Hezkuntza sailak 5,7 milioi euro bideratu ditu Arrasate Herri Eskola handitzeko eraikin berria egiteko (Gobernu Bilera 2023-3-21)

0
  • Eraikin berriak Lehen Hezkuntzako sei gela eta gimnasioa hartuko ditu, besteak beste

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, 5.731.067,15 euro bideratzea Haur eta Lehen Hezkuntzako Arrasate Herri Eskola ikastetxea handitzeko eraikin berria egiteko, Arrasateko Musakola auzoan.

Orotara 3.552 metro karratuko azalera eraikia izango du eraikin berriak, lau solairutan banatuta (beheko solairua + horren gaineko 3 solairu), eta gaur egungo eraikinaren jarraipen gisa planteatzen da, komunikaziorako gune bertikalen bidez lotua, Elkano kalearekin lerrokatuta. Horretarako, egungo aterpea kendu egingo da dagoen lekutik eta eraikin berriak hartuko duen gimnasioaren azpian beste aterpe bat sortuko da. Eskolaren eraikin txikia ere –gaur egun hutsik dagoena- eraitsi egingo da, berriari leku egiteko.

Barruan, besteak beste, Lehen Hezkuntzako sei gela eta gimnasioa hartuko ditu. Gimnasioa – aldagelak barne – lehen solairuan kokatuko da, eraikin nagusitik nabarmenduta geldituko den irtengune gisa. Irtengune honek sarrerako atari eta jolastoki estalia sortuko ditu bere azpian. Jangela eta officea beheko solairuan kokatuko dira.

Lehen Hezkuntzako eraikin berriak ipar-ekialderako orientazio egokia izango du, eta espazio guztiei argiztapen neutroa emango zaie, egungo eraikinean dauden gelekin jarraitutasunez. Zirkulazio-espazioak, bestetik, jolastokiko espazio libreetarantz eta hegoalderantz irekitzen dira. Kanpoko joko-gune horiek, hain zuzen ere, ipar-mendebaldeko orientaziotik babestuta geratuko dira eraikin berriarekin.

Kanpoko aldeetan, fatxada aireztatuak izango ditu eraikin berriak. Eraginkortasun termiko handiko fatxada da, teilatutik zimenduetarainoko inguratzaile isolatzaile jarraitu baten bidez, horrela zubi termikoak saihestuz. Era berean, kanpoko arotzeriari dagokionez ere, ezaugarri nagusia zubi termikoaren haustura izango da, isolatzaile akustikoarekin eta eguzki-kontrolarekin, isolamendu termiko eta akustiko egokia lortzeko.

Arrasate Herri Eskola HLHIren eraikin berriaren instalazioen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Lehen Hezkuntzako 6 gela
  • Informatika/ingeleseko gela
  • Musika/plastika gela
  • Banaketarako 2 gela
  • Psikomotrizitate gela
  • Erabilera anitzeko gela
  • Liburutegia
  • Gimnasioa + aldagelak (255 m²)
  • Jangela + officea (207 m²)
  • Aterpeko gune estalia (247 m²)

Eraikitako azalera guztira: 3.552,09 m²

Lizitazio prezioa: 5.731.067,15 (BEZ barne)

Proiektuak 17 hilabeteko exekuzio epea izango du, lanak hasten direnetik zenbatzen hasita. Gobernu Kontseiluak lan hauek burutzeko gastua onarturik, Hezkuntza Sailak berriro abiatuko du eraikuntza-proiektu hori esleitzeko prozesua. Aurreko lizitazioan esleitu gabe geratu zen, enpresa esleipendunak uko egin ondoren. Oraingo honetan, Hezkuntza Sailak prezioa eguneratuta eta %26 handituta atera du proiektua lizitaziora.