Eusko Jaurlaritzak egia eskatu du hiru desagertuen kasuan, gertakarietatik 50 urte bete direnean

0

• Gertatutakoa ezagutzen dutenei gorpuzkiak non dauden jakinarazteko eskatu die Eusko Jaurlaritzak
• Ekitaldi bateratu batean, Eusko Jaurlaritzak eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak José Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan García Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga omendu dituzte
• Hiru gazteak, ETAren terrorismoaren biktima gisa aitortuak, Donibane Lohizunen desagertu ziren duela 50 urte

Eusko Jaurlaritzak, Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak omenaldia egin diete gaur goizean, Gasteizen, 1973ko martxoaren 24an Donibane Lohizunen desagertarazi zituzten jatorri galiziarreko hiru gazte irundarrei.
José Humberto Fouz Escobero (28 urte), Jorge Juan García Carneiro (23 urte) eta Fernando Quiroga Veiga (25 urte), ETAren biktima gisa aitortuak -behartutako desagertu gisa-, Eusko Jaurlaritzak eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak elkarrekin egin duten lehen ekitaldian gogoratu eta ohoratu dituzte; Eusko Jaurlaritzak terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak gogoratzeko egiten dituen aitorpenenetan, gertakarien 50. urteurrenean.
Ekitaldian hartu dute hitza José Antonio Rodríguez Ranzek, Eusko Jaurlaritzako Memoria, Giza Eskubide eta Lankidetzako sailburuordeak, Denis Itxasok, Gobernuaren Euskadiko ordezkariak, Florencio Domínguezek, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroko zuzendariak, Coral Rodríguez Fouzek, José Humberto Fouzen ilobak, eta Adolfo Garcia Ortegak, idazleak.
Bere hitzaldian, José Antonio Rodríguez Ranzek, Eusko Jaurlaritzak biktimen memoriarekin eta aitortzarekin duen konpromisoa berresteaz gain, indarrez desagertutako hiru gazteen kasuan egia argitzeko deia egin du: “Egia judizialetik harago. Eta egia, era berean, exijentzia ere badena. Zer gertatu zen eta José Humberto, Jorge Juan eta Fernandoren gorpuak non dauden dakitenekiko exijentzia. Izan ere, lehen printzipio gisa nazioarteko zuzenbideak aldarrikatzen duen egia, aldarrikatzen dugun egia, Joseren, Jorge Juanen eta Fernandoren egia ere bada. Iraungitzen ez den egia.”
Ildo horretan, printzipio etikoak eta balio demokratikoak defendatzeko eta horrelakoak ez errepikatzeko konpromisoa ere aipatu ditu Rodriguez Ranzek. “Konpromiso irmoa inoiz gehiago ez. Inoiz gehiago ez terrorismoa eta indarkeria arma politiko gisa erabiltzeko tentazioa. Inoiz gehiago totalitarismo zahar eta berrien tentazioa”.
Gaur, martxoak 24, Giza Eskubideen Urraketa Larriei eta Biktimen Duintasunari dagokienez Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna dela eta, sailburuordeak honako hau adierazi du: “Giza eskubideak – pertsona guztientzako eskubide guztiak – defendatzeko, bermatzeko eta sustatzeko konpromisoa, eta guztion artean guztion eta guztiontzako herrialdea eraikitzeko konpromisoa”
Egun horren oroitzapenaz eta egia jakiteko eskubideaz mintzatu da halaber Coral Rodríguez Fouz, José Humberto Fouzen iloba. Hiru desagertuen familien izenean egin du, gainera.
Ekitaldian, hitzaldien ondoren, José Antonio Rodríguez Ranz sailburuordeak eta Florencio Domínguez Oroimenezko Zentroko zuzendariak desagertzearen 50. urteurrena oroitzeko oroigarriak eman dizkiete Coral eta Isabel, José Humberto Fouz ahizpei eta Ana Rodríguez Fouz ilobari, biktimen hiru familien izenean.
Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Memoria, Giza Eskubide eta Lankidetzarako sailburuorde José Antonio Rodríguez Ranzez eta Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro ez ezik, Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua ere izan da.
Ekitaldian izan dira: Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea; Nafarroako Gobernuko Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetako sailburua eta Blanca Burusko, Gobernuko Biktimei Laguntzeko Bulegoko burua; Pedro Elosegi, Arabako Batzar Nagusietako presidentea; Eusko Legebiltzarreko giza eskubideen batzordeko kideak; Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko, Coviteko eta Fernando Buesa Fundazioko ordezkariak eta Polizia Nazionaleko, Guardia Zibileko eta Defentsa Ministerioko tokiko arduradunak.

50 urte desagertu arazi zituztenetik
José Humberto Fouz Escobero (28 urte), Jorge Juan García Carneiro (23 urte) eta Fernando Quiroga Veiga (25 urte), lagunak, Irungo bizilagunak eta galiziar jatorrikoak, 1973ko martxoaren 24an desagertu ziren Donibane Lohitzune inguruan. Gaur egun ez da jakinekoa non dauden eta desagertzearen nondik norakoak ez dira argitu.
EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, txosten bat egin zuen, kasuaren kronologia, ibilbide judiziala, kazetaritza-informazioak eta, azkenik, egileek zenbait gomendio jasotzen dituena. Horien artean, “desagerpen honekin loturiko gertaerei buruzko informazio eguneratua emateko eta herritarrak kolaboratzera bultzatzeko, datu berriak eman daitezen, egiaz zer gertatu zen jakiteko eta/edo, gutxienez, José Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan García Carneiro eta Fernando Quiroga Veigaren gorpuzkiak aurkitzeko”.
Txostenak ondorioztatzen du, halaber, egindako ikerketa, bai Espainian bai Frantzian, “oso eskasa” izan zela hasieratik, eta ez zegoela “ikerketa argitzeko gutxieneko mugaz gaindiko lankidetzarik ”.
Egileek adierazi dute, ildo horretan, gertakariak ez direla iraganekoak, eta ikerketarik ez egotea orainaldiko aldarrikapen bat dela, agintari eskudunak eta gizarte osoa zuzenean konprometitzen dituena.

Informazio gehigarria