Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bi milioi euro bideratuko ditu lantokietan euskararen erabilera areagotzeko Lanhitz deialdira

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2023ko Lanhitz deialdia. Lantokietan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntzak ematea da deialdiaren helburua. Guztira, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, bi milioi euroko aurrekontua bideratuko du deialdi honetara eta lau motatako jarduerak lagunduko dira diruz:

  • Lehenengo multzoa: 150.000 euro banatuko dira entitatean euskara planik izan gabe, euskararen erabilera edota presentzia sustatzeko jardueretan.
  • Bigarren multzoa: entitatean euskararen egoeraren diagnostikoa egin eta euskara plana diseinatzea, eta, nahi izanez gero, abian jartzea ekintza solteak eginez. 200.000 euroko diru partida dago horretarako.
  • Hirugarren multzoa: entitatearen euskara plana eta urteko kudeaketa plana oinarri izanda, euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko jarduerak. 1,1 milioi euro bideratuko dira multzo honetara.
  • Laugarren multzoa: entitateko euskara planak ibilbide luzea izanda, edo euskararen kudeaketan maila aurreratuan egonda, euskara planetik harantzagoko hizkuntza proiektu estrategikoak garatzea. 550.000 euroko diru partida dago multzo honetako proiektuak laguntzeko.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2022ko deialdian 143 dirulaguntza banatu ziren eta onuradun horien artean 42 entitatek lehenengo aldiz jaso zuten dirulaguntza.