- Ukrainako gerraren ondorio kaltegarrien aurrean, Eusko Jaurlaritzak 38 milioi euro inguru bideratu ditu ustiategien eta enpresen itxiera ekiditeko
- Laguntzak baliagarriak izan dira epe koiuntural batean, baina sektoreak bere lanaren aitorpen erreala, duina eta bidezkoa behar izan du eta hori produktuen prezioan islatuta geratuko da
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia buru izan da Euskadiko Familia Nekazaritzako Eskualde Batzordeak (CRAF) gaur goizean Derion egindako bileran. Erakunde hori irabazi asmorik gabekoa da eta Familia Nekazaritzarako Nazio Batuen hamarkadaren esparruan sortu zen. Horrez gain, Euskadiko elikakate osoko erakunde sektorial eta profesional ugari biltzen ditu.
Topaketan zehar, Tapia sailburuak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuorde Bittor Orozen laguntza izan du, eta Eusko Jaurlaritzak elikaduraren balio-kateari ematen dion babes irmoa erakutsi nahi izan du, sektore primariotik hasi, elikaduraren industriatik igarota, banaketa ahaztu gabe, eta, azkenik, kontsumitzaileengana heldu arte.
Bileran Euskadiko Kontsumitzaileen Batasuneko, EHNE eta ENBA sindikatuetako, EROSKIko, KONFECOOPeko, LORRAko, LURGINTZAko eta Munduko Landaguneko ordezkariek parte hartu dute, bai eta CRAFeko kideek eta Euskadiko Elikaduraren Clusterrak ere.
Finantza-tresnak
Euskadiko elikakatea defendatzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak irmo jarraitzen du sektoreak pandemiatik, intsumoen prezioen igoeragatik, Ukrainako krisiak sektorearen errentagarritasunean izan dituen ondorio negatiboengatik eta beste zenbait egoeragatik bizi izan dituen zailtasunen ostean.
Agertoki horretan, elikakateari lotutako ustiategien eta enpresen itxiera ekiditeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak zenbait kontigentzia-jarduketa egin ditu, besteak beste elikadura sektoreari bideratutako 38 milioi euroko laguntzak.
Laguntzak baliagarriak izan dira epe koiuntural batean, baina sektoreak bere lanaren aitorpen erreala, duina eta bidezkoa behar izan du eta hori produktuen prezioan islatuta geratuko da.
Prezioen behatokia
Helburu horrekin aurrera egiteko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Hazi Fundazioaren bidez eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren abalari esker, iaz martxan jarri zuen Euskadiko Elikakateko BEHATOKIA. Besteak beste, balio-katearen eragileen multzoa orientatzen duten erreferentziazko kostuak kalkulatzen ditu. Era berean, Eusko Jaurlaritzak ikuskatzaileen kidegoa handitu du; 6 gailu ditu elikakateari buruzko Legean xedatutako kontrol-zereginak egiteko.
Modu osagarrian, Eusko Jaurlaritzak elikakateko eragileak gonbidatu zituen. Eragile horiek modu boluntarioan gehitu ziren Euskadiko Elikadura Sistemaren Enpresa Jardunbide Egokien Kodera. Horren bidez, elikaduraren balio-kate horretan dihardutenen arteko merkataritza-harremanen oinarria diren printzipioak ezarri dira. Gaur egun 25 erakunde eta elkarte baino gehiago daude konpromiso horretara atxikita.
Jardunbide egokien kode horretara atxikitzearen xedea da Euskadiko elikadura-sektoreko eragile guztien lankidetza sustatzea, elikakateko gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasuna bermatze aldera. Horretarako, sektore primarioa balioetsi nahi da eta gardentasun handiagoa lortu merkataritza-jardueretan, prozesu hori guztia hobetzeko, produktuen ekoizpenetik merkaturatzera.
Familia-nekazaritza ezinbestekoa da elikagai seguruen eta jasangarrien beharraren erronkari, krisi klimatikoari, lurraldearen egituratzeari eta herritarren ongizateari erantzuna emateko; horregatik, Eusko Jaurlaritzak dei egiten die Euskadiko biztanle guztiei, babesa erakuts dezaten, tokiko produktuen kontsumoaren bidez.
Euskadiko Familia Nekazaritzako Eskualde Batzordea
Euskadiko Familia Nekazaritzako Eskualde Batzordea (CRAF) Familia Nekazaritzaren Nazio Batuen Hamarkada 2019-2028ren esparruan sortu zen, familia-nekazaritza indartzeko eta euskal ekoizle txikien bizitza hobetzeko xedearekin. Egiten dituen jardueren artean, honako hauek nabarmendu ahal dira: publizitate- eta komunikazio-kanpainen diseinua, eztabaida-jardunaldien antolaketa eta elkarrizketaren eta erakundeekiko lankidetzaren sustapena.
Alfredo Montoyak zuzentzen du eta Munduko Landaguneak idazkari tekniko gisa parte hartzen du. Gaur egun, honako hauek osatzen dute Batzordea: Basque Culinary Center, Bizilur, Arkaute Nekazaritzako LHII, EGK Euskadiko Gazteria Kontseilua, EHNE-Bizkaia, ENHE Gipuzkoa, EHKB-UCE Euskadiko Kontsumitzaileen Batasuna, EKA-ACUV Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, ELIKA, ENBA-Gipuzkoa, ENBA-Bizkaia, Eroski, Eusko Ikaskuntxa, Munduko Landagunea, Cándido Iturriaga y María Dañobeitia fundazioa, HAZI, Konfekoop, Landa XXI, LURSAIL, Mendinet, UAGA eta UN Etxea.