90.000 eskaera EAEko Administrazio Orokorrean enplegu publikoa finkatze prozesuan parte hartzeko

0
  • Datorren astean hasiko da Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak bete nahi dituen 3.700 plazetatik 949 deitzen dituen hautaketa prozesuaren hirugarren deialdia.
  • Hirugarren fase honetako lehen probak datorren astean egingo dira eta ekainean egingo diren probekin osatuko dira; orotara 15.000 pertsona inguruk eman dute izena fase honetan

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean enplegu publikoa finkatzeko prozesuak aurrera egiten jarraitzen du. Datorren astean hirugarren deialdiko lehen probak egingo dira, eta gainerakoak ekainean, guztira 949 plazatarako. Plaza horiek 14.610 pertsonen artean banatuko dira. Azken deialdia, laugarrena, oraindik itxi gabe dago eta bertan, behin-behinean, bostehun hautagai inguruk parte hartuko dute.

Iazko irailean abiatu zen enplegu publikoa egonkortzeko prozesuaren lau deialdietan 138 prozesu deitu dira (ia bi heren merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko prozesuen bidez, eta gainerakoak lehiaketa-oposizio prozesu berezien bidez). Horietan guztietan 90.000 eskabide inguru erregistratu dira baliozkoak. Pertsona batzuk bi edo hiru prozesutara aurkeztu dira. Prozesu horiek amaitzean, 3.700 plaza huts baino gehiago beteko dira EAEko Administrazio Orokorrean.

Hautaketa prozesua aste honetan hasiko da, astelehen eta astearte honetan Gasteizen egingo diren oposizio faseko probekin. Astelehenean, Eusko Jaurlaritzako Lan Arriskuen Prebentziorako Eskalarako eta Eskala Juridikorako azterketarako txanda izango da,  Jaurlaritzako abokatuen espezialitaterako, biak ala biak Europako Jauregian. Asteartean, hilak 28, Justizia Administrazioko organo tekniko laguntzaileetako gizarte-langile eta Ibaiondo ikastetxeko koordinatzaile izateko probak egingo dira, eta Administrazioaren eskalan, berriz, berdintasun espezialitatea egiaztatzeko proba, hiru azterketa hauek ere Europako Jauregian. Bestalde, hilaren 30ean, osteguna, Vitoria-Gasteizko UNEDen egoitzan, Mantentze lanetako teknikari, Kaizainburu eta Mekanikari gainbegiralerako probak egingo dira.

Hirugarren deialdi hau osatuko duten probak ekainean zehar egingo dira, eskala gehienetan Gasteizen, baina kasu batzuetan Barakaldoko BECen. Azterketak eskala hauetako lanpostuetarako izango dira: Meatzeak, Arrantza, Kartografia, Ontzigintza, Haziak, Azpiegiturak, Laborategia, Osasun Publikoa eta Epidemiologia, Artxiboa-Liburutegia-Dokumentazioa, Gizarte eta Lan Arreta, Medikuntza, Peritu Judiziala, Nekazaritza eta Abeltzaintza, Industria, Ingurumena, Giza Baliabideak eta Prestakuntza, Farmazia, Larrialdiak eta Meteorologia, Laborategia-Osasun Ikuskaritza, Ingurumena, Kultura Administrazioa, Prentsa eta Argitalpenak, Nekazaritza eta Abeltzaintza Sektorea, Albaitaritza, Kudeaketa Informatika eta Informazio Sistemak.

Gainera, laugarren deialdi bat ere egongo da, txikiagoa, bost eskala eta lan-kategoriatarako, salbuespenezko bidetik ebatziko direnak (merezimendu-lehiaketa) eta orain arte 500 eskabide inguru erregistratuta dituenak.

Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua lehiaketa bidez egiten da, eta deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztutako merezimenduak baloratzen ditu, hala nola antzeko lanpostuetan, titulazioetan edo hizkuntzetan emandako esperientzia urteak. Prozesu berezia lehiaketa oposizio bidez egiten da: lehenik, nahitaezko probak egiten dira, eta, gainditu ondoren, izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzen dira.

Informazio gehigarria