriak erresilien­tziaren eremuan.

Jarduera-plan honek, halaber, zeharkako ardatz gisa hartzen ditu aurrekontu-kudeaketari, urteko jarraipen-memoriei eta ebaluazioari dagozkien atalak, eta bi eranskinekin osatzen da: lehenengoan, gazteriarekin eta gazteriaren aldeko herri-itun baterako abiapuntuen proposamena jasotzen da; bigarrenean, berriz, Gazteen Emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategiaren adierazleen taula aurkezten da.