Euskal pilotaren arkitektura protagonista Euskadiko Arkitektura Institutuaren erakusketa berrian

0
  • Euskal pilotak eta hura jokatzeko espazioek Euskal Herrian bizi izan duten elkarrekintzaren ondorioz jaiotako espazioen barietate formala jasotzen du erakusketak: herri eta hirietan aurretik zegoen arkitektura egokitu eta integratzetik berea izatera.
  • ‘Pilotalekuak. Hutsunea eraikiz’ lehen pilotasoroetatik, non paretarik ere ez zegoen, euskal kulturaren eta arkitekturaren ikono diren gaur egungo frontoi estandarizatuetaraino doazen espazioak biltzen ditu. Planoen, bideoen, argazkien, maketen, postal zaharren eta mendeetan zehar modalitate desberdinetan erabili diren tresnen bilduma baten bidez egiten du hori.
  •  Frontoiak, pilota plazak, erreboteko paretak… Arkitektura honen tipologia oso anitza da. Jokorako espazio paregabeak dira eta hainbat izen dituzte, baina guztiak pilotalekuak dira, eta horien elementu komun eta iraunkor bakarra jokoa bera hartzeko eraikitzen duten hutsunea da.

‘Pilotalekuak. Hutsunea eraikiz’ Euskadiko Arkitektura Institutuaren erakusketa berria ireki dute gaur Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendari Pablo García Astrainek, Gipuzkoako Kultura diputatu Mari Jose Telleriak eta Institutuko zuzendari José Ángel Medinak. Jokoak ingurune eraikiarekin izan zuen elkarreraginagatik bizi izan zuen bilakaeraren historia jasotzen du, baita euskal pilotaren modalitate eta behar berriei erantzuteko arkitekturaren beraren garapena ere. Erakusketa lehen pilotasoroetatik gaur egungo frontoi handietara doa, tipologia ezberdinak eta Euskal Herriko herri eta hiriekin duten harremana aztertuz. Guztiak hain bereziak eta izen ezberdinekoak, baina guztiak ere pilotalekuak -pilota jokorako tokiak-. Eta horiek guztiek elementu komun bakarra dute: eraikitzen duten hutsunea, jokoa bera hartzeko behar den hutsunea.

Daniel Carballo arkitekto doktore eta UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasleak komisariatu du, eta urriaren 1era arte irekiko ditu ateak. Argazkien, bideoen, planoen, maketen eta postal zaharren bidez, besteak beste, kirol honek gure lurraldean duen aztarna ezabaezina jasotzen da, adibide berezi askorekin: Guardiako (Araba), Otxandioko (Bizkaia), Aizarnako (Gipuzkoa), Urrotzeko (Nafarroa) eta Sarako (Labort) pilota plazak, besteak beste. Euskal kultura herrikoia markatu duen kirolik bada, bere iruditeria kolektibotik hasi eta bere herrietaraino, pilotarena da. Gure gizartean, Erdi Arotik aurrera, modalitate autoktonoak modu herrikoian jokatzen hasi ziren urbanizatu gabeko zelaietan edo plaza eta kaleetan bertan, eta, gaur egun, milaka lagunentzako harmailak dituzten kantxak ere badaude. Maria Cristina erreginaren kirol ikuskizun gogokoenetako bat izatera ere iritsi zen. Izan ere, sarritan Ategorrietako Jai Alaian (1877), lehen pilotaleku industrialean, lehiaketen buru izaten zen.

Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendari Pablo García Astrainek adierazi duenez, «erakusketa honek argi erakusten du zer lortu nahi den Arkitektura Institutuarekin: egunero bizi dugun ingurune eraikiari buruzko ezagutza ematea eta zabaltzea, haren balio garrantzitsuaz gehiago jabetu gaitezen eta hobeto zain dezagun. Frontoia bakarra da, euskal kulturak arkitektura unibertsalari egiten dion benetako ekarpena».

Bazegoen arkitektura integratzetik berea izatera

Euskal Herrian pilota-jokoari eskainitako espazioa kirol- edo aisialdi-instalazio hutsa baino askoz gehiago izan da historikoki: biztanleengan duen errotzea modu paregabea izan da herriguneetako plaza nagusi gehienak eratzeko.

‘Pilotalekuak. Hutsunea eraikiz’ erakusketak kontatzen du ezin daitekeela euskal pilotaren bilakaera ulertu arkitekturarik gabe, eta alderantziz. Bere jatorri herrikoia eremu soiletan aurkitzen da, ‘pilotasoro’ deituak. Urbanizatu gabeko lursailak ziren, non herri xeheak, bere aisialdian, bote luzea jokatzen zuen, taldeak aurrez aurre -joko luzea- eta hormarik gabe.

Jokoak ospea hartu zuen eta hiri-inguruneetan garatu zen. Han hasi zen aurrez eraikitako elementuekin elkarrekin bizitzen eta integratzen. Elementu horiek espazioak mugatzen zituzten, eta, askotan, jokoaren premia berriek aldatu ere egiten zituzten. Jokoaren bilakaera teknologikoarekin eta ingurune eraikian izandako sendotzearekin, pixkanaka sofistikatuz joan zen. Esate baterako, bote luzeak eskularruaren erabileran izan zuen bilakaeran, pilota urrunago jaurti ahal izatean, plaza osatzen zuten eraikinetan edo hormetan errebotea ematea baimentzen zen, hala nola elizetan edo harresietako hobietan.

Jokoak eboluzionatzen jarraitu zuen pareta bere ezinbesteko ikonoetako bat izatera pasa zen arte: Plekako jokoa iritsi zen. Modalitate horretan bi taldeak zelaia partekatzera pasatzen dira -joko motza- eta pilota frontisera jaurtitzen dute. Horrek horma independenteak eraikitzea ekarri zuen, pilota-jokorako plazen eraikuntza-garapenaren mugarri eta gertaera bereizgarria, Euskal Herrian lehen aldiz eta modu berezian gertatzen den fenomenoa. Geroago, lehen frontoiak sortu ziren, hiru funtsezko elementuz osatutako tipologia: frontisa, zoladura eta alboko pareta, hasieran eskuinean edo ezkerrean zegoena.

Erakusketako azken zatia frontoi modernoari eskainia dago, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran asmatu zena. Kirolak hainbesteko ospea lortu zuen, non bere hedapenak Euskal Herriko mugak gainditu baitzituen, eta Espainiako gainerako herrialdeetara ez ezik, mundu osora ere iritsi zen. Negozio-ikuskizun bihurtuta, euskal pilotak ikusi zuen bere pilotariak ozeanoaren beste aldera esportatzen ziren izar bihurtzen zirela, eta bere zelaiak, pribatizatuta, milaka pertsona hartzen zituztela. Erakusketak azken etapa hori aztertzen du, argazkien, marrazkien, planoen eta bederatzi frontoi handiren sekzioak eta solairuak -horien artean Miamiko frontoi bat, mundu osoan edukiera handienetakoa zuena- biltzen dituen panel baten bidez, eskala berean konparatuta.

Programa eta material osagarriak

Jokoaren eta bere arkitekturaren historia eta bilakaera Euskadiko Arkitektura Institutuan jasota geratu dira, eduki desberdinen bidez: EITBren ‘Jai Alai’ erreportajeko ‘Joko zaharrak’ kapitulua; antzinako jokorako tresnen bilduma (laxoarentzako eskularru luze eta laburra, pilota ezberdinak…) eta modernoak (xisterak, palak…); jatorrizko materialak, hala nola Iruritako (Nafarroa) botiloa; pilota plaza ideal baten eskalako berregitea; frontoi ezberdinetako postal historikoak; eta Guardiako (Araba), Otxandioko (Bizkaia), Aizarnako (Gipuzkoa), Urrotzeko (Nafarroa) eta Sarako (Lapurdi) pilota plazen maketak, planoak eta argazkiak, jokoaren ezarpen-maila desberdinei dagozkienak (horma bakarrekoak, bikoak, harresi bati erantsitako horma batekoak eta hormarik gabekoak), besteak beste.

Hainbat jarduera izango dira erakusketarekin batera, programa osagarri gisa: lehenik eta behin, klaustroa laborategi bihurtuko da, eta, hiru saioko bi tailerren bidez, parte-hartzaileek pilotan aritzeko hainbat horma-tipologia eraikiko dituzte, blokeekin. Bigarrenik, apirileko, maiatzako, ekaineko eta iraileko azken ostegunetan, publikoak doako zinema-saioez gozatzeko aukera izango du Euskadiko Arkitektura Institutuan, pilotalekuekin zerikusia duten filmak proiektatuko baitira. Gainera, hitzaldi sorta baten bidez, arkitektonikoak ez diren alderdietan sakonduko da: pilotalekuak ondare gisa, kirol gisa, gizarte-indar gisa… Azkenik, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergora bitarteko eskola-taldeek doako bisita gidatuak izango dituzte erakusketara. Laster informazio guztia www.eai.eus webgunean.

Erakusketaren eduki osoaren osagarri, Euskadiko Arkitektura Institutuaren webguneak mundu mailan erregistratutako ia 4.800 frontoiko mapak ditu, euskal arkitektura-tipologia horrek bost kontinenteetan, Filipinetatik Reunion edo Brasileraino, izan duen eraginaren erakusgarri.

Informazio gehigarria