ITP Aero konpainiak BIND 4.0ko startupak eta partnerrak gonbidatu ditu haren eraldaketa digitaleko proiektuak ezagutzera

0
PRUEBA

BIND 4.0 berrikuntza irekiko plataformaren azelerazio-programaren startupak ITP Aero motor aeronautikoen konpainia liderraren egoitzan izan dira gaur goizean, Bizkaiko Parke Teknologikoan. ITP Aero —BIND 4.0rekin lankidetzan dihardu 2016ko lehen ediziotik, programaren partner enpresa gisa— aeronautika-konpainia liderra da estatuan I+G+Bko inbertsioari dagokionez, eta aitzindaria da berrikuntza-proiektuak garatzen startupekin lankidetzan. Ibilbide horretan, konpainiak BIND 4.0 plataformarekin lankidetzan egindako azken soluzio teknologikoak eta kasu arrakastatsuak erakutsi dizkie 40 parte-hartzaileei.

Bisita horren bidez, BIND 4.0ko azelerazio-programako startupek, ITP Aeroren eskutik, beren produkzio-prozesuen eraldaketa bertatik bertara esperimentatu eta ikusi ahal izan dute, hainbat teknologia disruptibo aplikatzeari esker, hala nola big data, adimen artifiziala, zibersegurtasuna, robotika eta ikusmen artifiziala.

Gainera, ikerketa- eta berrikuntza-proiektuen bidez, ITP Aerok adierazi du etorkizuna motor eraginkorrago berrietan eta erregai jasangarrien erabileran dagoela; horretaz gain, fabrikazio-teknologien bikaintasunean jarri du arreta, fabrikazio gehigarria eta digitalizazioa barne hartuta. Nabarmendu behar da munduan jarduten duten hegazkinen erdiak baino gehiagok ‘Made in Euskadi’ teknologiarekin ITP Aeron diseinatutako eta fabrikatutako produktuak dituela.

Programaren lehen ediziotik ITP Aerorekin lankidetzan aritu diren startupen artean, honako hauek daude: Zylk Industry, RELYUM by SOC-E, TEDCAS, Nordbo Robotics, Ega Solutions eta Steering Machines. Aurten, konpainia liderrak azelerazio-programan parte hartzen duten startupekin lan egingo du berriro, Zamudioko instalazioetan lana sustatu eta erraztuko duten tresna aurreratuak garatzeko.

Startupez gain, berrikuntza irekiko plataformako beste enpresa parte-hartzaile batzuk ere egon dira bisitan, startupekin lankidetzan teknologia berriak garatzeko esperientziak eta jardunbide hobeak trukatzeko helburuarekin.

Bisitan BIND 4.0eko startup eta enpresei lagundu dien Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendari Leyre Madariagarentzat: “zalantzarik gabe, esperientzia hau aukera bikaina da ikusteko zer prozesuk izan duten hobekuntza teknologia berrien aplikazioarekin, eta zein erronka dituen ITP Aero bezalako erreferentziazko enpresa batek. Izan ere, BIND 4.0ren proiektu asko garatzen diren arlo nagusietako bat fabrikazio aurreratua da, eta, horregatik, ITP Aerok startupekin lankidetzan aritzearen aldeko apustua egin du, bere lantegi adimendunen eraldaketa digitalean aurrera egiteko funtsezko ildo estrategiko gisa. Eraldaketa digital horretan, startupek arintasuna, soluzio espezializatuak eta efizientzia eskaintzen dute, eta horregatik, ITP Aero bezalako gero eta enpresa gehiagok berrikuntza irekiarekin bat egiten dute”, esan du.

ITP Aeroko Teknologia eta Ingeniaritzako zuzendari exekutibo Erlantz Cristobalentzat “BIND 4.0 programaren esparruan startupekin lankidetzan aritzeak ikuspegi berritzailea ematen digu, eta ITP Aeron izugarri baloratzen dugu hori, gure planteamendu teknologikoak modu bikainean osatzen dituelako. Gainera, programa hori, Eusko Jaurlaritzak garatu eta bultzatutakoa, lankidetza publiko-pribatuaren arrakastaren adibide argia da, garapen teknologikorako eta berrikuntzarako formula gisa”.